Borrar

Helmuga

Tony Romingerren jarratzailea izan nintzen. Indurainek beti irabazten zion eta suitzarrarekin solidarizatu nintzen

Txani Rodríguez

Jueves, 24 de marzo 2016, 00:55

Tony Romingerren jarratzailea izan nintzen. Indurainek beti irabazten zion eta suitzarrarekin solidarizatu nintzen. Aldiz, txapetara jolasten ginenean, Romingerren txapa garaile genuen maiz. Klaseko hormetan, lasterketa handiak baino lehen, txirrindularien zerrendak itsasten genituen: Perico Delgado, Bernard Hinault, Álvaro Pino Urte batzuen buruan, Miguel Indurain, Laurent Jalabert edo Claudio Chiappucciren izenak nagusitu ziren. Nire zaletasunak hemen dirau eta orain Mikel Landaren adorearekin disfrutatzen dut. Hala eta guztiz ere, leku mitiko bat dauka txirrindularitzak nire haurtzaroaren oroitzapenetan. Frantziako Tourra hasten zenean, udako oporrak ziren. Izozki bat jaten nuen sprint baten emozioa sentitzen nuen bitartean, edo mendi etapen epika ezartzen zenean, eta gero ibaira joaten nintzen bainu bat hartzeko.

Denboraren poderioz, literaturen bitartez jorratu dut nire txirrindularitza zaletasuna. Ander Izagirreren Beruna poltsikoetan saiakerarekin, Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da nobelarekin edo Jon Arretxeren Tubabu bidai kronikarekin gozatu dut. Aspaldiko kromo albumekin gozatzen nuen moduan.

Oroipen eta sentipen polit horiek guztiak belzten dira Galizian gertatu dena gertatzen den bakoitzean. Baliteke gidariak ez direla metro bat eta erdiko tartea uztearen garrantziaz jabetzen, edo ez dute ulertzen nolako arriskuak sortzen dizkieten txirrindulariei. Argi gelditzen ez bada, behin eta berriro azaldu beharko dira joera batzuen ondorioak. Errepideetatik, txirrindularien parean, geure haurtzaroa ere badoa: olgetan egoten ginen oroitzapena, udako egun lasaien oihartzuna, estresik gabe bizitzen gineneko gomuta. Zertarako hainbeste presa? Tony Romingerrek ez zuen inoiz Tourra irabazi. Ez zen lehenengoa heltzen frantziar sailkapen nagusira, baina duintasun handiarekin ailegatzen zen helmugetara. Heltzea, hori da helmuga bakarra; tartean, bidea beste batzuekin egin behar dugu, tentu handiarekin. Pertsonok mina hartzen dugu kolpeekin, gu ez gara aspaldiko txapa horiek bezain erresistenteak.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Helmuga