Paul Bilbaok eta Iñaki Lasak aurkeztu dituzte azterketaren emaitzak.

Hizkuntza politika ausartagoak eman ditu faltan Kontseiluak udaletan

'Udaletako hizkuntza politikaren azterketa' egin du hirugarren aldiz, eta ondorioetan azpimarratu du alor honetan oso udal gutxik egin dituztela urrats benetan eraldatzaileak

N. AZURMENDI

Miércoles, 6 de mayo 2015, 16:59

2006 urteaz geroztik, lau urtez behin egin eta plazaratzen du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 'Udaletako hizkuntza politikaren azterketa' delako ikerketa, Hego Euskal Herriari dagokionez udalen berrikuntza ekarriko duten hauteskundeen atarian. Oraingoan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako udalerriak aztertu dira, izan ere, lurralde bakoitzaren ziklo politikoak ... jarraituz egin da hirugarren azterketa hau. Orotara 119 udalerritan gauzatu diren hizkuntza politikak aztertu dira.

Publicidad

Gainerakoak ordezkatzeko egokiak diren udalerri horietan hizkuntza politikaren alorrean egin diren urratsak zehaztasun handiz zerrendatu dituen ikerketa, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Iñaki Lasa ildo politiko-instituzionaleko arduradunak azpimarratu dutenez, "datu bilketa gordina da, sukalderik gabekoa, ez dezan kutsu politikorik izan".

Aurten lehen aldiz Gaindegiak kudeatu duen ikerketaren izaera objektiboak mahairatu dituen datuak aztertuta -udalek beraiek emanak zein aparte egiaztatuak- heldu da Kontseilua ondorio orokorretara, eta horiek guztiak laburbiltzeko balio duen gogoetan badago etsipen puntu bat: "Udalen hizkuntza politika oso establea da, azken hamabi urte hauetan ez dugu aldaketa handirik ikusi. Gehiago espero genuen, baina ez dugu inon ikusi neurri iraultzailerik".

Notarik gabe aurten

Ikerketaren hirugarren edizio honetan utzi egin dio Kontseiluak udalen jarduera kalifikatzeari, baina notarik gabe bada ere modu oso zehatzean eta aldagai ugari kontuan hartuta deskribatu eta aztertu du hautatutako 119 udal horien jarduna. Bada kasu deigarriren bat -nagusia, UPNren eskuetatik Bilduren ardurapeko udala izatera igaro ondoren hizkuntza politikari dagokionez goitik beherako aldaketa izan duen Baztan-, baina bestela aurrekoengandik jasotakoari eutsi diote azken agintealdi honetan udal gehienek. Eta horrek ekarri du lehendik ere nabarmena zen desoreka mantentzea "neurri asistentzialen eta betearazleen artean"

Hain zuzen ere, aurrera egin da sustapenarekin zerikusia duten neurri asistentzialetan, baina neurri betearazle edo exekutiboetan ez da asko aurreratu, "eta horiek aplikatzen direnean emango da hizkuntza politika egokia". "2006an azkerketa egiten hasi ginenetik etengabe errepikatu den gaia da hau -esan du Paul Bilbaok-, neurri betearazleak ez hartzeak arazoak betikotu egiten baititu". Bilbaok adierazi duenez, "kontratazioetaz ari garenean, edo hizkuntza irizpideak ezartzeaz orokorrean ari garenean eragina duten neurriak dira. Eta azkenean, izaera betearazlea ez duten arauak homilia bihurtzen dira, izaera eragilea ez duten neurrian.

Publicidad

Alor sozioekonomikoan eskuratutako datuak bereziki kezkagarriak direla aipatu du Kontseiluko idazkari nagusiak. Udal askotan ez dago egitasmorik espazio sozioekonomikoa euskalduntzeko eta kasurik hoberenean dirua edo asistentzia, itzulpenak nagusiki, eskaintzera mugatzen dira. Arlo hau bereziki garrantzitsua da hizkuntza baten normalizazioan. Alde batetik, eguneroko bizitzan pertsonek arlo honetan ematen duten ordu kopuruagatik da garrantzitsua, baina ez hori bakarrik".

Eragin beharrean, egokitu

Kontseiluak antzeman du, hain zuzen, "udalek hizkuntza politikak egoera soziolinguistikoari egokitzen" dizkiotela, egoera aldatzen saiatu beharrean. Onartu dute Bilbaok eta Lasak urrats bat aurrerago joan nahi izan duten udalek -UEMAko kide direnak aipatu dituzte bereziki- jasan dituzten "eraso politiko-juridikoek" agian kikilduko zutela udalen bat baina, hala ere, kasu askotan "utzikeriari" leporatu diote anbizio eta ausardia falta.

Publicidad

Adibide gisa, hizkuntza politikagintzan udal bati nolabaiteko berme juridikoa eman diezaiokeen euskararen ordenantzarik gabeko udalen kopurua aipatu du Bilbaok, "harrigarria" bere hitzetan. Azterketareko erabili diren 119 udalerrietako errealitatean oinarriturik, esan daiteke Euskal Herri osoa aintzat hartuta udalen %58tik dutela ordenantza (%72k EAEn eta %65ek Nafarroan). "Oso portzentaia baxua iruditzen zaigu", diote txostenean. Ordenantzarik ez dutenen artean Bilbo da kasurik aipagarrienetakoa. Euskara zerbitzua, berriz, gehienek dute: aztertutako udal den-denek EAEn eta %91ek Nafarroan

Langile berrien kontratazioaren gaia ere aipatu du Kontseiluko eledunak. Langileen kontratazioaren gaiak ere kezkatu gaitu. Izan ere, oraindik ere langile kontratatu berriak euskaldunak izateko erabakia ez da orokorra ezta unibertsala ere. Horrek eragin zuzena du motibazio pragmatikoetan eta ondorioz, gisa honetako erabakiak hartze hutsak bultzada handia eman lekioke euskararen normalizazioari. Ikerketaren emaitza denak, baita horiek ustiatzeko aukera ugari ere, hemen.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad