Pedro Sánchez.

Iparrorratz bila

Idazkaritza nagusia berreskuratu ostean, Pedro Sánchez PSOEren norabidea berera egokitzen ari da. Aldaketa bururaino eramateko, baina, zatiketaren mamuari eta barruko zein kanpoko hainbat botere faktikoren oldarraldiei egin beharko die aurre

Joseba Arruti

Lunes, 26 de junio 2017, 01:18

Iazko urriaren 1eko Batzorde Federalean dimisioa aurkeztera behartu zuten sozialisten ordura arteko burua, eta atzeko atetik alde egitera bultzatu, kale gorrian utzi. Pedro Sánchez-ek garesti ordaindu zuen kargura heltzeko zenbait buruzagiren aldetik jasotako babesa. Lidergorako 2014ko primarioetako lasterketan, ordura arteko diputatu soil haren aitabitxi ... eta amabitxi izandako berberek hondoratu zuten bi urte pasatxo beranduago, batik bat errepikatutako hauteskundeen ostean botere faktiko horiek Mariano Rajoyren inbestidura ahalbidetzeko abstentzioaren aldekoak zirelako. Buruzagi gris izandakoa, teknokrata itxurakoa, presidentetzarako aurkeztutako bietan emaitza oso kaskarrak lortutakoa, bere lekua beste zenbaitzuri zor ziena, modu autonomoan ari zen bat batean. Zeharka izan arren Rajoyren alde egin behar ez izateko diputatu gisa dimisioa emandakoan, berezko distira hartu zuen halako batean, errebeldeei dagokien mistika atxiki zitzaion. Aspaldi bateko benetako buruzagitzari aurre egiteko adorea agertu izanak, idazkari nagusiez gaindi eragin erabakigarria zutenen aurka amore ez emateak, bestelako maila politikoa eman zioten egun batetik bestera, baita grina berezirik gabe zuzenean estrainekoz aukeratu zuten militante askoren artean ere.

Publicidad

Besteen esku egondako tarte baterako ordezkari antzekoa erraldoi bihurtu zuten bere aurka altxatu zirenek, abstentzioaren bidez PPri arnasa eman ziotenek. Eta ondare politiko horrekin ekin zion Sánchez-ek, benetako nortasun politiko propioa agertuta galdutakoa berreskuratu guran. Ordurako aski ezaguna zen PSOEn benetan eragiten zutenak Felipe González eta ingurukoak zein baroiak barrutik, eta zenbait hedabide kanpotik Susana Díaz-en alde ari zirela, erabateko garaipena lortu eta idazkari nagusi ohiaren itzala desagertarazteko asmoz zebiltzala. Andaluziako Juntako presidentearen hautagaitzaren aurkezpen ekitaldia horren isla izan zen, sekulako indar erakustaldia, Sánchez-en ingurukoak beldurtzeko eta sozialisten azken lau hamarkadetako ildo historikoarekin bat zetorren alternatiba bakarra zegoela ikus zedin prestatutakoa. Baina, maiatzaren 21eko primarioetako emaitzek agerian utzi zutenez, ez zuten asmatu ez sakoneko mezuarekin, ez urritik honako estrategiarekin eta ezta erdipurdiko hautagaiarekin ere. Ez zuten militantziaren ezinegona neurtzen jakin, eta Sánchez-ek parte hartze handiko primarioetako bozen erditik gora jaso zuen, Díaz hamarretik laukoan eta Patxi López %10era heldu ezinik utzita.

Garaipen horrek kezka bizia eragin zuen zenbait sektoretan. Galdu zutenen artean, jakina; baina baita Alderdi Popularrean eta Podemos-en ere. Rajoy ezin erosoago aritu zen sozialisten Batzorde Kudeatzaileak eman zion oxigenoarekin, eta Pablo Iglesias-ek ezkerraren erreferente nagusi bihurtzeko hainbat aukera ikusi zituen Andaluziako presidentearen balizko garaipenaren atzean. Sánchez gailentzeak batzuen eta besteen kalkuluak baliogabetu zituen. Legealdiak aurrera egiteko gerora bestelako alternatibak bilatu behar izan ditu PPk etsi-etsian, eta Podemos-en zentsura mozioak ez dio gura besteko bultzadarik eman hautagai modura aurkeztutakoari.

Hasiera batean aurkari zuzenengan eragindako ezinegona, baina, egunerokoarekin finkatu behar da, eta horretan ari da Pedro Sánchez. Patxi López eta horren inguruko batzuk baino ez ditu onartu alderdiaren aginte organoetan, kritikoen etorkizuneko aukerak murriztearren. Eta gairen batzutan irizpide propioa jarri du orain arteko jarreren gainetik, Kanadarekin sinatu beharreko CETA hitzarmenarekin oso oraintsu jazo den legez. Ondorioz, hasi dira zenbait erresistentzia nabarmentzen, barrutik sortutako haserreak plazaratzen. Militanteen aldetik jasotakoa ondo kudeatzea dagokio Sánchez-i eta, aldi berean, ezinbestekoa zaio PSOEren batasuna bermatzea, bestelakoan ez baitu bere egitasmo politikoa bururaino eramaterik izango. Oreka horri eusteko abileziak baldintzatuko du bere etorkizuna, edozein buruzagik legez goizago ala beranduago hauteskundeetan neurtu beharko baitu ereindakoak emandakoa zein oparoa den. Hasierako honetan, Rajoy zein Iglesias hasi zaizkio irizpide argiagoak eskatzen, sozialisten barruko kontraesanekin xaxatzen. Barruko askok eta pisuzko hedabideren batzuek ere etengabeko presioa egiten diote, kasuon balizko podemizazioaren arriskuez ohartarazita.

Argi dago, beraz, PSOEko idazkari nagusiaren datozen hilabeteetako ibilbidea ez dela erosoa izango. Batetik, alde bietara dituenek zein Ciudadanos-ek edozein kontraesan zein ahuldade zeharo baliatuko dituztelako, eta horretarako sozialisten arteko baten baino gehiagoren laguntza izan dezaketelako. Horrez gain, Sánchez-ek primarioetako kanpainan zehar defenditutakoak zehaztu beharko ditu, eta landu. Besteak beste, Estatuaren nazioaniztasunari dagokiona. Subiranotasun bakarreko aitortza hori hutsaren hurrengoa izan daiteke mamirik izan ezean, nazio diren horiei maila askotako gaitasuna onartu ezean. Susana Díaz-ena baino dezente jarrera irekiagoa da berea arlo honetan, baina edukietara eramatea falta zaio, Euskadiren eta Kataluniaren hainbat eskakizuni egokiro erantzuteko moduan sakontzea. Ildo sozialdemokrata berritzaile bateko aitzindari izan gura duenak ausart jokatu beharko du funtsezko gai askotan, eta lurralde egiturari dagokion horretan bereziki. Orain arte, aldiz, Rodríguez Zapaterok berak hainbatetan errepikatutako formula baliatzera mugatu da, besterik gabe. Eta Nafarroan, esaterako, sozialisten ohiko lerrokatzeak ikusita ez du ematen benetako ezer berririk dagoenik.

Publicidad

Pedro Sánchez-ek eta PSOEk euren norabidea argitu beharko dute ahalik eta arinen, aldarrikapen soiletatik haragokoan finkatu. PP eta Podemos bide hori oztopoz josten saiatuko dira, hala dagokielako. Baina oposizio nagusia alderdi barruan duen bitartean nekez lortuko du, eta politikan ahul agertzen denarenak berehala egiten du. Buruzagi sozialistak arrakasta izateko gutxieneko baldintza, egitasmo politiko berritzaile, egingarri eta koherentea lantzea izango da. Aipatu izan dituen hainbat ideia eta gogoeta praxi politikora eramatea. Aldarrikapenak proposamen bihurtzea. PSOEren ildoa egokitu eta galdutako sinesgarritasuna biziberritzea, babes soziala berreskuratzea. Bestela, azken hilabeteotan irabazitako guztia di-da batean xahutuko du.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad