Izandakoaren itzala ere ez den arren, EAk euskal politikagintzan nolabait eragiten jarraitu du azken urteotan. 1986ko irailean sortu zenean EAJren benetako alternatiba gisa ekin zion, ildo sozialdemokrata eta independentista ikur hartuta. Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiaren inguruan osatutako hark 13 legebiltzarkide lortu zituen urte bereko azaroaren 30eko hauteskunde autonomikoetan, jeltzaleek baino lau gutxiago besterik ez. PSE eta Euskadiko Ezkerrarekin hirukoa osatzeko osteko ahaleginak porrot egin zuen; eta azkenean alderdi bozkatuena, EAJ, aritu zen sozialistekin. Hitzarmen hark eman zion hasiera José Antonio Ardanza lehendakariaren koalizio gobernuen aroari, eta EAren etorkizuna baldintzatu zuen. Astiro-astiro, alternatiba izatetik osagarri bihurtzera jaitsi zen, abertzaletasun instituzionalaren baitan berezko lidergo gaitasunik ez izatera, bigarren maila batean jardutera. Hala, 1998an 6 akta lortu zituen Eusko Legebiltzarrean, 108.635 botori esker. 2001 eta 2005ean EAJrekin aurkeztu zen koalizioan; eta 2009an, bere kabuz agertutako azken hauteskunde autonomikoetan, parlamentari bakarra jaso zuen ordainetan, 38.198 botorekin, guztien %3,65ekin. Hor jo zuen hondoa alderdiak.
Publicidad
Bide horretan hamaikatxo krisi jasan zituen EAk, hainbat erreferente historiko galtzeraino. EAJra joan edo itzuli ziren gehien-gehienak, bai Juan José Ibarretxe lehendakariaren etapan zein aurreragokoan. Laudioarra euren lider naturala izan zen luzaroan Eusko Alkartasunako kideentzat, eta horrek jeltzaleen lerroetara gerturatu zituen horietako hainbat. Elkarren arteko koalizioa estrainekoz 1999ko foru eta udal hauteskundeetan osatu zenerako, dena den, jeltzaleen eszisioa dezente ahulduta zegoen eta horrek eraman zuen, neurri batean, elkarlan horretara. Haatik, garai hartan EAk oraindik bazuen bere ekarpena egiteko indarrik, bazuen aintzat hartua izateko besteko botoemaile nahikorik. Baina elkarren aurkako sektoreak oso aspaldikoak izan dira alderdian, besteak beste EAJrekin izan beharreko harremanaren norainokoaren araberakoak. 2006an, esaterako, Begoña Errazti orduko burua oso zuhur mintzo zen jeltzaleekiko lotura estrategikoaz galdetzen zitzaionean, nahiz eta elkarren arteko lankidetzaren alde agertu. Iñaki Galdosen gipuzkoar ildoa askoz argiagoa zen horretan, EAJrekin batera aritzearen alde, eta hainbat kritika jasan zituzten alderdiaren egituratik bertatik.
Azkenean, sasoi bateko sektoreak beste zenbait parametroren arabera berregin eta zati batek alderdia uztearekin batera, ETAren aroa amaitzekotan zegoela-eta egoera berrira prestatzeko ezker abertzalearen beharra baliatu zuen EAk. 2011tik Bildu eta Amaiur koalizioetan egin du bat gerora Sortu izango zenarekin eta beste zenbait eragilerekin. Ezker abertzaleari EAren gisako bidaideak ezinbesteko zitzaizkion legaltasunerako bidean, eta eskuzabal jokatu zuen bakoitzaren ordezkaritza kopuruak zehazterakoan. Hala, behin baino gehiagotan egotzi zaio Pello Urizarren alderdiari aspalditik kargu publiko ugari bai baina gero eta oinarri txikiagoa izatea. Besteen beharrak baliatuta nolabaiteko bizkarroikeria politikoa praktikatzea, alegia. Bere garai bateko espazioaren zati ia osoa EAJn dago gaur egun, sentsibilitate sozialdemokrata barne.
EH Bilduk koalizio soil izateari utzi gura dio orain, eta bere lehen kongresua egitekoa da ekainaren 17an. Osatzen duten alderdietan ez dauden herritarrak txertatu nahian dabil eta, horretarako, bilkide deritzanaren figura sortuko dute. Horrekin batera, alderdiek ordezkari bana izango dute Hego Euskal Herriko nahiz lurraldeetako zuzendaritzetan eta ordezkarion zenbatekoa, asko jota, guztien erdia izango da gainera. Bilkideek euren batzarretan hartuko dituzte erabakiak aurrerantzean; eta guzti honek kezka eragin du EAko sektore kritiko sortu berrian, aniztasunaren galera eta ezker abertzale inguruko kideen erabateko nagusitasuna ekar dezakeelakoan. Orain arte, sorrerako irizpidearen araberako kuotak dira EH Bildukoak: EAEn, %60 dagokio Sorturi, %20 EAri, %13 Aralarri eta %7 Alternatibari. Nafarroan, aldiz, banaketa hori %45, %30 eta %25ekoa da, hurrenez hurren, Alternatiba ez baita ari foru erkidegoan.
Ondorengoan, guzti hori hankaz gora jarriko luke antolatzeko modu berriak. Eta ez da harritzekoa, Sortuk ez duelako beste eragileen lehen besteko beharrik. Berregite prozesu bat litzateke funtsean EH Bilduk izango duena, horretarako bilkide deitutakoak baliatuta. Alderdien arteko orekak formalki hautsi gabe, beste bide horretatik ekingo zaio azken urteotako formula behartua bazter utzi eta gizartean bakoitzak duen pisura gerturatzeari. Horrek alarmak piztu ditu Maiorga Ramírez idazkaritza nagusirako aurkeztu eta, harrigarria eman dezakeen arren, Carlos Garaikoetxea bera ere hartzen duen sektore kritikoan. Adierazi dutenez, hauen asmoa ez da EH Bilduren egitasmo estrategikoa zalantzan jartzea, baina ez diote egoki irizten koalizioak alderdi egitura hartzeari. EAren nortasuna gorde eta babesteko modurik eraginkorrena zehazteko bide ezberdina da, antza, ildo biak aurrez aurre jarri dituena. Baina, hain ahulduta dagoenez, alderdiak ezin izango du beste zatiketarik jasan, datorren asteburuko kongresuan talka atzeraezinezkoa baldin bada EAk ez duelako biziraungo.
Publicidad
Zati bi, zati hiru Logika hori izan da nagusi 30 urteko bere historian, eta jada hezurretan dago, inoizkorik txarrenean, amildegiaren ertzean. Ezker abertzaleak EH Bildun dagokion benetako espazioa berreskuratu nahi izateak ez luke inor ezustean hartu behar, are gutxiago politikan hain eskarmentu handikoak direnak; argi baitzegoen hasieratik egunen batean hori jazoko zela, eskuzabaltasuna ez zela betiko. Aniztasuna aldarrikatu bai, baina kontrol politiko-ideologiko-estrategikoa beti izan delako Herri Batasunaren eta bere ondorengo guztien ezaugarrietakoa. Datorren agertokian, EAri gero eta bigarren mailakoago izatea egokituko zaio. Edo, zuzenean, desagertzea.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.