Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joseba Arruti
Lunes, 22 de mayo 2017, 01:33
Alderdiaren egituraren aurka borrokatuta, inoizko parte-hartze handienarekin eta ia bozen erdia jasota irabazi du Pedro Sánchez-ek. Sekulakoa da bere garaipena, PSOErentzat aro berri bat zabaltzen duena. Izan ere, idazkari nagusi legezko bere lehen agintaldiarekiko oso ezberdina izango da etapa berri hau, atzoko galtzaileek ... beste maila bateko buruzagi bihurtu zutelako urrian bere dimisioa behartu zutenean. Militanteek gerora batzorde kudeatzailearen inguruan bildu direnen jokabide txarretsi dute, iluna, desleiala eta PPren aldekoa izan zelakoan. Popularren aurreko bere jarrera irmoak eta Rajoyren inbestiduran abstenitu behar ez izateko diputatu akta utzi izanak bestelako distira eman diote atzoko irabazleari, primarioetan garaipen zabala lortu artekoa. Batasuna nola landu izango da bere erronka nagusietakoa gaurtik, barne prozesuan erkidegoetako baroi gehienek Susana Díaz-en aldeko apustu ezin nabarmenagoa egin eta gero.
PSOE aspalditik ari da maldan behera, Rodríguez Zapaterok krisia gain-gainean zeukala sumatu ez eta, halako batean, eztanda egin zionetik gutxienez. Hortik aurrerakoek hautsi zuten ordura arte ezker inguruko hainbat bozemailerekin 2004tik landutako lotura. Ezin txarrago egin zion aurre ekaitzari presidente sozialistak: berandu, PPren eskutik Gastu publikoa mugatzeko Konstituzioaren 135. artikulua elkarren artean ziztu bizian aldatuta eta botere finantzieroei men eginez. Sozialdemokrazia krisian zegoen orduko Europa osoan, baina Zapaterok ondo antzean eutsi zion luzaroan, eskubide zibiletan sakontzea ikurtzat hartuta. Haatik, ez zuen jakin adreiluaren burbuilaren amaiera aurreikusten eta horren ondorio latzak ahalik eta prozesu kontrolatuenaren bidez leuntzen. Adierazle ekonomiko guztiak hankaz gora zeudela aurreratu zituen hauteskundeak, berriz aurkezteari uko egin eta atzeko atetik alde eginda. PPren gehiengo osoa izan zen guzti horren ondorio zuzena 2011n.
Gaur egungo ikuspuntutik PSOEren orduko egoerak ona ematen du, gainbeheraren abiapuntua baino ez zelako izan. 2012ko otsailaren 4ean Rubalcabak Carme Chacón-i idazkaritza nagusirako lehia irabazi zion estu-estu, eta horrek atzerako jauzia eman zuen, buruzagitza berritu eta gaztetu beharrean alderdiko goardiarik zaharrenaren esku geratu zelako. Gero eta ahulago, krisiaren hasierako jokabideak euren oposizio lana erabat baldintzatuta, beheraka jarraitu zuen etengabe. Eta ezkerretik Podemos agertu zitzaion indartsu 2014ko europar hauteskundeetan, laugarren eragile politiko bihurtuta. Rajoyren gobernuak indarrean jarritako hainbat neurriren aurrean gizarteko sektore zabalen ezinegona islatu zuen horrek, eta horientzat zegoeneko sozialistak ez zirela sinesgarri.
Pedro Sánchez eta Eduardo Madinaren osteko lehiak eta lehena idazkari nagusi aukeratu izanak ez zuen ezer konpondu. Beharbada, buruzagi berria ez zelako autonomoa, krisi tarte baterako Susana Díaz eta beste zenbaitzuren panpina baizik. Eta menpekotasun horrekin amaitu nahi izan zuenean heldu zen atzoko primarioetan bizi-bizi nabarmendutako gatazka. Sánchez-ek bi aldiz egin zuen porrot iazko hauteskunde orokorretan, aspaldiko PP ahulenaren aurrean inoizko emaitzarik txarrenak lortuta. Eta Ciudadanos-ekin saiatu zen Rajoy Gobernutik kanporatzeko alternatibaren ardatza osatzen, agian Podemos-en handikeriak bestelako aukerarik utzi ez ziolako. Baina ez zuen lortu eta, bigarren hauteskundeen ostean blokeo politikoak indarrean zirauenez, hilabete luzetako behin-behinekotasuna hausteko moduen inguruko desadostasunek eraman zuten dimisiora, urriaren 1ean Batzorde Federalak 132-107ko emaitzarekin berak proposatutako primarioak eta berehalako kongresua baztertu ostean. Eztabaidaren mamia, baina, Rajoyren inbestiduraren aurrean egin beharrekoa zen, nagusitu zirenek abstentzioaren bidez ahalbidetu nahi zutelako.
Ordura arteko Sánchez gris eta kontraesankorra buruzagi karismatiko bihurtu da geroztikoan, PPren gobernuaren aurreko ezezko borobila goiburu hartuta. Primarioetako kanpainan argi eta garbi ikusi da militanteen zati handi batek berarekin bat egin eta Susana Díaz Suresnestik honako botere faktikoen segida modura ikusten zuela. Patxi López bien artean saiatu da kokatzen, batasunaren aldeko aldarrikapena bere eginda; baina Andaluziako Juntako buruaren atzean dauden berberen babesa izan du beti. Portugaletekoa aurkeztu izanak idazkari nagusi ohi eta berriari egin dio kalterik handiena, urriaren 1eko sektore galtzailea zatitu duelako. Erdibidean jartzea beti da erosoena primarioen biharamunari begira, baina begibistakoa da Sánchez-ekin sasoi bateko konfiantza hautsia dela. PSOEk bere burua non kokatu behar duen erabaki dute militanteek atzo, zein izan behar den galdutako eremua berreskuratzen saiatzeko estrategia politikoa. Ez dago horretarako errezeta magikorik, jakina, sinesgarritasuna behin galduta nekez berreskuratzen delako, are gutxiago koherentziarik eta batasunik gabe.
Hori izango da aurrerantzeko oinarrizko erronka. Idazkari nagusi berria ekaineko kongresu federalera begira jarriko da berehala, proposatzen duen exekutibak bertan jasotzen duen babesaren tamainakoa izango baita zauriak sendatzeko aukera. Primarioak bururaino eramandako honetan zaila ematen du aurreko hilabeteotan hain gordin aurrez aurre jarritakoa epe laburrean josi ahal izatea. Hausturaren arriskua ez da alperrik aipatu azken hilabeteotan, ezinikusi pertsonalak eta ildo ezberdinak hain sakon nahasten direnean batasunari eustea ia ezinezkoa izaten delako. Militante sozialisten parte-hartze handiak adierazten du zenbaterainokoa izan den prozesuak eragindako grina, eta zuzeneko jardunari aparteko balioa eman dio. Ez da primarioena alderdietako buruzagiak aukeratzeko modu demokratiko bakarra, noski, baina badu gardentasunezko halako kutsu berezi bat.
PSOEko militanteek argi hitz egin dute, Odon Elorzak atzo gauean adierazten zuen legez epikaren alde eginez. Podemos sektore gogorrenaren eskuetan geratu denean, Pedro Sánchez-en Alderdi Sozialistak izan dezake bere espazioa zabaltzeko modurik. Baina, horretarako, hainbat oreka gorde beharko ditu, barrukoetatik hasita. Alderdiaren kongresura arteko giroak erakutsiko du zer-nolakoa izan daitekeen bere etorkizuna, zenbateraino den bideragarri barruko zatiketa sakona gainditzea. Bere garaipenak norabidea zehaztu du, baina alperrikakoa izango da Díaz-en %40a eta López-en %10a aintzat hartu eta galdutako konplizitatea eta konfiantza neurriren batean berregiten ez badira.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.