Borrar
El Euromillones del viernes: comprobar resultados del 31 de enero
Cristóbal Montoro eta Pedro Azpiazu.
Lorpen betekoa

Lorpen betekoa

Akordio borobila lortu du EAJk Rajoyren gobernuaren aurtengo aurrekontuak babestearen truke. Euskadin kritikoen azaldu direnek ere jakin badakite hori, nahiz eta hala moduz euren gabeziak estaldu guran ari diren

joseba arruti

Lunes, 8 de mayo 2017, 02:09

Zeharo harrotu ditu hautsak asteon jazotakoak, jeltzaleek Kupoaren inguruan Madrilen erdietsitakoak. Akordioa, baina, dezente zabalagoa da, 36 puntutan aletutakoa. Hala, asko izango dira horren ondoriozko onurak jasoko dituzten erakundeak zein herritarrak. Kongresuko bere bost diputatuak erabakigarri dira legealdion hainbatetan, aurrekontuak onartzerakoan esaterako. Eta EAJk egoera hori ondo baliatzen jakin du, konplexurik gabe negoziatzen, luzaroan konpon ezinik ia usteldutako gaiei irtenbidea ematen. Azpimarragarriena Kupoari dagokiona da, zalantzarik gabe. 2007-2016 epeko likidazioa eta hurrengo urteetako ordainketak adostu dituzte alde biek. Lehenarekin lotuta, hamar urteko epe horretakoak kitatzeko, Rajoyren exekutiboak 1.400 milioi euro emango dizkio Gasteizkoari. 2017ko Kupoa, aldiz, 1.300 milioi eurotan zehaztu dute eta, enplegu politika aktiboen zenbatekoa kenduta, azkenean Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak 956 milioi euroko ordainketa egingo du. Gainera, aurtengorako ezarritako Kupoari 2017-2021 epeko legearen oinarri izateari egokituko zaio, eta hala onartuko da Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan lehenik eta Gorteetan azkenik. 'Bake fiskala ahalbidetuko duen akordio historikoa' dela iritzi diote jeltzaleek, aldebikotasun fiskala bermatzen duena.

Rajoyren gobernuak guztiz ahulduta ekin dio negoziazioari, aurrekontuak onartu ezinik eta Madrilgo ustelkeria kasu berrien zamapean. PSOEk eta Podemosek izan zuten aukerarik iaz bestelako alternatiba bat osatzeko, euren artean gutxienekoetan elkar ulertzeko, baina ez ziren bat etorri. Lehenek PPri abstentzioa oparitu zioten azkenean, eta bigarrenek euren interes alderdikoiak beste edozeren gainetik lehenetsi zituzten uneoro. Ez dira jeltzaleak izan PPk boterean jarrai dezan ahalbidetu dutenak, oposizioko gainerako eragile nagusiak baizik. Eta, hortik aurrera, EAJk testuingua baliatu du, bere programa mahai gainean jarri eta ahalik eta lorpen handienak eskuratzeko. Hitz batean esanda, goi mailako politika egiteko. Akordioa Euskadirentzat ona dela ukatzera ausartzen denik ez dago, eta bestelako edozeri eutsi behar izan diote EH Bilduk eta Podemosek haserre antzean agertzeko. Hitzartzea, baina, ez da maitemintzea, ez da amore ematea, ez da bestearena norbere egitea: kasuon, agintean estu dagoen aurkari politikoarengandik ahal adina jasotzea da; norberak botoemaileekin itxitako konpromisoa edukiz betetzen saiatzea; testimonialismotik askoz haratagoko ekarpena egitea.

Deigarriena Kupoari buruzkoa den arren, bestelakorik ere badu jeltzaleek lortutakoak: 2023rako Abiadura Handiko Trenaren lanak amaitzeko azken bultzada, trenbideekin lotutako hainbat hobekuntza, Ertzaintzak polizia integral modura jarduteko zenbait neurri erabakigarri, tarifa elektrikoak bateratzeari esker hainbat euskal enpresaren lehiakortasuna hobetzeko aukera, I+G+b (Ikerketa+Garapena+berrikuntza) mailako onurak eta beste hainbat urrats zehatz. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, beraz; euskal herritarren eta hainbat erakunde zein enpresaren onerako zerrenda luzea baizik.

Gainera, aurrerago besterik ere ekar lezakeen akordioa da, potentzialitatez betetakoa, gutxieneko elkar ulertzetik badagoelako funtsezko beste hainbat esparrutan aurrera egiterik. Sabin Etxearen aurrean jarduera koaktiboak behin betiko bazter ezin utzita-edo bildu direnek, eurentzat lehentasunezkoak diren gaietan PPrekin hitz egin, negoziatu eta hitzartzeko ia erreguka dabiltzanek, ohiko ume-jokoa baliatu dute, honako solaskideak bat eginda agertaraztekoa, politikoki oso urrun daudenen konpromisorako gaitasuna gaitzestekoa. Haatik, beharbada laster itzuliko dira jeltzaleen egoitzara, baina diskretuago, horrenbesteko zalapartarik gabe; gairen batzuei buruzko bitartekaritza eskatzera, EAJren eragina beste behin baliatzen saiatzera.

Nolabaiteko konfiantza politikozko giroa beti izan ohi da emankorra. Gehiengo osoko urteetan PPren gobernuak lepoa eman zien euskal erakundeei, bertotik jasotako eskaerei behin eta berriz muzin eginda, jarrera arduragabea erakutsita, ia mespretxurainokoa. Egoera asko aldatu da, baina. PPren kalterako. EAEko iraileko hauteskunde autonomikoetan emaitza ia dramatikoak jaso zituen, EAJren azken orduko eskainu galera batek dotoretutakoak. Kataluniakotik ikasi beharko lukete popularrek, lurralde egiturari eta nazio izaerako erkidegoen mihiztadurari dagokienez. Izan ere, helegiteak neurrigabe baliatuta, birzentralizazio asmoei eutsita edo homogeneotasuna goiburu izanda eredua bera jar dezakete azkenean kolokan, bideraezin egiteraino.

Euskadiren estatus politiko berriaren inguruko eztabaida aukera ezin hobea izan daiteke irudimenez aurrera egiteko, nazio aitortzaren eta horren ondoriozko eduki politiko zehatzen inguruan jarduteko eta 1979ko adostasunak zabaltzeko. Jarrera horretatik urrun ematen du PPk oraindik, baina bertoko berezitasunak bete-betean aintzat hartu gabe badaki ez dagoela elkar topo egiteko modurik. Horretarako gakoetakoa aldebikotasuna izango da, Kupoari dagozkionetan ezezik maila politikoan landu beharrekoa.

Aste honetako akordioa ona da Euskadirentzat, bikaina. Eta antzeko beste batzuren abiapuntua balitz, hobe. EAJk ezin eraginkorrago jokatu du Madrilen, egoera politikoaren irakurketa zuzena egin eta berau baliatuta. Horretarako daude alderdi politikoak, ordezkatzen duten gizartearen ongizatea bilatzeko, egitasmoak emaitza bihurtzeko. Aldeko zein aurkakoek, publikoki edo pribatuan, aitortzen dute jeltzaleak bizkar gainean itzuli direla Madrildik, arrakastaz dihardutenen antzera. Besteen ezintasunen, gabezien edo mugen gainetik, lorpen beteko akordioa erdietsi dute, euskal herritarrengan zuzen eragingo duena, Eusko Jaurlaritzari aukera gehiago emango dizkiona. Bakoitzari berea aitortu behar zaio. Baina itsuarena egiten duen asko dago bertoko politikan. Eta hala dabiltza: galduta.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Lorpen betekoa