Mariano Rajoy.

Norbere kontuak

Ahulduta ekin dio Mariano Rajoyk Estatuko aurrekontuen negoziazioari, ustelkeria kasu berrien astinduaren eraginez. Horrek aukera politiko ezin hobea jarri du EAJren esku, 'euskal agenda' deritzana ahalik eta gehien bete dadin saiatzeko

Joseba Arruti

Lunes, 1 de mayo 2017, 02:22

Gobernuko presidentea etsi-etsian ari da gehiengo osora hurbiltzeko ahaleginean, egungo egoera politiko eta ekonomikoan aurrekontuen onarpena ezinbesteko zaiola ondo jakinda. Hori ahalbidetzeko, EAJ nahitaezko eragile bihurtu da Kongresuan, balantza alde batera zein bestera bultza dezakeena. Dituen bost diputatuak erabakigarri izango dira eta bururaino negoziatzeko prest daude, euren balizko babesaren truke lortutakoa Euskadirentzat benetan baliozkoa baldin bada. Oraingoz, jeltzaleek ez dute osoko zuzenketarik aurkeztu, borondate horren adierazgarri. Izan ere, azken egunotan Rajoy bera ari da alde bien arteko elkarrizketa hauspotzen, orain arte konpondu ezineko hainbat auziren inguruko adostasunak bilatu guran. Xede horrekin, pare bat aldiz hitz egin du telefonoz EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrekin, PPk EAJrekin aurrekontuak hitzartzeko duen borondatea nabarmentzeko. Ez da ezer itxi, baina negoziazioa desblokeatuta dago eta dagoeneko litekeena da akordio bat lortzea.

Publicidad

Osoko zuzenketarik aurkeztu ez izana ez da EAJren besterik gabeko babesaren seinale, negoziatzeko eta hitzartzeko gogoarena eta dauden aukerena baino. Rajoyren parte hartzeak bestelako bultzada eman dio alde bien ahaleginari, eta jeltzaleen ustez jada bada berme nahikorik negoziazioak hartzen dituen gai guztiei dagokienez berehalako epe laburrean Euskadirentzat oso mesedegarria izan daitekeen akordioa lortzeko. Ondorioz, azken momentura arte saiatuko dira. Euren eskaerei PPk emandako erantzunaren araberakoa izango da EAJren behin betiko jarrera, bai aurrekontuei babesa emateko zein ukatzeko. Prestutasuna argi dago, beraz; baina mahai gainean jarritako baldintzak betez gero baino ez da hori azkeneraino eramango.

Bere jarrera irekiaren ondorioz hainbat kritika jasan ditu EAJk azken egunotan. Ez da ahaztu behar, haatik, jeltzaleek Euskadi dutela lehentasun, eta horri begirakoaren arabera erabakiko dutela. Anbiziotsu agertu dira, egoera orokorra nahasia dela dakitelako baina, aldi berean, PPren ahultasuna baliatzerik ere badagoelako. Hainbatetan, halakoetan lortu dira oraindik oso gogoan dauden lorpenak, euskal herritarren eguneroko bizimoduan onerako eragiten dutenak. Eta horri jarraituko diote beste behin jeltzaleek, Euskadiren interesa irizten diotenari. Izan ere, EAJk ez du inolako erantzunkizunik Espainiako egungo egoera politikoan, ez baita bere jardunbidearen ondoriozkoa.

Aurrekontuen inguruko negoziazioa gaitzesterakoan gordinen ari dena Podemos da, ziurrenik. Baina politika ez da efektu-kolpeen arabera baldintzatzen inora ez daraman zentsura mozio baten bidez, esaterako, ekimenerako eta benetan eragiteko ahalmenaren bidez baizik. Pablo Iglesiasen alderdiak izan zuen aukerarik duela urtebete Mariano Rajoy eta PP Gobernutik kanporatzeko, baina euren interes alderdikoiak lehenetsi zituzten, PSOEri sorpassoa egin nahi izatearen ondoriozkoak. Alde horretatik, eurak ere badira egungo egoeraren erantzule, testimonialismoa nahiago dutelako arriskuz betetako pragmatismoa baino. Hori estali nahian-edo ari zaizkio orain EAJri kontu eske, jeltzaleak Espainia mailako euren txikitasunetik ahalik eta etekin politiko handiena lortzeko zilegizko ahaleginean ari direnean. PSOE apalago dabil jeltzaleekin, Eusko Jaurlaritzan ere elkarrekin ari direlako, baina kritiko samar. Rajoy aurrekontuak onartu behar izatera heltzeko funtsezkoa izan zen sozialisten abstentzioa inbestidura saioan, horri esker baita gaur egun Gobernuko presidente. Ezeren trukeko keinua izan zen hura, egonkortasunaren aldekoa edo. Exekutiboaren jarduera oposiziotik baldintzatzerik bazegoela ziotenek argi ikusi dute hilabeteotan antzua izan zela orduko urratsa, eta ezin merkeago eman ziotela Rajoyri agintean jarraitzeko aukera. Horrelako batean bazegoen PPri ustelkeriaren aurkako konpromiso askoz irmo eta zehatzagoa eskatzerik, eta baita bestelako hautagai bat ezinbesteko baldintza modura eskatuta aro politiko berri bat abiatzen saiatzerik ere. Baina besterik gabe makurtu zen PSOE, oraingo legealdia honako baldintzetan bete-betean ahalbidetuta.

Euskal Herrian, aldiz, EH Bildu ezin azkarrago plazaratu da Estatuko aurrekontuen inguruko negoziazioen aurka. Ez daki zein izango den emaitza, zer izan daitekeen balizko hitzarmenak lekarkeena, baina berdin zaio. Ez Kongresuan ez Eusko Legebiltzarrean eragiteko gaitasunik ez duenak gogor ekin dio jeltzaleak jomugatzat hartuta. EAJri Espainiako Gobernuaren aurrean bakearen agendarekin lotutakoetan eragiten saia dadin eskatzen dion koalizio berbera da, bere komenientziaren arabera Rajoyrenganako harremana onesten edo txarresten duena. Politika, baina, abagunea baliatu eta norbere lehentasunak eta programa indarrean jar daitezen lortzeko lan egitea ere bada. Hainbat hamarkadatan, autogobernua edukiz betetzeko jeltzaleak esparru guztietan lanean aritu diren bitartean, ezker abertzaleak ez du hutsaren hurrengorik ere lortu. Aurreraka barik atzeraka ibili da, zegoena mespretxatu eta suntsitzen saiatuta, bitarteko makurrenak ontzat emanda. Honakoetan, baina, herritarrei dagokie bakoitza bere lekuan jartzea, eta bistakoa da euskal gizarteak zeinen bidearen alde egin duen, eta zeintzuk diren batzuen eta besteen urte luzetako lorpenak.

Publicidad

Inork ezin dio leporatu EAJri ez dagokion ardurarik. Kongresuko oposizioko eragile nagusiek euren gain hartu behar dute egindakoaz edo egin ez dutenaz ahalbidetutakoa. Hortik aurrera, emaitzaren arabera aztertu eta baloratu beharko da aurrekontuen inguruko balizko akordioa. Jeltzaleek argi zehaztu dituzte hasieratik euren lehentasunak, eta Euskadira begira jarduteko asmoak. Bakoitzak bereak azaldu beharko ditu, beraz: bere gabeziak eta mugak edo eragiteko ahalmenaren ondoriozko lorpenak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad