Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joseba Arruti
Lunes, 24 de abril 2017, 02:01
Politikan oso aditua izan behar da azken urteotan PPko zenbat jende epaitu eta espetxeratu duten zehatz jakiteko, ustelkeria alderdi horren egituretaz zenbateraino jabetu den benetan konturatzeko. Valentzia, Baleareak eta Madril kutsatuenak izan arren, norbere negozioen, alderdiko finantziazioaren eta ustel bideratutako baliabide publikoen lotura ezin estuagoa hamaikatxotan errepikatu da. Baita Espainia mailan ere, besteak beste zuzendaritza nagusiko diruzain izandakoen gorabehera judizialek erakusten duten legez. Auzien zerrenda ia amaitezina da: Andratx, Baltar, Brugal, Bárcenas, CAM, Fabra, Gürtel, Palma Arena, Púnica, Rato, egunotako Lezo deitutakoa eta beste hainbat. Madrilen bertan Tamayazoa izan zen gerokoaren abiapuntu, eta noizbait bururaino argitu beharko da orduko hartan gertatutakoa. Ez dira, beraz, noizean behineko tantak, benetako itsasoa baizik. Politika eta boterearen arteko harreman kirastuaren araberako jarduna islatzen dute horiek guztiek, giro zehatz bat. Eta epaileen aurrera agertu diren eta beharko dutenez gain, horrek guztiak baditu arduradun politikoak, beti iheskor agertzen direnak, aitzakiak eta ezjakintasuna maisutasunez baliatzen dituztenak.
Izen bat agertzen da gailurrean, Mariano Rajoyrena. Lekuko gisa jo beharko du laster Gobernuko presidenteak epaitegira, Gürtel auzia dela eta. Egin nahi ez zuena normaltzat dauka orain, bestelako irtenbiderik ezean. Baina hainbestetan oztopatu gura izan dituzten eremu judizialeko ikerketek eman dezakenetaz gain, maila politikoan saihestezinezkoa da PPko presidentearen ardura. Kargu horretan dagoenetik jazo direnak ez direlako txantxetakoak, edozein alderdi hondoratzeko modukoak baizik. Galiziarra oso aspalditik dago alderdiaren zuzendaritzan, ardura maila ezberdinekin. Eta ustelkeria hain izan da zabaldua eta ahalbidetua, ezin diola bateko zein besteko bere ardura politikoari uko egin. Ezer ez bazekien, kudeatzaile eta buruzagi ezin traketsagoa delako; eta bazekien aurrera jarraitzeko ezgaituta dagoelako. Bestelako pertsonak eta jokamoldeak nagusitu ezean, popularrek ezin izango diote tsunamiari eutsi, goizago ala beranduago. Jazotakoa ez delako baten ala bestearen ardura soila, ontzat emandako egiteko modu batena baizik. Orain arte Rajoyk bizirautea lortu du, bere estilo politiko bitxi, diferitu eta amnesikoarekin, baina gehiengo osotik urrun dago Kongresuan eta egunotakoa ez da inoren konfiantza batzeko modukoa, berak, beste behin, despistatuarena egin arren.
Egungo egoeran Justiziak bermea behar luke, kasu guztiak bururaino argituko direla ziurtatzeko. Eta badira horretan ari direnak, bai segurtasun indarretan eta baita epaitegietan ere. Baina ez denak. Ignacio González eta Eduardo Zaplanari grabatutako telefono bidezko elkarrizketak islatzen du zenbaiterainokoa den boterearen eta epailetzako hainbat kideren arteko lotura, zenbaiterainokoa bigarrenek lehenei zor dieten menpekotasuna. Ustelkeriaren aurkako fiskala ere norbere interesen araberakoa denean, akabo. Bestelako hainbat eragilek bultzatutako ikerketen ondorioz gerta dakiekeenaren beldurrez ematen dute amore zenbaitzutan, baina gero eta agerikoagoa da euren alderdiarekiko leialtasuna. Eta botere banaketa bera ezbaian dagoenean, sistema demokratikoa kolokan dago erabat. Alde horretatik badago zer findu, badago zer hobetu justizia independente baten mesedetan. Oraingoz, izendatzen dituztenen aldetik epaile askok jasaten dituzten presioak ageri-agerikoak dira; oinarrizkoa behar lukeena ezinezko egiteraino, sistema osoa kutsatu eta ezgaitzeraino.
PPk neurri zorrotzak hartzen ez baditu, iragana eta etorkizuna errotik ezberdintzeko urratsik egiten ez badu, elur-pilota gero eta handiagoa izango da. Urrunekoa ematen du oraindik alderdia suntsitzerainoko agertokiak, baina dinamika honetan ezin da ezer baztertu. Askoz historia luzeagokoa eta sustrai sakonagokoa zen Italiako Demokrazia Kristaua 1943an sortu eta etenik gabe boterean aritutakoa, baina ustelkeriak jota bereak egin zuen 1994an desagertzeraino. Alderdi baten eta bere botere proiektuaren baitako ustelkeria hain zabaldua denean, goi mailako buruzagiak ere modu batera edo bestera lehenik zipriztindu eta gero blai eginda dituenean, goizago ala beranduago ez dago beste irtenbiderik. PPk izan lezake aukerarik oraindik, beharbada; baina beste buruzagi batzuen eskutik, bestelako estilo batekin, iraganeko inolako zamarik gabe. Bestela ez dagoelako herrialde bati zor zaion zerbitzu publiko egokia eskaintzerik, lokatzak beti bestelakoetan dituelako kudeaketa finenenan ahalegindu beharko liratekeenak. Eta, alde horretatik, Rajoy ez da sinesgarria aspalditik, ez dagoelako garbi.
Ez da harritzekoa hainbat herritarren nazka eta nekea. Egoera ez baita txantxetakoa, eta gizarte bat ezin delako ustelkeria kasuetara ohitu. Espiritu kritikotik aztertu behar da boterean daudenek egindakoa, bai, baina egungoa norbere ideologia eta joeren ikuspegiez apartekoa da, horrez gaindikoa. Espainiari buruz horrenbestetan dihardutenak, egonkortasunaren izenean ari omen direnak, kanpoan herrialdearen irudi toxikoa zabal dadin ahalbidetzen dutenetakoak dira aldi berean. Ustelkeriaren olatua itzela delako jada, ez delako lapur eta gaizkile bakar batzuen jardunaren ondoriozkoa. Bitartean, PSOE bere barruko gatazka zibilean galduta dabil, Podemos demagogia ibiltariaren bere zilborrari begira eta Ciudadanos PPk aintzat har dezan desiatzen. Egoera etsigarria. Askorentzat ondo amaitzeko itxurarik ez duena.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.