Urkullu eta Andoni Ortuzar.

Bi Aberri Egun

Bilbon eta Gernika-Lumon egin ziren atzo Aberri Eguneko ekitaldi nagusiak, euskal nazioa eta beronen eraikuntza ulertzeko bi modu ezberdin islatzen dituztenak. Gaur egunerainokoa lortu duena, bata; lau hamarkada alperrik galdu dituena, bestea

Joseba Arruti

Domingo, 16 de abril 2017, 23:56

Publicidad

Berpizkunde Igandea jai egun handia da urtero euskal herritar asko eta askorentzat, abertzale ororentzat Aberri Eguna bereziki delako garrantzitsua. Norbere burua munduan kokatzeko modua adierazteko balio du, nortasun politikoa aldarrikatzeko. Oinarrizkotik haratago, baina, alderdi bakoitzak bere ibilbide eta egitasmo propioak ditu. Errealitatean eta herritarren borondatean oinarritutakoa da EAJren estrategia, diktaduraz geroztik euskal erakundetze prozesua abian jarri ostean berori indartzearen aldekoa, ahalik eta autogobernu sakonenaren eskutik ongizatea lantzekoa. Ezker abertzaleak, aldiz, ustezko abangoardia armatu bati eman zion ardura eta babes guztia, abstrakzio hutsalenetik abiatuta halako batean dena lortu artekoa. Emaitzak ezin nabarmenagoak dira: inoizko burujabetza eta ongizate mailarik handiena du Euskadik lehenari esker, zortziehun hildako beranduago saminik gordin eta antzuena besterik ez bigarrenaren ondorioz. Zirt edo zartekoek huts egin ohi dute, inora eraman gabe. Eta orain bakegiletzat agertu guran dabiltzanak ere jabetuko dira horretaz, Euskal Herriaren konplexutasunaz, aniztasunaz. Ez dago euskal nazioa nortasun politikoz bururaino eraikitzerik hori aintzat hartu gabe, hainbat oreka gorde barik, lekuan lekukoak ulertu ezean. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta zorioneko Euskal Elkargoaren arteko lankidetza da horren isla, momentu historiko honek ahalbidetzen duenarena. Esparru ezberdinetako egungo errealitatean badago zer zaindu eta indartu ikuspegi abertzaletik, bereziki hauskorra delako Nafarroan eta Iparraldean, eta tiraka ibilita badagoelako dagoena ere urratzerik.

Aberri Eguna egindakoa eta egiteke dagoena gogoratzeko da. Perspektiba historikoz etorkizunari aurre egiteko bultzada hartzekoa. EAJk eta ezker abertzaleak urtero ospatzen dute, jeltzaleek deituta estrainekoz 1932tik egin den legez. Sasoi batean Alderdi Sozialista ere batu zitzaien, nahiz eta orain egun hori erreferentzia historiko traketsak baliatuta gutxiesten saiatzen den. Ez dute ulertu, akaso, Euskal Autonomia Erkidegotik haratago badagoela euskal herritarrik eta, politikoki bakoitzak eman nahi dion esangurarekin, horiek guztiak aintzat hartzekoa ere badela atzokoa. Nekez muga lezake inork euskal nazioa Araba, Bizkai eta Gipuzkoara, eremu administratiboez gaindiko bestelako errealitaterik badagoelako. Horri uko egin eta Estatutuan ez dagoena existituko ez bailitzan jardutea ezin zurrunagoa eta alperrikakoa da politikoki, auzi nazionalean norbere hautua edozein delarik ere. Erdibidean dago Podemos, lotsakor antzera, esaldi dotoreen bidez agerikoa baliatu eta egon gabe egoten saiatuta, edo alderantziz.

EAJk, aldiz, oso momentu gozoan ekin dio aurtengo Aberri Egunari; non dagoen argi izatearen ondorioz, besteak beste. Hauteskunde autonomikoetan hain emaitza ona lortu eta itun ororen ardatz izateak adierazi zuen zentraltasuna berea dela, euskal herritargoaren gehiengoa bere bide beretik doala. Iñigo Urkullu lehendakariak EAJ ereduaren balioa aipatu zuen atzoko bere hitzaldian, eta ez da gutxiagorako. Ziur gaude norabide zuzenean goazela eta egunen batean helmugara iritsiko garela, gaineratu zuen. Horri begira honakoa ez da edozein abagune politiko, ETA behin betiko desagertzeak bestelako aukerak eskaintzen dituelako, bai akordioak zabaltzeko zein lurralde eremu ezberdinen arteko lankidetzarako.

Estatus berri batek hartu beharko du Gernikako Estatutuaren lekukoa, euskal gizarteak gaur egun dituen erronka eta gurariei erantzuteko, XXI. mendeko beharrei aurre egiteko. Jeltzaleak oinarrizko izango dira horretan, ardatz. Solaskidetzarako beste inork baino ahalmen eta gaitasun handiagoa erakutsia dutelako, eta euskal gizarteak euren eskuetan ardura berezia jarria duelako. EBBko presidente Andoni Ortuzarrek esan bezala, akordio horrek Euskadi nazio gisa aintzatetsi eta Estatuarekiko aldebiko harremana finkatu beharko du ezinbestean. Horiek dira datorren jauzirako jeltzaleek dituzten helburu nagusiak, pausuz pausuko nazio eraikuntzaren baitakoak. Eragile politikoen arteko elkarrizketa laster da abiatzekoa, eta PP da gutxien mugitzeko prest ematen duena. Dena den, Rajoyk argi izan behar luke Euskadiri eta Kataluniari dagokienean ausart jokatu beharko duela, biak direlako nazio aitortza eskatzen duten gehiengo zabalak dituztenak, eta euren berezitasunak aintzat har daitezen aldarrikatzen dutenak.

Publicidad

Agertoki honetan EH Bilduren ekarpena beharrezkoa da, errealitate printzipiotik ekiten dion neurrian. Bere inguruko zenbait taldek antolatutako Aberri Egunean hartu zuen parte atzo koalizioak Gernika-Lumon, batik bat independentzia aldarrikatzeko. Haatik, jakin badaki ez dela horrelakorik epe labur eta ertainean lortuko, eta ez bakarrik Espainiak eta Frantziak eragozten dutelako, Euskal Herrian bertan horretarako babes nahikorik ez dagoelako baizik. Zilegizkoa da oso independentzia gura izatea, baina antzua erabat bultzada politikorako norbere gaitasuna hori berehala lortzeko baino ez baliatzea. Herritargoak ondo bereizten du zer nahi duen eta zer den posible momentu bakoitzean, zein den lehentasuna eta zein ez. Beste hainbat herritan legez, Gernika-Lumon oraintsu gertatutakotik badute zer ikasi, adibidez. Zinegotzi guztiak abertzaleak izan eta, beraz, erabaki eskubidearen aldeko herritarrak gehien-gehienak diren arren, Gure Esku Dagok antolatutako galdeketan Estatu independente bati buruzkoan 16 urtetik gorakoen %27k baino ez zuen parte hartu hil honen 2an. Beharbada, benetako nazio eraikuntza keinu hutsaletatik eta norbere zilborrari begiratzetik haratagokoek ahalbidetzen dutela uste duenik badagoelako; dinamika efektistek, eragileren baten estrategia politiko zehatzak elikatzeko itxura dutenek, inora ez daramatela uste duten abertzaleak asko direlako.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad