Iñigo Urkullu eta Idoia Mendia.

Etorkizuna marrazten

Legealdi honetako erronkarik handienetakoa estatus politiko berria zehaztea izango da, autogobernua behingoz eguneratu eta osatzeko. Adostasun zabala nahitaezko du horrek, emaitza ahalik eta anitzena baina bakoitzaren pisu politikoaren araberakoa izan dadin

Joseba Arruti

Lunes, 6 de marzo 2017, 01:02

Euskadiren etorkizuna erabakitzeko beste akordio baten garaia da, eta horretan ariko dira alderdiak autogobernuari buruzko lantalde abiatu berrian. Horri begirako bat egite prozesuak eskuzabaltasuna eskatuko du, luzera begirako helburuak eta hurrengo belaunaldiari dagozkionak ondo bereiztea. Iñigo Urkullu lehendakariak egunotan esan duenez «inoizkorik handiena da» hitzarmen ... anitza lortzeko aukera, baina luze jo dezake oinarrizko zenbait irizpide eta jomuga ondo finkatzen ez badira, eragile ezberdinek euskal gizartea bere osotasunean hartzen ez badute. EAJ eta PSE-EEren arteko koalizio gobernua ardatz egokia izan daiteke ahalegin horretan jarduteko, zeharkakotasunak bestea aintzat hartzeko konpromisoa dakarrelako. Gernikako Estatutua abiapuntu aproposa da, eman duenaren gainean eraikitzeko eta bere gabezietatik ikasteko. Testuingurua alde dago, beraz, duela 38 urtetik honako onenean. Orduko hartan ardura historikoa izan zen bultzagai nagusietakoa, diktaduraren ostean euskal erakunde demokratikoak berreskuratu eta zutik jarri nahia, eta indarkeriaren alde egiten zutenei bestelako biderik bazegoela erakustea. Orain, aldiz, luzaroko esperientzia da bermerik nabarmenena, erakundeen ibilbide oparoak emandakoa. Baina baita horiei jarritako hainbat oztoporen eta mugaren ondoriozkoa, eta indarkeriak utzitako zorigaiztoko aztarnaren eraginezkoa ere.

Publicidad

Ez da makala izan azken lau hamarkadotan euskal gizartearen borondateak ahalbidetuta aurreratutakoa. Estatutuak hainbat muga izan ditu, jakina, baina askoz aukera gehiago. Eta horiei helduta lortu da diktadurapean itolarrian egondakoa askatzea, orduan desegindakoa eraikitzea, maila handi batean norbere buruaren jabe izatea. Ez dira hainbat helburu bete, jakina, alde askoren arteko konpromisoek ez dutelako inor asebetetzen, eta EAEko herritarrek 1979an onartu ostetik Espainiako gobernuan txandakatu direnek hamaikatxo traba jarri dituztelako. Baina balantzea zeharo positiboa izan da, euskal gizarteak sekulako jauzia egiteko tresnak izan eta ezin hobeto baliatu dituelako. Estatututik sortutako egitura politikoak fruitu ugari eman ditu, eta herri hau oso bestelako norabide batean jarri du, Europako puntako lurraldeen artean.

Urte guzti horietan ezker abertzalea ameskerietan ibili da, Euskal Herriaren beraren errealitatetik at, hautestontzietan lortzen ez zuena indarkeriaren bitartez jasoko zuelakoan. Usteak ustel, ordea. Atzean giza eskubide oinarrizkoenen behin eta berrizko urraketa baizik ez du utzi, samina nonahi. Zenbait buruzagik oraindik publikoki egoki irizten diote 1978an Herri Batasuna sortuz geroztik hartutako bideari, baina ezin okerrago dabiltza. Eta badakite. Erabaki estrategiko hark ez ditu inora eraman, eta ez du Euskal Herria burujabeago egin. Beste batzuk izan dira euren arduragabekeriari eta eragin duten kalte politiko, ekonomiko, sozial eta etikoari aurre egin behar izan diotenak, eta gizarte hau dagoenera eraman dutenak. Autokritika sakonetik egin lezake ezker abertzaleak aurrera begirako ekarpenik benetazkoena, adostasun zabal eta anitzaren aldekoa. Hortik abiatuta, EH Bildu koalizioari errealitate printzipioa aintzat hartzea dagokio, eta Eusko Legebiltzarrean duen ordezkaritza mailaren arabera ekitea. Baina, epikaz haraindi, berehalakoenetan eragiten dutenen gaineko konpromisoak hartzea prosaikoegia iruditzen zaio nonbait, eta estatus berria negoziatzekoetan interesatuago ematen du EAJ presionatzen beste ezertan baino. Horretarako betiko estrategia baliatzen du: independentzia etzi lortzear balego bezala jokatzea, keinu hutsalak eta mimetismo antzuak elikatzea eta guzti horrek eragin litzakeen frustrazioen zama jeltzaleen gain jaurtitzea. Ez du sinesten eguneroko nazio eraikuntzan, pazientzia eta ikuspegi historikozkoan, euskal lurralde guztietako herritarren borondatearen araberakoan, zirt edo zartekoan baizik. Berdin zaio Nafarroan eta Iparraldean erritmoa oso bestelakoa izatea, tiraka lortu gura baititu bere helburuak. Eta jokaleku horretara eraman nahi du EAJ, hor gaindituko duelakoan, abertzaleen arteko nagusitasuna hor kenduko diolakoan. Baina badago beste bide bat, autogobernuan sakonduz ongizatea zabaltzekoa, eta EAE, Nafarroa eta Iparraldeko erakundeen arteko lankidetza estu, aukeraz betetako eta proiekzio itzelezkoa bultzatzekoa.

Egoera honetan, Ahal Duguk zeregin garrantzitsua izan dezake, autogobernuan ahalik eta gehien sakontzearen aldekoa. Denbora beharko dute euren egitasmo zehatza lantzeko, orain arte bat batean aritu direlako gehienetan. Euren hazkunde azkarra ez da arazo nazionalaren inguruko hausnarketa patxadatsu eta landutakoaren atzetik etorri, aurretik baizik. Eta plazaratutako zenbait aldarrikapen nagusi eta orokorrek zehaztasuna behar dute egingarri izatekotan. Estatus berria lantzeko prozesua ardatz horretan euren burua kokatzeko aukera ere izan daiteke, noraino joan nahi duten argitzekoa. Ezinbesteko eragilea dira, ordezkaritza zabala dutelako eta nolabaiteko zeharkakotasuna euren osagaietakoa delako, baina badute zertaz gogoeta egin, zirriborroetatik haratago maila honetan zer gizarteratu.

Sozialistek, aldiz, zer nolako alderdia nahi duten erabaki beharko dute, ostean Estatuaren zelako lurralde egituraren alde dauden argitzeko. Pedro Sánchez-ek nazioaniztasunaren inguruan esandakoek ez dute batere antzik beste zenbait buruzagirenekin eta, idazkari nagusi ohiak irabaztekotan bere hitza azkeneraino eramango duen ikusteke dagoen arren, printzipioz berea ez da baztertzeko moduko ekarpena. Alderdi ereduak bestelakoetan eragingo du zuzenean, eta barruko lehia biziak ondorioak izango ditu nortasun nazionaleko erkidegoetan, onerako zein txarrerako. Susana Díaz-en garaipenak gai honetan PSOE PPrekin lerrokatzera eraman dezake, ezer aldatu ez eta dagoenetik ere atzera jo nahi izatera. Konstituzioa funtsezkoan ez aldatzera, autogobernua ahalik eta gehien mugatzera. Ezinbestean talkara daraman horretara. Eta Euskadik adostasun zabala behar du, bai, baina aurrera egiteko prest daudenena.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad