Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joseba Arruti
Lunes, 27 de febrero 2017, 01:44
Denbora ez doa alperrik Kataluniako auzian. Gaur bertan Convergénciaren ordezko PDeCAT-eko Diputatuen Kongresuko eledun Francesc Homs epaituko dute Auzitegi Gorenean, 2014ko azaroaren 9ko galdeketa dela eta. Ez da akusatuen aulkira daramaten lehen buruzagi politiko kataluniarra, hil honen 6an Artur Mas presidente ohia eta Joana Ortega eta Irene Rigau sailburu izandakoak epaitu baitzituen Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak, prebarikazioa eta desobedientzia leporatuta.
Hala, independentzia prozesua burutzeko azken galdeketa egin beharko litzatekeen urtea epaileen aurrean hasi dute berorren abiapuntuan bultzatzaile nagusi izandakoek. Politikaren porrota islatzen du horrek, elkarrizketa ezaren ondoriozkoa. Itxaropena galtzerik ez dagoen arren -urtarrilaren 11n Rajoy eta Puigdemont Moncloan bildu izana ez da gutxiestekoa, nahiz eta bertan ezer lortu ez-zu, judizializazioak muturreko jarrerak elikatzen ditu, alde bakarrekoak. Luze jo du aurrez aurreko elkarrizketa abiatzeak, eta ez zaio sakoneko auziari heldu. Baina Generalitateak jakin badaki prozesuak babes handiagoa behar duela bururaino eraman ahal izateko, eta Espainiako Gobernuak, aldiz, goizago ala beranduago berba egitea eta negoziatzea dagokiola lehen mailako arazo politiko hau behingoz bideratzen saiatzeko.
Izan ere, azken urteotan Katalunian jazotakoa ez da iparra galdu duten lau buruzagi arduragaberen ateraldia. Askoz ezinegon sakonagoaren eraginezkoa da, gizartearen zati handi batek sentitzen duenarena. Estatut-a eguneratzeko prozesuan Alderdi Popularra oso gogor aritu zen, bere interes politiko behinenekoei soilik erreparatuta. Rodríguez Zapateroren aurka jo eta hauteskunde orokorrak irabaztea helburutzat hartuta, ukaziorainoko demagogia baliatu zuten, gatazka bizituz. 2006ko urtarrilean presidente sozialistak eta Artur Masek nazio hitza hitzaurrean eta ez lehen artikuluan sartzea adostu ondoren, apokalipsia iragarri zuten popularrek, ezin baldarrago. Jatorriz Kataluniako Parlamentuak onartutakoa 'orraztu' ostekoa ere hitz gordinenekin hartu zuten, eta berorren onarpenerako Espainia mailako galdeketa egiteko sinadura bilketari ekin zioten.
Erreferendumean baiezkoa zabal gailendu arren, Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztuko zuela iragarri zuen PPk, eta baita egin ere, urte bereko uztailaren 31n. Kataluniaren nazio izaera eta sinbolo nazionalak Konstituzioko nazionalitate kontzeptuarekin lotu eta Espainiaren «batasun hautsezina» aldarrikatzen zuen epaia 2010ean plazaratu zen, azkenean. Baina bide horretan, erkidego hartako gizartearen zati bat independentziaren alde lerrokatu zen, Estatuaren egituretan Kataluniak demokratikoki bideratutako eskaeretarako inolako espaziorik ez zegoelakoan.
Frustazioa
Alderdi Popularrak, beraz, ardura itzela izan zuen Estatut berriaren osteko frustrazioa eragiterakoan. Horregatik, eta gaur egun Gobernuan dagoelako, zeregin berezia dagokio egoera bideratzen saiatzeko, elkarrizketa azkeneraino eramateko, kataluniarren gehiengo baten eskaeren aurrean gorrarena ez egiteko. Independentzia gura dutenez gain, asko direlako autogobernua beste maila batera eramatearen aldekoak, jatorrizko Estatut berriaren espiritua berreskuratzearekin bat datozenak. Eta auzi honi ezin zaio buruzagi sorta bat epailearenera bidalita erantzun, guztiz politikoa delako, benetako ezinegon soziala adierazten duelako. Horrek ez du esan nahi independentzia prozesuak babes nahikoa duenik, edo zenbait alderditan egon litezkeen ustelkeria kasuak ikertu behar ez direnik. Baina guzti horren gainetik Estatuaren egungo lurralde egiturak egokitu ezin duen arazo sakona dago Katalunian, ausardiaz, irudimenez eta errealismoz bideratu beharrekoa.
Horregatik, azkenaldiko epaiketok albiste txarra dira. Espainiarekin apurtu nahi duen Kataluniako gizartearen ia erdia da arazoaren tamaina erakusten duena; eta horraino eraman duen prozesu historikoa, konponbide bila aintzat hartu beharrekoa. Ziurrenik, galdeketa bihurtutako azken hauteskunde autonomikoetan nagusitutako oreka hark elkarrizketaren aldeko dinamikei ekitera bultzatu beharko lituzke aldeak, bestelakorik posible ez delako batik bat. Kataluniaren aitortza nazionalak benetakoa izan behar du, mamizkoa, hori ukatzetik ezinezkoa baita azken urteotako inertziak gainditzea. Rajoy ez da arriskatzen duten horietakoa, baina honakoan Estatut berriaren aurrean hartutako jokabidearen guztiz kontrakoak baino ez dio aurrera egiteko aukerarik emango. Orduko ukazioa enpatia izan beharko da orain; orduko demagogia, pedagogia. Ez dago beste biderik arazoa handitu, muturtu eta haustura saihestezin bihurtu gura ez bada.
Gero etorriko dira gainerakoak: nork gobernatu behar duen norekin Katalunian, prozesuaren eraginez ERC aurrera begira lehen alderdi izango ote den eta abar, baina premiazkoena jokalekua ahalik eta babes handienarekin argitu eta berritzea da, bertako gizartearen frustrazioa aurrera begirako ilusio bilakatzea. Politikariei dagokie lan hori, eta Kataluniako gizarteari bere etorkizuna erabakitzea. Oraindik badago goi mailako politikarako aukerarik, berdinketa antzeko hori onerako baliatzerik. Arazoaren sakontasunaz eta konplexutasunaz ohartuta ekin behar zaio, Estatuaren aniztasuna aintzat hartu eta horri egokiro erantzunda. Izaera nazionaleko erkidegoetako gehiengoen gogoei ateak itxita erantzuten bazaie, Kataluniakoa eta etor litezkeen bestelakoak geraezinak izango dira. Horregatik, lurralde egituraren nondik norakoak eguneratzea eta egokitzea ezinbestekoa da dagoeneko, eta geroko gerotan ibiltzeak edo epaitegietara jotzeak ez du deus konponduko.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.