Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joseba Arruti
Lunes, 20 de febrero 2017, 01:56
Indarkeria baliatzea bere helburu politikoetarako zeharo kaltegarri zela behingoz barneratzearen ondorioz ezker abertzaleak bere osotasunean hartutako erabaki estrategikoak ahalbidetu zuen 2011ko urriko ETAren behin betiko su etena. Geroztik, prozesu luze bati ekin zaio, iragan bortitzak utzitako saminari aurrez aurre erreparatzekoari, horren eraginezko ondorio latzenetakoak bideratzekoari, neurri bateko autokritika eta aitortza egitekoari, bizikidetza ahalbidetzeko ekarpenak zehaztekoari. Tresna ez zilegizkoen erabilpenaren ingurukoa barik errealitateak inposatutakoa izan zen, batik bat, egindako hausnarketa eta osteko urratsa. Baina euskal gizartearen gehiengo zabalak aldarrikatutako oinarrizko eskaerari egokiro erantzuten zion neurrian, onugararria izan zen erabat. Hiltzeari uztea ezinbestekoa zen agertoki berriak posible izan zitezen, indarkeriaren aldeko kultura politikoa desagertarazteko. Beti da hobe jauzi hori etsai bihurtutako aurkariaren suntsiketa fisikoa sekula onartzerik ez dagoela iriztetik egitea, politika eta bizitza bera ulertzeko modu berri bat islatzen duen neurrian; eta ez taktizismo hutsetik abiatzea, horrek gerora ere maila etikoko hainbat gabezia eragiten dituelako. Baina premiazko helburua bete egin zen, hildako gehiagorik ez izatea, eta abiapuntu horrek bestelako aukera politiko, sozial eta ekonomikoak eskaini zituen.
Geroztik lortutakoa oso garrantzitsua izan da. Alderdien arteko hasierako errezelo gaindiezinak neurri batean indargabetzen joan dira, eta askotariko bilerek eta elkarrizketek aro berri baten hasiera islatu dute. Iñigo Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzak katalizatzaile lan fina egin du Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez, Jonan Fernández eta bere taldearen ahalegin serio, zorrotz eta sinesgarriari esker. Zubiak berreraikitzen aritu da, arazoei aurre egiten eta konponbideak behin eta berriz planteatzen. Batekoen eta bestekoen aurrean erakutsitako adoreak, maila politiko, tekniko eta humanoko gaitasunak, lau urtetan hainbat aurrerapauso egin ditu posible, zentzu zabaleneko normalizazioa iragana ondo kudeatzetik eraikiko dela jakinda. Gutxieneko zoru etiko partekatu batetik lor daiteke hori, osagarri direnak alboratu eta funtsezkoei elkarrekin heltzetik. Hala, Jaurlaritza, eta honen ekimenari esker baita Legebiltzarra ere, sakoneko hainbat auzi bideratzeko ezinbesteko eragile bilakatu dira, ehundaka hildako utzi dituen aroari amaiera emateko ardatz modura indarkeria errotik errefusatuta, biktimei dagokien aitortza eskainita eta aurrekoarekin lotuta konpontzeke dauden hainbat arazori aurre eginda.
Ezin esan daiteke azken urteotan ezer aldatu ez denik. Alderdi gehien-gehienek lagundu dute horretan, nahiz eta Alderdi Popularrak, Espainiako Gobernutik zein EAEtik bertatik, ezker abertzalearen aurreko erabateko irmotasunari eutsi dion, indarkeriaren garaikoa dirudien jokabidea baliatuta. ETAren armagabetzeari eta talde horretako presoen hurbilketari buruz gehiago egin ahal izatea eragotzi du horrek, bi gai horiek aspalditik usteltzen ari baitira, euskal gizartearen gehiengoaren borondatearen aurka.
Ezker abertzaleari, ostera, oso zaila zaio indarkeria baliatzea gaizki egon dela onartzea eta aldi berean bere ibilbidea justifikatzea. Horregatik ari da, gehiegitan, bere kontraesanen zurrunbilotik atera ezinean. 1978an hartutako bere bideak zenbatgura samin eragin du, eta politikoki antzua izan da erabat. Tarteon eraikitako guztia mespretxatu izan du, baita euskal autogobernuak eskainitako tresnen bitartez lortutakoa ere. Baina azkenean ezin izan dio aurre egin herritarren borondatean oinarritutako errealitate egoskorrari, euren proiektu politikoa baino askoz sendoagoa den horri. Hainbat aukera galdu zituen Estatuarekin negoziatzeko eta inora ez zeraman bere estrategia zuzentzeko. Azkena, Rodríguez Zapatero presidente zenean. Egungo arazoetako asko horren ondorio dira, hain itsu egoteak alde bakarreko urratsak egitera behartu dituelako azkenean. Hala, Espainiako Gobernuarentzat gaur egun politikoki errentagarriagoa da ezer ez egitea, ezer ez ikutzea, eta hori indarkeriaren aroa behin betiko itxitzat eman ahal izatearen kaltetan doa, bai, baina aldi berean ezker abertzalearen kontraesanetako asko areagotzen ditu. Eta, hainbestetan egin duen legez, honek beste zenbait eragileri errua botata ekiten dio, batik bat bereak diren betebeharretako askoren zama gainetik kendu guran.
Azken hilabeteotan ezker abertzalea atzeraka ari da behin baino gehiagotan. Urkullu lehendakariak berak esan berri du, arrazoiarekin, EH Bilduk bakearen eta bizikidetzaren inguruan dioena iraganari dagokiola, koalizioan Sortu delako nagusi. Alde horretatik, bere burua itxuraberritzeko ezker abertzaleak duela oso gutxi burututako prozesuak ez du maila honetako hoberako ekarpenik egin. Neurri batean, gainditutako dinamikak baliatzen ari da berriz, 35 urteko ibilbidea ahal duen neurrian zuritzeko eta gainerakoak zikintzen saiatzeko. Horren adibide garbia da Ertzaintzaren aurkako kanpaina gordina, EA bestelako iritzia plazaratzera behartu duena. Giza eskubideetaz inoiz batere arduratu ez eta horiek urratzen ibilitako zenbait ari dira horretan bultzaka, balizko tortura edo tratu txar kasuak salatzea barik xede politikoa oso bestelakoa delako. Asmoa ez da egia azaleratzea, norbere lotsak, ezintasunak eta mugak ezkutatzen saiatzea baizik. Orain garaile eta garaiturik gabeko bakea nahi dutela diotenetakoak dira sasoi batean erailketak gatazkaren halabeharrezko emaitza zirela esan eta jo ta ke, irabazi arte oihukatzen zuten berberak. Ausardia eta konpromisoa behar ditu etorkizunak. Ez ohiko jokabide makurrenetara itzultzea, ez gizartearen gehiengoari lepoa ematea, ez demagogia, ez muturkeria.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.