Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
joseba arruti
Lunes, 13 de febrero 2017, 00:18
PPren logotipokoa txenada ei da, kaioa beharrean. Hala argitu dute estatutu berrietan. Dezenteko oihartzuneko aldaketa izan da, egin ez direnen adierazgarri edo; sakonekoak dirauenean azalekoei buruz jarduten baitute hedabideek. Egonkortasuna aldaketa ezaren eta euste hutsaren pareko bihurtu dute PPkoek, eta arrakastaz. Barruko orekak gorde gura izan ditu Rajoyk biltzarrean, ezer ez hausteko, tentsiorik ez sortzeko. Sáenz de Santamaría eta Cospedal-en arteko ezinikusien ondoriozko lehia garaile eta garaiturik gabe amaitu da oraingoz, inork zaratarik egin ez dezan, inor mugi ez dadin. Idazkari nagusi legez jarraitzeko helburua bete du bigarrenak, nahiz eta Martínez-Maíllo koordinatzaile orokor berria arduratuko den eguneroko kontuez. Karguen pilaketa eragozteko egindako proposamenaren bozketaren kontaketan iruzurra salatu dute ekimenaren bultzatzaileek, baina Cospedal-ek aldi berean idazkari nagusi, Defentsa ministro, diputatu eta Gaztela-Mantxako PPko presidente izaten jarraituko ahal izango du.
PSOE eta Podemos-en egoera nahasiak baliatuta, inoizko adostasun mailarik handiena erakustea izan da popularren asmoa, barruko gorabeherez barik Espainiak dituenez arduratuta daudela irudikatzea, gizartearen aurrean berme modura agertzea. Oposizioko bi alderdi nagusiek erraztasun guztiak eman dizkiete horretarako. Lehenek Rajoyren inbestidurako abstentzioaren aurreko barne zatiketa sakon eta larriaren erruz, alternatiba izateko gaitasuna luzarorako galdu dutelako. Eta bigarrenek, Vistalegre II deritzan horretan muturrekoenak gailendu direlako eta euren eztabaida gordin eta pertsonalismoz betetakoekin zatiketaren hazia erein dutelako. Lasai dago PPko presidentea, lasai alderdiko buruzagitza eta kideak. Boterean egotea batasunerako itsasgarri ezin hobea da beti; eta aurkariak guztiz jota daudenean, erabateko bozkarioa gehitzen zaio.
Berdin dio kongresua hasten zen egun berean Gürtel auziko zigorrak ezagutu izana, arrotza zaien zerbait bailitzan egin diotelako aurre. Ustelkeria barru-barruan izan du PPk luzaroan, maila guztietan, baina boterearen eta justiziaren arteko harreman estu eta kutsakorra zein zerbaitetan iaioa denaren abilezia eta trikimailuak baliatuta lortu dute, orain arte, salaketa oldea ia kalte politikorik gabe gainditzea, goi kargudunetako asko ez zipriztintzea. Bere balizko botoemaileen jarrera ez da jokabide horiek zigortzekoa izan, nahiz eta Rajoy eta bere taldea epel aritu diren kasurik gehienetan. Arlo honetan autokritika sakonik egin gabe jarraitzen du PPk, ustelkeria zerbait pertsonala delakoan edo. Auzitara eramandakoak, baina, ez dira bakarka aritu diren gizon-emakumeak, alderdiaren itzalpean ibilitakoak baino. Horrek hauteskundeetan kalte handirik egin ez izana da Rajoy beraren jarraipenaren azalpen nagusietakoa, gizartearen zigorrik gabe ez baita barruan benetako aldaketarik egingo.
Hala, kongresua jarraipenarena izan da, zentzu eta maila guztietan. Egungo Estatu eredua da PPrena, eta ez dago ezertan sakontzeko prest. Kataluniari dagokionean, Espainiako batasuna aldarrikatu du Gobernuko presidenteak, beste behin, bertako arazo politiko konplexuari zein irtenbide eman azaldu gabe. Nortasun nazionaleko erkidego batean ia populazioaren erdia independentziaren alde dagoenean eta horri begirako prozesuaren azken txanpak zuzenean talka egitera daramanean, buruzagi politiko arduratsu batek ezin du axolagabe agertu, ezin du edukirik gabeko hitz potolo eta sutsuetan babes hartu. Auziaren jatorriari erreparatu behar dio, eta norberak horretan izan duen ardura aztertu, irtenbideak proposatzeko. PPk erasokor jokatu zuen Kataluniako Estatut berriaren aurrean, eta badu zertaz hausnartu, zer zuzendu. Azkenean independentzia prozesuak huts egitekotan, alternatibak beharko dituzte kataluniarrek, eta ezingo dira eskaini Estatuaren lurralde egituraren egungo ereduan ezer aldatu gabe.
Egunerokoa kudeatzea ez da nahikoa edozein herrialdek aurrera egiteko. Anbizio politikoa behar da hortik aurrera jotzeko, ikuspegi estrategikoz jokatzeko. Alde horretatik, hainbat arlotan akordio zabalak bilatzea legokioke Gobernuko presidenteari, pentsioen arloan, hezkuntzarenean, justiziarenean eta abar luze batean. Konstituzioaren erreforma mahai gainean jarri zuen sasoi batean, baina dagoeneko ez du horretarako prest ematen. Euste hutsekoa da bere jarduna, dena ustezko egonkortasunaren menpe jartzekoa. Baina arazoak zenbat eta gehiago usteldu orduan eta premiazkoagoak izango dira gero aldaketak. Asko hitz egin da Rajoyren nortasunaz, nolabaiteko bere nagitasun politikoaz, gatazkei dien izuaz, eta beste inor baino patxadatsuago agertze hori izan liteke bere iraupenaren gakoetakoa, baina epe luzera begira litekeena da estrategia horrek sakonekoan huts egitea. Hala, erreformistak direla azpimarratu du PPren kongresuan, baina euren erritmopean ariko direla gaineratuta. Esaldi hori oso esanguratsua da, ia ezer aldatu gura ez duen norbaitek baino ezin duelako horrelakorik esan, politikaren ikuspegi oso kontserbatzailea duen batek.
Laster inor gutxik gogoratuko du popularrek euren 18. kongresua egin dutenik. Baina eurei baino ez dagokie eman nahi izan dioten kutsuaren ardura. Gobernuaren jardunak, aldiz, herritar guztiei eragiten die. Eta eremu horretan jokatu behar da zorrotz gizartearen aldetik, demokrazia heldu orori dagokion legez. Egonean geratuta arazoak pilatzen joango dira. Baina Rajoyk ez du ekimenik abiatuko, ez dio inori benetako aldaketak egiten aurrea hartuko. Dagoeneko ez dago zalantzarik horretaz. Horregatik da hain beharrezkoa gainerako eragileen bultzada. Eta, besteak beste, PSOEk eta Podemos-ek euren zilborra begiratzeari behingoz uztea.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.