Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joseba Arruti
Lunes, 6 de febrero 2017, 00:21
Estatuko ezkerra gerra zibilean dago, itsu. Sozialistak sozialisten aurka, Podemos-ekoak berdintsu, eta alderdi bien arteko harremanak inoizko txarrenean. Duela urtebete elkarrekin gobernatzeko aukera alperrik galdu izanak euren gabezia eta kontraesan guztiak lehertarazi ditu gerora, ezadostasun estrategikoak maila pertsonaleko ezinikusi bihurtuta. Edo, zenbait kasutan, alderantziz. ... PSOEn Patxi López-i Pedro Sánchez aliatu estu ohia gehitu zaio idazkaritza nagusia eskuratzeko lehian, eta laster egingo du urrats bera Susana Díaz Andaluziako Juntako presidenteak, oraingoz barruko krisiak bere irudiari egindako kaltea gutxitzeko kanpainan dabilen arren. Beste ertzean, Pablo Iglesias eta Iñigo Errejón-en arteko norgehiagoka muturreraino gordindu da, aurrerantzean elkarrekin jardutea ia ezinezko egiteraino. Eztabaida biziez haratagoko dinamikak dira alderdi bietan nagusitu direnak, bataren zein bestearen batasuna kolokan jarri eta, egoera zeharo aldatu ezean, ezkerraren berrantolaketa ere eragin lezaketenak.
Bitartean, Mariano Rajoy lasai asko dago. Ekaineko bere emaitzek dezente hobetu zituzten abendukoak, eta inbestidurako sozialisten abstentzioak indarberritu egin du. Ciudadanos-ek behar luke haren solaskide nagusia, lehentasunezkoa, baina gainerakoen arteko beste zenbait alderdirekin ere, tartean PSOErekin, badu negoziatzeko aukera. Azkenok erabat ahulduta eta noraezean dabiltzan neurrian, Gobernuko presidentea oso sendo dago, aritmetika hutsak adierazten duena baino gehiago. Hauteskundeak aurreratuko balitu sozialisten hondamendia historikoa izango litzateke, beste behin, eta agertoki hori saihesteko behar beste eskainiko dio Javier Fernández buru duen Batzorde Kudeatzaileak. 1978ko sistema politikoaren bi ordezkari eta bermatzaile nagusiek badakite legealdiko egonkortasuna baino askoz gehiago dagoela jokoan, elkarren arteko babesak, konplizitateak eta konpromisoak ahalbidetu duen eredua bera.
Mugak
Pedro Sánchez PSOEren idazkaritza nagusira itzuliko balitz, nolabaiteko haustura gerta liteke popularrekin, baina mugatutakoa ziurrenik, politikan inork ez duelako bere buruaz beste egiten. Buruzagi sozialista izandakoak ezker kutsuko eta PPri aurre egiteko mezuan oinarritzen du bere kanpaina orain, baina ez hain urrutiko sasoi batean Ciudadanos lehenetsi zuen kide modura. Ustez izan duen bilakaeraren ondorioz, bere garaipenak ezkerreko alternatiba osatzen hastea erraz lezake, nahiz eta barne haustura hain handia denez ikusteko dagoen Alderdi Sozialistak zein egoeratan amaituko duen egungo prozesua. Zatituko balitz, eta egun ez dago hori baztertzerik, bigarren mailako eragile izango da denbora luzez. Patxi López erdibideko alternatiba gisa ari den arren, Susana Díaz-en aitabitxi bertsuak dituenez, gehiengoa osatzeko pieza izan daiteke azkenean, aurrekoaren mesedetan alderdiaren zati bat behintzat Sánchez-en esku gera dadin ekiditekoa. Díaz eta Iglesias nagusitzen badira PSOEk eta Podemos-ek elkarri mokoka jarraituko dute. Sánchez eta Errejón-en garaipenak, aldiz, bi alderdien sektore zabalen arteko lankidetza ahalbidetuko luke, baina hautu hori larrutik ordainduta.
Moreek barne demokrazia hartu nahi izan zuten ezaugarrietakotzat euren sorreran, alderdi 'zaharretatik' bereiztu eta egiteko modu berri bat indarrean jartzeko. Baina praxia askoz arruntagoa izan da, ajez betetakoarena. Arazoei erantzun eraginkorrak ematen barik, euren zilborrari begira ematen dute gero eta gehiago Podemos-eko buruzagiek, basatzez betetako jokalekuan politikaren alderik maltzur eta nahasgarriena bikain menperatzen dutela erakutsiz. Publikoki elkarren artean erasokor ari dira, bai, baina areago eremu pribatuan, iraina baliatzeraino. Hortik jota nekez eutsiko dio bere batasunari alderdiak, eta epe laburrean agian ez baina ertainean banaketa ekidinezinezkoa izango da. Giroa horrenbeste kutsatzen denean, gutxieneko konfiantza eta leialtasuna hausten dira, eta egungo lehiak aspaldi gainditu ditu ideien elkartruke soil baina aberatsaren mugak.
Alternatibak non?
Sistema ekonomikoa azken hamarkadetako krisirik sakon eta zitalena gainditu guran dabil. Eztanda egin zuenean arautze nahikorik ezaren eraginezko gehiegikeriak identifikatu ziren horren iturburutzat, eskumako hainbat gobernuk ahalbidetutakoak. Baina ezkerreko alderdiek sozialdemokratek zein horien ezkerrean kokatzen direnek ez dute asmatu benetako alternatibak proposatu, gizarteratu eta indarrean jartzen. PSOEk ez zuen krisia zetorrela ikusi, eta eredu propiorik gabe egin zion aurre, kontraesankor, kikilduta, ezinean, zenbait neurri antisozial onetsiz, Gobernua PPri ia oparitzeraino. Hondamendi horretatik sortu zen gerora Podemos, egitasmo eraldatzaile gisa, bateko eta besteko hainbat jenderen bilgune izanda. Baina, besteak beste, porrotik erabatekoena eragin duten atzerriko zenbait gobernuren aholkulari izandakoen errezeta ekonomikoek nekez osa lezakete zeharkako sektore zabalen babesa jasotzeko moduko alternatibarik eta, horren isla, geroztiko hauteskundeetan emaitza onak lortu dituzten arren laster jo dute sabaia buruarekin. Jarrera sektario eta handinahiek ez diete hori gainditzen lagundu, eta orain elkarren artean mokoka aritzeko ere baliatzen dituzte.
Egoera honetan, PP ezin erosoago dago, Kongresuan gehiengo nahikoa izan ez eta horrek buruhausteren batzuk eragiten dizkion arren kontrol politikoa berea delako, begibistako alternatibarik gabekoa. Ondorioz, egonkortasunaren bermatzaile bakar modura joka dezake. Sozialistek alternatiba erreala ala PPren noizbehinkako makulu izan nahi duten aukeratu beharko dute, corpus ideologiko propio, aurrerakoi, irudimenezko eta garaiotara egokitua landuz ala sozialiberalismoari heldu eta alde izan dituzten ohiko hainbat sektore galtzen jarraituz. Podemos-ek ere badu egin beharreko bere hautua: krisiak gehien jipoitu dituenentzat tresna eraginkor izan ala ustezko benetakotasunaren izenean hutsaltasunera arteko bidean barrena abiatu. Batzuk zein besteak ataka historikoan daude, erabakitzen dutenak urte luzetarako ondorioak izango dituelako.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.