Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joseba Arruti
Lunes, 30 de enero 2017, 01:51
Elkargoaren lehen osoko batzarrean bildutako 231 hautetsietatik 157ren sostengua jasota, Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapeza izango da erakundeko estraineko lehendakaria. Ez da nolanahiko babesa lortu duena, eta indar nahikoa ematen dio oinarrizkotik egitura berria abian jartzeko. Izan ere, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoa biltzen dituen ... horrek zenbatnahi du egiteko, hainbat eta hainbat arlotan. Etxegaraik aukeratua izan bezain laster adierazi zuenez, lan handia dugu aurrean, baina ez gaitu beldurtzen.
Euskal Elkargoa osatzea iaz erabaki zuten bozketa bidez Iparraldeko herriko etxe edo udalek, eta gehiengo zabal batek egin zuen alde. Hiru gune edo maila nagusi izango ditu: Elkargo Kontseilua, 233 kidek osatutakoa; Batzorde Iraunkorra, 69 kidekoa; eta Batzorde Eragilea, 25 hautetsi bilduko dituena. Batzuentzat helburua beteta dago berorrekin, eta beste zenbaitzurentzat bestelako urratsak egiteko abiapuntua baizik ez da. Dena den, hiru lurraldeetako bizilagunen borondate politikoaren arabera joango da hori zehazten, Frantziak ezartzen dituen muga zorrotzen barruan izan beharko duen arren.
Iparraldean politikak ezaugarri eta erritmo propioak ditu, historiaren, indarrean dagoen instituzionalizazioaren eta nortasun jakin baten araberakoak. Eta hori ondo ulertzea ezinbestekoa da abian jarritako prozesua behar bezala interpretatu eta dagokion testuinguruan kokatzeko. Hegoaldeko, eta bereziki Euskal Autonomia Erkidegoko jokamoldeek, balio mugatua dute bertan eta, ondorioz, euren txikitasunean Bidasoaz bestaldeko lurraldeen konplexutasuna aintzat hartzea ezinbestekoa da, bertotik ekarpen eta lankidetza emankorrak abiarazi gura badira. Asmo paternalistek, borondaterik onenekoek ere, nekez lor dezakete epe luzeko probetxuzko emaitzarik, eta bertatik sortu eta landutako dinamikak dira atzeraezinezko bihur daitezkeenak, hango errealitatea interes politiko, ekonomiko, sozial eta kultural propioen eskutik emeki-emeki aldatuko dutenak.
Hegoaldeko erakundeek badute, baina, zertan lagungarri izan, eta aukera ugari dago orain arteko harremanak estutzeko eta elkarrekin maila askotan jarduteko. Ezagutzak eta lankidetzak ahalbidetuko dituzte gerorako bestelako hainbat dinamika, bakoitzaren nortasuna errespetatuta Europa mailan euskal eremu bat gero eta gehiago nabarmentzeko. 200 milioi euroko aurrekontua lagun, oraingoz Elkargoak eskumen mugatuak ditu, garapen ekonomikoarekin, lurralde antolaketarekin, ingurumenarekin eta etxebizitza arloarekin lotutakoak, besteak beste. Kultura, eta bereziki euskara, bere agendako bestelako lehentasunetakoak izan behar dira. Badaude, beraz, maila instituzionalean elkarri begira jartzeko arloak, EAEtik eta Nafarroatik oso aintzat hartu beharrekoak. Etxegarai aukeratu zuten ekitaldian Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eudel-eko ordezkariak egon izana borondate horren erakusgarri da. Eta asteon Iñigo Urkullu lehendakariak Euskal Elkargoko buruari egingo dion bisita urrats garrantzitsua da norabide horretan, zeharo positiboa.
Frantziako Iraultzak efektu disruptiboa izan zuen Iparraldeko historian, nortasun propioa homogeneizazioaren izenean estaltzen saiatzekoa. Euskal Herriaren hango zatiak ez du geroztik inolako aitortzarik izan, nolabaiteko ikuspegi folklorikotik haratago. François Mitterrand-ek 1981eko hauteskunde kanpainan Euskal Departamentua sortuko zuela agindu arren, bere hitza jan zuen Errepublikako presidente aukeratua izan bezain laster. ETAren indarkeria pil-pilean zegoela Espainiarekiko lankidetza lehenetsi zuen buruzagi sozialistak, eta agertoki horretan ez zegoen lekurik bi aldeetan euskal egitura politikorik sortzeko. Oraingoa ez da orduko asmoaren tamainakoa, Frantziako departamentuak gero eta erraldoiagoak direlako eta sortu berri dena askoz maila apalagokoa delako; baina aurrerapausoa da, zalantzatik gabe.
Elkargoaren egitekoen artean euskarari dagokiona bereziki da nabarmentzekoa. Jean-Rene Etxegaraik esan duenez, ez du ulertzen Frantziak Hizkuntza Eskubideen Europako Gutuna berretsi ez izana, berak euskararen koofizialtasuna aldarrikatzen duelako. Baina, aldi berean, herrialdeko konstituzioa jarri du egin dezakeenaren mugatzat, eta 2. artikuluak Errepublikako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa dela ezartzen du. Beraz, bere gurariaren eta lege mailako errealitatearen artean mugitu beharko du, eta dirudienez bigarrena izango da bere zereginaren ardatz. Ondorioz, ez dirudi maila horretan epe laburrean aldaketa handirik izango denik, baina ez da gutxietsi behar Euskararen Erakunde Publikoak orain arte bezala aurrerantzean ere egin dezakeen ekarpen baliotsua. Arlo horretan lan handia dago egiteko, eta funtsezkoa izango da EAE, Nafarroa eta bertako erakundeen arteko lankidetza, bakoitzaren aukeren eta errealitatearen arabera hizkuntzaren sustapenean aurrera egiteko.
Euskal Herriko alde ezberdinak euren bidea jorratzen dabiltza, berezko egiturekin, baina beti egon beharko dira elkarrekin hausnartzeko eta eskutik joateko moduak, topagune modukoak, osagarritasuna lantzekoak. Elkarrenganako errespetutik, jakina. Bakoitzaren errealitate soziopolitikoa oso aintzat hartu eta horien araberako eremuak onartzetik. Hortik aurrera, hamaikatxo aukera dago etorkizuna bestela irudikatzeko. Inoizkorik handienak, seguruenik.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.