Patxi López.

Datorren lehia

PSOEko idazkari nagusi izateko bere burua aurkeztu ostean, Patxi Lópezek maiatzeko primarioetarako lehia abiatu du. Susana Díaz-ek laster jarrai lezake, eta Pedro Sánchez-ek ere hilabetea amaitu aurretik eman ditzake ezagutzera bere asmoak

Joseba Arruti

Domingo, 22 de enero 2017, 23:27

Alderdi Sozialista azken hamarkadetako bere krisirik sakonenean dago, eta giro horretan erabaki du idazkari nagusi berria aukeratzeko primarioak maiatzean egitea, eta alderdiaren 39. kongresua ekainaren 17an eta 18an. Barruko giroa garraztasunez betetakoa da azken hilabeteotan, hedabideek behin eta berriz ezagutzera eman dutenez. Pedro Sánchez kargua ... uztera behartu eta Batzorde Kudeatzailea abiatu zutenak Susana Díaz-en erritmora aritu dira, berorren interesen arabera. Zatiketa arriskua ez da uxatu, batzuen eta besteen jokabideek eta adierazpenek islatzen dutena aintzat hartuta. Baina jokalekua zehaztu da azkenean, datak erabaki dira, eta lehiakide izan nahi dutenek urratsa egin behar dute, ahalik eta arinen. Patxi López izan da lehena, nahiz eta bere erabakiak lidergoa eskuratzera baizik kongresuaren ostean ahalik eta hoberen kokatzera zuzendutakoa ematen duen. Eta, aurrekoarekin lotuta, beharbada, Sánchez ahultzera.

Publicidad

Bitartean, Susana Díaz hainbat erkidegotan ari da oraindik ofiziala ez den kanpaina egiten, ustez militanteekin besterik gabe harremanetan jartzen. Baina jakina da Andaluziako Juntako presidenteak laster iragarriko duela bere hautagaitza, eta maila orotan ondo egituratutako babesa duela atzetik. Berak eta bere aldekoek hilabete asko daramatzate oraingo guzti hau prestatzen eta neurtzen, eta Alderdi Sozialistaren barruko zein inguruko hainbat botere faktiko dituzte alde. Sánchez kargua uztera bideratutako operazioak sekulako zatiketa eragin zuen, eta kalte egin zion nabarmen Díaz-en irudiari. Hori sendatu guran ibili dira azken hilabeteotan, nolabaiteko pedagogia egiten eta andaluziarra etorkizunera begirako berme modura agertarazten. Kongresua egiteko epea ahalik eta gehien luzatu dute horretarako, baina ikusteke dago estrategia horrek arrakasta lortuko ote duen.

Díaz indartzearekin batera, Pedro Sánchez ahultzea izan da egindako guztiaren jomuga nagusia. Mariano Rajoyri inbestidura saiakeretan behin eta berriz ezezkoa emateko bere erabakiak, militantziaren zati handi baten babesa eman zion idazkari nagusi izandakoari. Eta horixe izan da, hain zuzen, lider ohiaren funtsezko indargunea, baroien eta bestelako barne egituren gainetik zuzenean militanteen sostengua jaso izana. Erori ondoren egin dituen agerraldi publikoak jendetsuak izan dira, Valentziako estrainekoa esaterako, baina inguruan zituenetako zenbait distantzia hartzen hasi zaizkio azkenaldion, eta hirugarren aukera baten alde egiten. Horietakoak dira orain Patxi López-en alde bildutakoak. Guzti horrek higatu egin ditu bere aukerak, eta militanteen borondatea ondo neurtzea dagokio primarioetara aurkezteko erabakia hartu aurretik. Ez dirudi Sánchez-ek Díaz-en aldekoekin konpromisoetarako inolako aukerarik duenik, hainbestekoa baita barne zatiketa eta ezinikusia. Eta ziurrenik, aurkeztu den lehen hautagaiak lehiaren azken aldera inorekin akordioren bat lortzeko ahalegina egitekotan andaluziarrarekin egingo du, barne boterea partekatzeko. Izan ere, buruzagi historiko erabakigarri direnetako askok begi onez ikusiko lukete hori jazotzea, López eta Díaz-en aldeko jarrera amankomunak eta Sánchez ahalik eta ahulen eta isolatuen uzteko asmoak bultzatuta.

Ustez, lehiakideek egitasmo zehatz bana izan beharko lukete, militanteei aurkeztu eta horiek erabaki dezaten. Baina PPrekiko harremana izan da batik bat azkenaldian PSOE barruko giroa gaiztotu duena. Ez da gutxi, baina nahikoa ote den ere ez dago argi. Trump-en gisako eskuin muturreko populistak boterea eskuratzen ari direnean, sozialdemokrazia desagertuta dago maila ideologiko eta estrategikoan. Europa osoko fenomenoa da gutxienez, berorren batasun prozesuan ere sakon eragiten ari dena. Euroaz eta lotura ekonomikoez gaindi, ez dago proiektu argi eta erakargarririk benetako batasun politikoa osatzeko eta nortasun sozial jakineko ildoa jarraitzeko. Eta, bitartean, kontinenteko alderdi sozialistak barne borroketan odolusten ari dira, askotan eskuinarekin lankidetzan dabiltzala.

Baina Estatuari begira ere, ez dago jakiterik sozialistek zer eskainiko duten, zein asmo duten epe ertain eta luzerako. Konstituzioaren erreformaren aldeko jarrera nabarmendu zuten sasoi batean, nahiz eta PPrekiko hurbilketak ezerezean-edo utzi duen guzti hori. Lurralde egiturari dagokionean, egitura federala lehenetsi izan dute, baina behar bezala zehaztu gabe, eta nortasun nazionaleko erkidegoen inguruko proposamen garden, bideragarri eta horietako gehiengoen borondatearen araberakorik ezagutzera eman barik. Beharbada, Díaz-ek nahiago izango du gai horietan PPren eskutik joatea, egungoari eutsita. Sánchez-ek, berriz, ausartago jokatzeko asmoa adierazi zuen bere azken aldian, nahiz eta haratago joan ez. Ez dira nolanahiko kontuak PSOEk datozen hilabeteotan argitu beharko dituenak. Funtsean, 1978ko ereduari eusten jarraitzea edo, dagoenean oinarrituta izan arren, aro politiko berri bat abiatzen saiatzea da jokoan dagoena, horretan jardutea, horretarako eragile nagusietakoa izatea.

Publicidad

Laster hasiko da zehazten sozialisten barruko lehiak zer emango duen, eta horren araberako zein etorkizun izan dezakeen PPren aurrean. Zatiketa oso sakona da, eta hori gainditzea asko kostako zaie. Botere jokoetan ibili beharrean, proiektu zehatz, egituratu eta landuak aurkeztu beharko lituzkete lehiakideek, ez edukirik gabeko hitz potoloak. Urte dezenterako euren etorkizuna edukiz betetzeko ordua heldu zaie sozialistei. Zer izan eta non kokatu nahi duten erabakitzekoa, osagarri ala alternatiba modura ekitekoa. Ekainera bitartekoek argituko dute zein den hartutako norabidea. Oraingoz, baina, bidegurutzean dabiltza. Galduta.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad