Borrar
El Euromillones del viernes: comprobar resultados del 31 de enero
Kale egin

Kale egin

Bilboko Alderdi Popularrak Memoria Historikoaren Legea ezbaian jarri guran kale izendegiaren inguruan abiatutako azken ekimena kezkagarria da erabat, askatasunik gabeko aro lazgarri bat zuritzen saiatzeko asmoa ematen duelako

joseba arruti

Lunes, 16 de enero 2017, 01:25

Dagoeneko, aski ezaguna da zer jazo den: PPren Bilboko Udal Taldeak proposamena aurkeztu zuen aurreko astean hiriburuko erakunde nagusiaren hurrengo osoko bilkuran Sabino Aranari, Dolores Ibarruriri eta Zumalakarregi jeneralari gaur egun dituzten kaleak kentzeko. Eta hori gauzatzeko, ahal izan dutenero gaitzetsi duten Memoria Historikoaren Legearen aplikazio zabal eta zehatza eskatu zuten, Bilboko izendegitik merezi ez duten pertsonaia guztiak egozteko. Ildo horretatik, lehenaren pentsamoldeari gerora ETAren gisakoak ahalbidetzea leporatzen zioten; bigarrenari, Gerra Zibilean jokabide ikaragarria izan eta Stalin bezalako diktadore odoltsu bati babesa ematea; eta hirugarrenari, Bilbo bonbardatu eta setiatzea. Guzti honen berri izan bezain laster, gainerako alderdi politikoek aho batez irmo salatu zuten popularren jokabidea eta EAJk, esaterako, lotsa historikoa iritzi zion. Jarraian, EAEko PPren presidente Alfonso Alonsok ekimena bertan behera utziko zutela helarazi zien hedabideei. Egun batzuk lehenago, urtearen amaieran, Bilboko Udalak Moyua plazako Zerga-Agentziaren etxe-aurretik arrano frankista kentzeko lanetarako lizentzia emana zuen.

Gertatutakoa popularren zinegotzi taldearen ateraldi soila izan balitz anekdota politiko modura gera zatekeen, nahiz eta hori osatzen dutenak barregarri samar agertu. Baina askoz gehiago da, PPk Memoria Historikoaren Legea edukiz husteko, desitxuratzeko eta lotsagarri uzteko egindako hamaikatxo saiakeren arteko bat delako. Eta indarrean dagoen lege bat higatu eta urratzea politikoki oso esanguratsua den sakoneko zerbaiten adierazgarri da, kasuon Errepublikaren aurkako altxamendu bortitzaren eta Gerra Zibilaren ostean ezarritako diktaduraren aurrean ulerkor antzera agertzearena, testuinguruaren arabera bidezkotzearena.

Historialariei dagokie Bigarren Errepublikaren azterketa ahalik eta zehatz eta objektiboena egitea, baina aro demokratikoa izan zen, modu baketsuan ezarritakoa, askatasuna eta eskubideak zabaldu zituena, eta 30. hamarkadan Europa osoko demokraziei gertatu zitzaien antzera muturrekoek ezegonkortu gura izan zutena. Horren aurka oldartu zirenek ia lau hamarkadako diktadura ezarri zuten ostean, jazarpen hutsekoa, eta eurena zen guztia inposatu zuten. Alde horretatik, Memoria Historikoaren Legearen helburuak ezin onargarriagoak dira, besteak beste bazterretan identifikatu gabe erail eta lurperatu zituztenen gorpuzkinak jaso eta familien esku jartzea edo-ta totalitarismoaren alde borrokatu zirenen ikurrak eta izenak kale-paisaiatik behingoz kentzea. Hori ez da zauriak berriz zabaltzen saiatzea, ikuspegi demokratiko batetik gutxieneko zorrak kitatu nahi izatea baizik. Eta horregatik da hain onartezina 2017an PP guzti hori oztopatzen ibiltzea, oinarri-oinarrizkoei ere muzin egiten dielako, erreximen demokratikoa defendatu eta gerran galtzaile izan zirenen ondorengoen gizatasunezko eskaerak baztertzen dituelako.

Estrategia zorigaiztoko hori bururaino eramatearren edo, Sabino Arana ETArekin lotzen ere saiatu da Bilboko PP. Ahalegin horrek barregura ala negargura eman lezake, aukeran. Norbere gabeziak estali nahian inguruko guztiak zikindu nahi izateak asko dio horretan ari direnei buruz. Abertzaletasunaren aitaren aurka ekin eta Historia faltsututa, Euskal Herriaren nazio aitortzaren aurka jotzen dute bide batez. Baina errealitatea aldatzerik ez dago, eta Sabino Arana Euskadiko alderdi nagusiaren sortzailea izan zen, nazio eraikuntzaren bidean beti demokraziarekin lerrokatu denarena; debekuak, jazarpena eta erbestea jasan izan dituenarena. EAJ abiatu zuena ETArekin lotu eta iraindu nahi izateak ezjakintasuna, fede txarra edo biak besterik ez ditu adierazten, mende betetik gorako ibilbide luze eta oparoa alperrik erasotzeko asmoa.

Alderdi Popularrak badu zer ikasi eta zer aurreratu memoria historikoaren arloan. Eta Bilbokoen antzekoekin justu aurkako norabidean doa. Ezin da epel jokatu honelakoetan, justizia kontua delako, demokrazia eta diktadura ondo bereiztea ezin funtsezkoagoa delako. Alfonso Alonsok egindako urratsa egokia da, ekimena baliogabetzekoa. Baina jazotakoak gai honen inguruan PPk duen sakoneko jokabidea agerian jartzen du beste behin, euskal gizartearen gehiengo ezin zabalago baten aurka bete-betean doana. Alde horretatik, ez da harritzekoa popularren proposamenak jaso duen arbuioa, iraingarria izan delako benetan.

Azken hauteskunde autonomikoetan emaitza benetan txarrak lortu zituzten Euskadin popularrek. Eta joerarik atzerakoenekin bat eginda agertze honek ez die mesederik egingo errealitate hori aldatzen saiatzeko. Ekimena erretiratzea ez da nahikoa, alde horretatik. Justizia egitea ez da zauriak zabaltzea, Europako edozein herrialde demokratikotan euren iragan beltzenari aurre egiteko moduek erakutsi duten legez. Lau hamarkadatan ukazioa inposatu zuen diktaduraren aztarnak ezabatzea betebehar demokratikoa da, eta hobi komunak hustu eta haren biktima izan zirenei merezi duten aitortza egitea. Franco hil zenetik 40 urte pasa eta gero hori egiteke egoteak lotsa eragin beharko luke. Baina badira hori aldatu gura ez eta harro-harro aldarrikatzen dutenak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Kale egin