Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joseba Arruti
Lunes, 2 de enero 2017, 01:50
Gehiengo nahikorik ez dagoenean alderdiek negoziaziorako gaitasuna zorrozten dute, elkarren artera hurbiltzekoa. Iazko hauteskunde orokorren eta autonomikoen ostean hitz egitea eta akordioak lortzea ezinbestekoa da Madrilen zein Gasteizen, eta eragile nagusiak horretan ari dira jada. Euskadin estatus politiko berriaren inguruko eztabaida izango da nagusi legealdi ... honetan, eta prozesu hori giro politiko egokian burutzea erabakigarria izan daiteke azkeneraino eramateko. Denek adierazten dute solaskidetzarako borondatea, baina oraindik ez da behin betiko urratsik egin, adierazpenetatik haraindi ezer gutxi dagoelako. Dena den, ez da gutxietsi behar lorpen zehatzen atarikoa izan daitekeen gaur egungo agertokia, nahiz eta oraindik kontraesanik eta norabide okerreko keinurik falta ez diren.
Alderdi politikoen artean EAJk eta PSE-EEk aurreratu dute gehien, urteko askotako gatazken eta duela hiru urtetik honako lankidetzaren ostean koalizio gobernua osatu dutelako. Sozialistak ez daude euren onenean, ez Estatuan eta ezta Euskadin ere, baina duten ordezkaritzaren gainetiko ekarpena egin dezakete egoera politikoa behingoz normalizatzeko eta Estatutuaren erreforma bideratzen laguntzeko. Alde horretatik, Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzak badu halako balio erantsi politikoa, egungo bidegurutzerako ezin baliotsuagoa dena. Legebiltzarrean besteren baten beharra du aurrekontuak eta legeak aurrera eramateko, eta horrek joko asko eman dezake elkarrizketa alde guztietara begira lantzeko. EAJk, bakarka, horixe egin zuen aurreko legealdian, eta herritarren babes zabala jaso zuen kudeatzeko moduaren eta akordioak lortzeko egindako lanaren ondorioz.
Etorkizuneko autogobernu esparrua
Eusko Legebiltzarrean dauden alderdi guztien beharra dago hainbat arazori eraginkortasunez aurre egiteko ezinbestekoa den ahalegin partekaturako, eta zinez da garrantzitsua inor ez baztertzea. Badago zer landu eta zer adostu EH Bildurekin eta Ahal Dugurekin, bai bakegintzari eta normalizazioari dagokionean eta baita etorkizuneko autogobernu esparrua zehazterakoan ere. Bata zein bestea pisuzko eragileak dira eta ekarpen handia egin dezakete arlo horietan, eta beste askotan. Alde programatikoak gorabehera, Euskadiren etorkizuna irudikatzerakoan biak dira ezinbesteko, sektore zabalen ordezkari diren heinean. EH Bilduk Gasteizko Udalean hartu duen jarrerak bertan jazotakoak gainditu eta jeltzaleei beste maila bateko mezua helarazi nahi diela ematen duen arren, ez du azken urteotan aurreratutakoan sakontzeko inolako aukerarik zapuzten, eta egongo da modurik bai Arabako hiriburuko arazo zehatzak zein maila orokorreko ezinegonak berbideratzeko.
Taula politikoan dagoen arazo mamitsuetakoa Madrilgo Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanari dagokiona da, eta horri txertatuta EAJ eta PPren artekoa. Azken urteotan popularrek ez dute Gasteiztik egin zaien eskaerarik aintzat hartu, eta hori zeharo kaltegarria izan da, besteak beste bai ETAren osteko etapa kudeatzerakoan zein funtsezko zenbait azpiegituraren etorkizuna zehazterakoan. Kongresuan ahulezia parlamentarioak jota dagoenetik Rajoyk egoera horri buelta emateko borondatea azaldu du publikoki, eta egin du keinu bakarren bat hori adierazteko. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria oraintsu kargugabetzea izan liteke horietako bat, baina ez da nahikoa. Bere ordezko Javier de Andrés aproposagoa da bestelako giro baterako, hain zen zakarra orain artekoa. Hala ere, askoz gehiago erakutsi beharko du Madrilgo Gobernuak alde bien arteko harremanetan benetako aldaketa nahi duela erakusteko. Jaurlaritzaren hainbat erabakiren aurka aurkeztutako helegiteak oztopo dira horretarako, eta dinamika horrek indarrean jarraitzen du antza denez. Horren adibibide dira, beste askoren artean, Ertzaintzaren eta 35 orduen ingurukoak.
PPk atzera egin beharko du
Politika etengabe judizializatzeko asmoa bateraezina da gobernu eta alderdi bien arteko harremana hobetzearekin. Eta horretan, goizago ala beranduago, PPk atzera egin beharko du. 35 orduen auzian Jaurlaritzak bere eskuduntzen alde Gorenera jotzeko asmoa agertu du, ulergaitza baita euskal langile publikoen ordutegia Madrilen erabakitzea. Hiru hamarkada luzetan inork ez zuen auzitan jarri Euskadik bere funtzionarioen lan egutegia antolatzeko daukan ahalmena. 2012ra arte. Orduan Alderdi Popularrak, bere gehiengo osoa baliatuta, murrizketei ekin zien; eta honelako kontuetan ere erabaki guran hasi zen. Krisi ekonomikoaren aitzakia behin eta berriz baliatu da Estatu autonomikoa ahultzeko eta erkidego guztiei errezeta berberak aplikatzeko. Hori errealitate bat da, ez jeltzaleen asmakizuna. Oinarrizko arautegiak autogobernu esparruaren aurka jo du behin eta berriz, eta ez da onargarria. Beraz, Euskadiri begira egoera hobetu nahi badu Rajoyk badu zer zuzendu. Abiadura Handiko Trenak hiriburuetan izango dituen sarbideen inguruko konpromisoak zehaztu eta azkartu egin behar dira, lan hori zeharo estrategikoa delako. Eta ondo dago elkarrizketarako gaitasun handiagoko ordezkaria izendatzea EAEn. Baina askoz gehiago behar izango da. Batik bat euskal autogobernuarekiko erabateko errespetua, eta berori osatzeko urratsak egitea. Hortik aurrera egongo da lankidetzarako aukerarik.
Honakoa ez da keinu hutsen garaia. Akordio garrantzitsuak lortzeko borondatea ezezik konpromiso irmoa adieraztekoa da, hitz egindako guztia fruitu emankor bihurtzekoa. Euskadik erronka itzelak ditu datozen urteotarako. Maila ekonomikoan, argi dagoenez, baina baita bestelakoetan ere. Indarkeriaren aroa behin betiko atzean uztekoan, eta euskal gizartean nagusi den egoera berria islatuko duen estatus politikoa adostu eta indarrean jartzekoan, esaterako. Inork ez luke zeregin horietatik bere burua baztertu beharko, eragile guztiak direlako beharrezkoak. Euskal gizarteak erakutsi du badakiela zeintzuk diren bide horretan ari direnak, eta nor ari den oztopo lanetan. Hitzetatik ekintzetara jauzteko garaia da, ausardiaz jokatzekoa.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.