Borrar
Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzar hauteskundeen emaitzak ospatzen.
Urte amaierakoa

Urte amaierakoa

2016a emankorra izan da euskal politikagintzan, normalizazioan aurrera egitekoa eta aspaldi hautsitako hainbat zubi berreraikitzekoa. EAJ-PSE koalizio gobernuarekin amaitzen da, lehen mailako erronka politikoei aurre egiteko zumea lantzen

joseba arruti

Domingo, 25 de diciembre 2016, 23:45

Egun gutxitan amaituko den urtearen balantzea pozarren egin dute zenbait euskal eragile politikok, baina badira horretarako arrazoirik ez dutenak ere. Hamabi hilabetek asko ematen dute Euskadikoa bezain anitz eta bizia den jarduera politikoan, eta alde egitear dagoen 2016a ez da salbuespena izan. Zalantzarik gabe, gorabehera gehienekoa Podemos izan da. Abenduaren 20ko hauteskunde orokorretan lortutako arrakastarekin ekin zion, udazkeneko autonomikoetan EAJ garaitu zezakeen ustearekin. Ekaineko boz aurreratuetan ere nagusi izan eta gero ameskeriari eutsi zion, baina iraileko bertokoetan argi geratu zen jeltzaleen indarra ez dagoela auzitan, aspaldi bateko maila sendo berean baino. Urkullu lehendakariak eta bere alderdiak emaitza bikaina lortu zuten, 29. legebiltzarkidea izateko aukera esku puntarekin ikutzeraino. Pili Zabala aurkeztu zutenek, ostera, uste baino emaitza txarragoari egin behar izan zioten aurre, Podemos-ek Euskadin dituen gabezia guztiak gordintasunez agerian jartzen dituenari.

Euskal bozemaileek modu ezberdinean bozkatzen dute orokorretan eta autonomikoetan. Hori argi geratu da berriz aurten, bereziki Pablo Iglesias-en alderdiari dagokionez. Ezker abertzalearen kaltetan jasotako babesak indartu zituen Gorteetara begirako hauteskundeetan, esparru horretan abertzale direnen eta ez direnen mugan egon badiren joan-etorriak nabarmenduz. Modu praktikoan jokatu zuten, nonbait, milaka hauteslek, duela zenbait hamarkada oso trinkoa zen sektore politiko horretan egungo dinamika oso bestelakoa dela erakutsita. Egoera ohikora-edo itzuli zen autonomikoetan, baina EH Bilduk lau urte arinagokoa errepikatu ez eta atzera egin zuen. EAJ garaitzeko sortutako koalizioa lehen baino urrunago dago alderdi nagusitik, eta Arnaldo Otegi kartzelatik irten ostekoek ere ez dute hori geldiarazi. Sortuko idazkari nagusiaren itzala ez da garai batekoa, eta Logroñoko presondegiaren aurrean burututako ekitaldiaren ostetik hori gainditzera bideratutako estrategia propagandistikoak huts egin du nabarmen. Belaunaldi berrien arteko askorentzat, garai batean ezker abertzalearen indarraren ikur zirenentzat, Otegi gehiago da iragana etorkizuna baino, eta hori hainbatetan ari da frogatzen.

2016an EAJk berriz erakutsi du euskal politikagintzaren ardatza dela, eta sendo eusten diola bere ohiko nagusitasunari. Horretarako, elkarrizketan oinarritutako kudeaketa izan da berea beste behin, ongizate sozialaren euskal eredua babestekoa, baliabide ekonomiko publikoak zuhur bideratzekoa, autogobernuaren alde lan egitekoa. Eta guzti horrek saria jaso du hautestontzietan. Hala, EH Bilduk eta Podemos-ek euren mugei eta ezintasunei aurre egin beharko dieten bitartean, jeltzaleek datozen lau urte erabakigarrietan ere funtsezko zeregina izango dute, zubi lanean jardutekoa, Madrilen euskal interesen alde eragitekoa eta Estatutu berri bat lantzeko betebeharrean katalizatzaile izatekoa. Bakegintzaren eta normalizazioaren alorretan ere egindakoari jarraipena emango zaio, ikuspegi zabal eta integratzaile batetik. PPk Madrilen duen gehiengo faltaren ondoren, EAJk aukera berriak ditu euskal agendan bildutakoetako zenbait errealitate bihurtzeko.

Egoera horretan, PSE-EE eta PP euren buruak kokatzen ari dira Euskadin. Emaitzei dagokienez, gaizki hasi zuten urtea eta antzera amaituko dute, inoizkorik txarrenean. Funtsezko zerbaitetan huts egiten ari dira ETAren amaieraren osteko etapan hain bigarren mailako izateko. Egoera hori gainditzeko baliagarri direla erakutsi beharko dute, euskal gizarteari zer eskaini badutela. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzan parte hartzea oso lagungarri izan daiteke sozialistentzat, hutsaren hurrengo izan ordez politika zehatzetan eragiteko. Bederatzi legebiltzarkiderekin egin dezakeen ekarpena mugatua da, baina dutenetik ekin beharko diote aurrera begira hobera egin nahi badute. EAJ-PSE koalizio gobernuak egonkortasuna ematen dio euskal politikagintzari, baina hori baino askoz gehiago ere bai. Jatorri eta egitasmo ezberdineko bi alderdiren arteko ituna da, izaera integratzailekoa, eta akordio zabalak beharko diren datozen urteotan berebiziko garrantzia izan dezake abiapuntu gisa. ETAren desagerpenak aukera politiko berriak zabaltzen ditu, aspaldi bateko adostasunak eguneratzeko, aberasteko eta zabaltzeko, eta Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzak badu horretarako gaitasuna.

Oinarrizko bilgune horretatik urrunen ematen duena Alderdi Popularra da. 2016a gaizki hasi zuen duela urtebeteko hauteskunde orokorretako porrotaren ostean baina, euste hutsean, ekainean dezente egin zuen hobera Espainia mailan. Euskadin, aldiz, egoera kritikoan egon da eta dago, Arantxa Quirogak dimisioa eman eta gero Alfonso Alonsok ez baitu lortu joera aldatzea. Eta ez da harritzekoa, Euskadiri begira interes gutxi erakutsi duelako PPk, autogobernua lantzeari begira zer esanik ez, baina baita azpiegiturei edo bakegintzari dagokienez ere. Inplikazio gehixeago erakutsi beharko du Kongresuan babes beharrean dagoen honetan, eta EAJrekiko lankidetza baliatu beharrean dago horretarako. Hitzez gaindiko konpromiso zehatzetan oinarritzea da horretarako baldintza, ohiko ezezkoen ordez ekarpen positiboak behingoz abiaraztea. Abiadura Handiko Trena, ETAren amaiera ordenatu zein kontrolatua eta Estatutu berria lantzeko prozesua hori erakusteko aukeretako batzuk izango dira baita PPrentzat ere. Euskadik ausardia politikoa behar du datozen urteetan jauzi berriak egiteko, eta aurkako dinamiketan babesten direnak argazkitik kanpo geratuko dira. Amaitzear dagoen urteak lehen mailako irakaspen politikoak utzi ditu. Euskal gizarteak bere interesen alde egiteko eraginkor eta baliagarriena nor den zehaztu du beste behin, eta zein politika gogoko ez dituen nabarmendu. Hortik ikasi nahi duenak izango du horretarako aukerarik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Urte amaierakoa