Joseba Arruti
Lunes, 19 de diciembre 2016, 01:30
Krisi ekonomikoak politikoa eragin zuen Estatuan, boterean txandakatzen ziren bi alderdien sistema ezbaian jartzeraino. Eragile berriek ez dute orain arte PP eta PSOE gainditzea lortu, baina aliantzak behartu eta zehazterakoan erabakigarri dira dagoeneko, Podemos batik bat. Sozialistak Mariano Rajoyren gobernuarekin nolabaiteko lankidetzan ari direnean, eta ... Batzorde Kudeatzailearen norabide horrek barruan sekulako krisia eragin duenean, horien ezkerrean dauden alderdiek aukera ezin hobea dute oposizio irmotik sektore berriak eurenganatzeko. Hori nola gauzatu, horretarako zein urrats egin eta zein ildori ekin da funtsean Podemos-en egunotan bizi-bizi eztabaidatzen dabiltzana, Vistalegre 2 deritzan biltzarrean aurki erabakiko dena.
Publicidad
Honelakoetan erreferentziazko izen-abizenen inguruan biltzen dira aurrez aurreko sektoreak. Eta halaxe gertatzen da kasuon ere. Pablo Iglesias eta Iñigo Errejón izan dira orain arte alderdiko buruzagi nagusiak, berorren asmoak eta lorpenak sozializatzeko eraginkorrenak. Elkarren arteko adiskidetasun estuak eta konpromiso politiko partekatuak ahalbidetu du hori, beste zenbait alderditan aspaldion jazo zen antzera. Baina etengabeko urruntze politikoak eta horren ondoriozko barne borrokek beste askotan zauri sakonak eragin zituzten, maila pertsonalera eraman ohi zirenak. Eta Podemos-en ere pareko zerbait gerta daitekeela ematen du, publikoki esaten direnak gero eta gordinagoak direlako, eta batzuen eta besteen jarrera politikoak gero eta bateraezinagoak.
Ia ezustean 2014ko Europako hauteskundeetan indartsu agertu ostean, moreen jomuga ezkerreko alderdi nagusi bilakatzea izan da. Helburua eta, egia esan, ia obsesioa. Baina iazko abenduaren 20ko bozetan eta, batik bat, aurtengo ekainekoetan porrot egin zuten horretan, eta bere historiako PSOE ahulena ezin izan zuten gainditu. Bidean, gainera, hankasartzeak eta keinu harroputzak pilatu zituzten, Iglesias-en eskutik batez ere. Zientzia politikoa hain modu dogmatiko eta sektarioan interpretatzeak gizarteko sektore zabalak uxatzen ditu, batez ere eredutzat jo eta, neurriren batean, norbere aholkuen ondorio ere badiren beste zenbait esperientzia porrot borobilenean hondoratuta daudenean.
Inoiz sozialisten aldeko boza eman zutenetako asko erakarri zituen Podemos-ek hasieran. Ezkerreko politika argi eta eraldatzaileen eskean zebiltzanetakoak, Zapateroren azken urtean sumindutakoak, gazteak eta dinamikoak asko. Eta hazi egin ziren, ikaragarri, 2015ean zehar inkestetako askotan lehen indar izateraino. Hainbat erkidegotan mamitutako aliantza sare emankorrak gehitu zitzaizkien gainera eta, alde handiz, Kongresuko hirugarren indar izatea lortu zuten duela urtebete. Geroztik, baina, erdipurdi kudeatu dute olde hori, goia jo eta atzeraka hasten denaren antzera. EAEko iraileko hauteskundeetan ere ikusi ahal izan zen, gabeziak eta zatiketak gero eta handiagoak eta begibistakoagoak zirela. Gaur egun ez dago aspaldi bateko ilusiorik Podemos-en, eta biltzarrerako hausnarketa prozesu honetan ezinikusiak, hitz gordinak eta elkarri lepoa emateko dinamikak ugaritzen ari dira.
Hainbat erkidegotan abiatutako eztabaidetan eta horietako buruzagitza lortzeko lasterketetan sumatu da guzti hori. Bozemaileak nola seduzitu ei da aldeetako batean lerrokatzeko gakoetakoa, kalea eta erakundeak nola uztartu argitzea. Lotsabakoei beldurra emateari uzten diogunean jada ez dugu zentzurik izango alderdi politiko gisa, esan zuen Iglesiasek. Dagoeneko boteretsuak gure beldur dira, hori ez da erronka, erantzun Errejón-ek. Publikoki sare sozialen eta hedabideen bitartez bidali eta jasotako esaldi potoloen atzean gero eta handiagoa da sasoi bateko bat-egite politiko eta pertsonalaren higadura, euren ingurukoei ere eragiten diena. Bien arteko lehian badira, dena den, garrantzi handiko bestelako eragileak, Pablo Echenique eta antikapitalistak esaterako, Iglesias-engandik hurbilago daudenak eta otsaileko biltzarretik indartuta eta alderdiaren gailurrean ardura berriak hartuta irten daitezkeenak.
Publicidad
Podemos-ek nekez izango du gehiengo alternatiboak osatzeko aukera muturreko jarreretatik, posibilismoa baztertuta ekitetik. Ez zaio nahikoa izango inoizko ezker zatitu eta ahulenaren buru izatearekin. Krisiaren ondorengo egoera sozialak gordina izaten jarraitzen du populazioaren zati batentzat, baina PPk azken hauteskunde orokorretan izandako aurrerakadak berak erakusten du 1978ko sistemaren ondorengo alderdi biko txandakatzea ez dagoela uste bezain hondoa jota, eta aurrera egingo duela PSOE neurriren batean irentsita bada ere. Horrek ez du esan nahi zenbait arlotan, lurralde egiturarenean adibidez, aldaketak premiazkoak ez direnik eta egungo ereduak eman beharrekoa jada eman ez duenik. Kataluniak eta Euskadik erantzun berriak behar dituzte euren izaera nazionala nahi duten eran aldarrikatu eta bestelako aro batean abiarazteko. Hori helduko da eta Podemos lagungarri izan daiteke horretan, baina alderdi nazionalistak izango dira aldaketa horren eragile nagusiak.
Iglesias eta enparauen xede nagusia Estatuak egungo Konstituzioaren ondotik izan duen itxuran muineko aldaketak bultzatu eta egin ahal izatea da. Ez soilik eta ez bereziki lurralde egiturari dagokionez, arlo ekonomiko-sozialari begira baino. Horretan benetan saiatzeko, baina, dutena baino askoz babes handiagoa beharko dute gizartean, eta solaskidetzarako bestelako gaitasuna. Egungoarekin han-hemenkako lorpenen batzuk bilduko dituzte, eta bestelakoan testimonialismoaren frustrazioak harrapatuko ditu, aldaketa estrukturalak bultzatzeko ezintasunak. Benetan eragiteko gehiengo sozialekin konektatzen jakin behar da, benetan direnekin, ez norberak teoria politikoaren jokoetan amestutakoekin. Horretan, behintzat, Errejón finagoa da. Baina galdu egingo du.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.