Borrar
El Euromillones del viernes: comprobar resultados del 31 de enero
Soraya Sáenz de Santamaría eta Iñigo Urkullu.
Alde biko harremana

Alde biko harremana

Azken hauteskunde orokorren eta bertokoen osteko agertoki politikoak Madril eta Gasteizko gobernuen arteko harremanek hobera egitea ahalbidetzen du. Eta apurkako hurbiltze prozesuaren osagai nagusia 'Euskal agenda' deiturikoa izango da

joseba arruti

Lunes, 12 de diciembre 2016, 00:58

Mariano Rajoyk gehiengo osoko legealdian erakutsi zuen elkarrizketa eta akordioak ez dituela orain ematen duen bezain gogoko, beste eragile politikoak ezinbesteko zaizkion arte ez duela bide hori lantzen. Jokamolde horren adibideak ezin ugariagoak dira, arau izan zelako. PSOE behin eta berriz mespretxatu zuen, eta Katalunia eta Euskadiko gobernuetatik heltzen zitzaizkion eskaera eta proposamenak ere bai. Ildo horri jarraiki eman zion hauspoa Podemos-i, joan zen usteltzen Generalitatearekiko harremana eta izoztu ziren Eusko Jaurlaritzarekin hainbat arlotan landu beharrekoak, tartean Kupoari, azpiegiturei eta bakegintzari zegozkionak. Kongresuko eta Senatuko gehiengo osoarekin, beste inor behar ez zuela iritzi zion nonbait Gobernuko presidenteak. Horrelakoetan ikusten da bakoitzaren benetako izaera, edo talantea deitzen den hori. Eta Rajoyk bere neurriko PP baliatuta ekin zion aurkari politiko guztiak baztertzeari, ekonomiaz haraindiko lege eztabaidagarrienak bultzatzeari eta lurralde egitura muturreko egoerara eramateari.

Abenduko eta ekaineko hauteskunde orokorrek, baina, oso bestelako egoera politikoa ekarri zuten, gehiengo osoetatik guztiz urrunekoa. Ezkerreko alderdien ezintasunak eta PSOEren baitako zatiketak eman zioten presidente modura jarraitzeko aukera PPko buruari, baina aliatuen beharrean. Sozialisten erabateko ahultasunak bere egoera indartu du, hauteskundeak aurreratzeko mamuak horiek izutzen dituen neurrian. Oposizioko eragile nagusien barne arazoek egonkortasunaren berme gisa bultzatu dute Rajoy, edo hori da behintzat inkestek adierazten dutena. Baina, hala eta guztiz ere, orain eta gero bidaideak beharko ditu boterean jarraitzeko, eta hautsitako hainbat harreman berregiten saiatzen ari da. Sozialistek hainbestetan gaitzetsitako ildo ekonomikoa aldatuko ez duela presidenteak agindu arren, hauek aurrekontuei buruz berba egiteko prest agertu dira alderdiaren batzorde kudeatzailearen norabide berriaren eraginez; Sáenz de Santamaría presidente ordeak bulegoa zabaldu du Bartzelonan, Gobernuaren Kataluniako Ordezkaritzan, keinu hutsa baino zerbait gehiago ematen duen urratsean; eta Eusko Jaurlaritzarekiko zein EAJrekiko harremanean kale itsuan zeuden gaiak konponbidean jartzeko nolabaiteko borondatea azpimarratu dute Exekutiboko zein PPko zenbait ordezkarik.

Azaroaren 26an, Gernika-Lumoko Batzar-Etxeko Urkullu lehendakariaren zin egite ekitaldian, Sáenz de Santamaríak «leialtasuna eta elkar ulertzeko gogoa» helarazi zizkion euskal agintariari. Ostean, duela astebete, Cristóbal Montoro Ogasun ministroa eta Pedro Azpiazu sailburua Madrilen bildu ziren bi ordu eta erdiz, asmoak edukiz betetzen hastekotan. Mahai gainean, kontu zaharrak; batik bat, Kupoaren likidazioaren inguruko negoziazioei berrekiteko aukera, 2007tik egonean dagoena. Ez da hutsaren hurrengokoa gai hau, 1.600 milioi euro baitaude jokoan. Arlo ekonomiko, finantzario eta zergazkoan Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremana alde bikoa izatea guztiz zentzuzkoa da, EAEk maila horretan dituen berezitasunak aintzat hartuta, eta horren ondoriozkoa da bileran hiru lurraldeen defizitaren mugak beste erkidegoenez aparte zehaztu izana -%0,7 aurtengorako eta %0,6 2017rako-. Solaskidetza zuzena eta aldebikotasuna erantzunik aproposenak dira Euskadiren nazio izaera eta eskuduntzak aintzat hartu eta errespetatzeko, eta alde horretatik bide egokia da duela astebete abiatutakoa.

Estatuaren datorren urteko aurrekontuaren onarpenari begirakoak dira mugimendu guzti hauek, baina askoz haratagokoak behar lukete Rajoyren gobernuak lurralde egituraren sakoneko arazoei behingoz heldu gura badie. Oraingoz egin beharrekoak aletu eta dagozkien testuinguruan kokatu dituena EBBko presidente Andoni Ortuzar izan da. Aurreko zapatuan adierazi zuen bezala, PPk jeltzaleekin «harreman sendoa» landu nahi badu Abiadura Handiko Trena abian jartzearen ingurukoak konpondu beharko ditu. Ez hori bakarrik: Kupoaren likidazioari dagozkionak, Euskadin inbertsioa gehitzea eta euskal legeen aurka jarritako helegiteak erretiratzea ere bai. Oso zentzuzko eskaerak dira guztiak. AHTrena 1989an onartutako proiektua da, eta lanak 2004ean hasi ziren. Ez da onargarria 2016an oraindik horren inguruko zalantzak hainbeste izatea. Azpiegitura hori estrategikoa da Euskadirentzat, eta Espainiako gobernua zorretan dago bertoko gizartearekin hori bururaino eramateko. EAJren bost diputatuek ez diote berez Rajoyri gehiengo osorik ematen, baina bere egungo jokabideak adierazten duen legez, balio politiko erantsia dute. Eta hori izango da, beste behin, hain garrantzitsuak diren gaiak bideratuko dituena.

Dena den, ezintasun parlamentarioak gainditzen saiatzeaz haratago, Rajoyk izango du elkarrizketarako bere prestutasuna benetakoa dela frogatzeko aukerarik. Batetik bakegintzarekin lotutako arazoetan, gizartearen eta alderdi politikoen irmotasunak ETA behin betiko su-etenera eraman eta gero, euskal gizartearen erabateko normalizaziorako badagoelako oraindik zer konpondu. Eta, beste alde batetik, horrenbestetan aldarrikatu den Gernikako Estatutua behingoz betetzeko, eta horren ostean letorkeena lantzeko. 1979an hitzartutakoa ezin da berriz negoziatu, eta akordio berriaren abiapuntu izan beharko luke. Espainiako Gobernuari eta PPri agertoki horretan jarrera ausart eta emankorraz parte hartu gura duten erabakitzea dagokie, eta ona litzateke horrela izatea, eragile guztien beharra dagoelako autogobernu esparru egonkor eta sendoa ahalbidetzeko. Baina betoen bidez egungoa betikotzen saiatzeko tentazioa duenak argi izan behar du euskal gizartea ez dela geldituko, ez zaiola uko egingo norbere buruaren gero eta jabeago izateko prozesuan adostasun zabaletan oinarritutako jauzi berriak egiteari.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Alde biko harremana