Borrar
Javier Fernández eta Mariano Rajoy.
Erdibidean edo

Erdibidean edo

Pedro Sánchez PSOEren idazkaritza nagusitik kendu zutenek Rajoyren inbestidura ahalbidetu zuten lehenik eta zenbait arlo garrantzitsutan Gobernuarekin elkarlanean ari dira. Oposizioko alderdi beharrean erdibidekoa emate horrek kalte egin diezaieke sozialistei

Joseba Arruti

Lunes, 5 de diciembre 2016, 01:27

Inkestek sinesgarritasuna galdu dute erabat mundu osoan. Hamaikatxo dira horren zergatia azaltzeko moduko adibideak, ia leku guztietakoak. Jendearen artetik jasotako erantzunetako askok ez dute bozkatuko dena islatzen, eta horrek larrituta dauzka horretan diharduten enpresetako arduradunak. Hori argi izanda, azkenaldian Estatu mailan egin diren era honetako azterketek PP kokatzen dute buruan, argi eta garbi, %34 inguruko babesarekin. Dezente atzerago Podemos, eta horren ostean PSOE. Zapateroren sasoiaren amaiera aldetik aurrera sozialistek behera egin dute etengabe. Lehenik, ezkerreko sektore zabal batek erasotzat jo zituelako krisiari aurre egiteko legealdi hartako azken orduko erabakiak. Gerora Podemos sortu berriak jaso ditu ihes egindako horietako asko, zerbait berria zelakoan. Rubalcaba ez zen gai izan beherakako joerari buelta emateko, eta Pedro Sánchez-ek ere inoizko emaitzarik txarrenak lortu ditu azken bi hauteskunde orokorretan.

PSOE ez da benetako alternatibatzat hartua izan sasoi batean bere bozemaile izandako askoren aldetik. 1978an hasitako etapa bera jarri dute kolokan krisi ekonomiko bortitzari aurre egiteko asmoz kaleratu zirenetako askok. Eta PP eta PSOE zaku berean sartu dituzte, txanpon beraren bi aurpegi direlakoan. Egoera horretan, gehiengo osoko legealdian popularren aurkako oposizio lana ez zen hainbat eta hainbat asetzeko modukoa izan, eta horiek kalean bilatu zituzten erreferente berriak, 2014tik aurrera Podemos-en inguruan. Hala, urte horretako maiatzaren 25eko Europako hauteskundeak pil-pilean zegoen giroaren isla izan ziren, eta moreek 5 europarlamentari lortu zituzten, ezustean. Horren ondotik ekin zioten alderdi politiko modura egituratzeko prozesuari, PSOE gainditu nahi izatea eta ezkerreko alderdi nagusi bihurtzea beti xedetzat hartuta.

Iazko abenduaren 20ko hauteskunde orokorrek indar oreka berria eraman zuten Kongresura. Pedro Sánchez Ciudadanos-ekin saiatu zen presidente izaten, baina Podemos-en abstentziorik gabe ezinean geratuta. Bigarren bozen ostean ekainean ahulduago geratu ziren sozialistak, eta agertoki politikoa erabat blokeatuta. Hortik aurrera, barruko mugimenduak izan dira nagusi, Rajoyri abstentzioa eman arteko ibilbidean. Horretarako, jakina, ezezkoaren aldekoak baztertu behar izan zituzten baroiek, Pedro Sánchez idazkari nagusiaren dimisioa lortzeraino. Horrek eragindako barruko krisi sakonak are egoera larriagora eraman ditu sozialistak, inkestetan Podemos-en atzean egotera. Hirugarren hauteskundeak herrialdearentzat kaltegarri izango zirela eta gutxiengoko Gobernu ahul bati aurre egiteko oposizioan tresna nahikoa bazegoela behin eta berriz errepikatuta ekin zioten Batzorde Kudeatzaileko kideek, baina orain arte ez dira adierazi bezain sutsu agertu PPren aurrean. Alderantziz.

Rajoyk jakin badaki ekainean baino sendoago dagoela hauteskundeak deituz gero, eta maila ekonomikoan egindakoak Kongresuan kolokan jarriko balira horretara jo dezakeela, egoera alde duelako. Hortaz, sozialistak popularren preso daude, neurri handi batean. Oposizio zeregina noraino daramaten oso ondo neurtu beharko dute, eta nolabaiteko lankidetza eskaini diote Gobernuari zenbait esparrutan. Bitartean, Pedro Sánchez hasi da alderdiaren kongresuari begirako kanpainan, eta dezente arrakastatsu gainera. Valentziako bere lehen ekitaldian mila lagun inguru bildu zituen, eta berriz idazkari nagusi izateko saiakeran buru-belarri murgilduko dela ematen du. Bitartean, PPrekiko gehiegizko hurbilketak Susana Díaz Andaluziako presidentearen aukeren aurka egin dezake, militante askoren haserrea bizituz gero. Batzorde Kudeatzailea hainbat oreka gorde beharrean dago, oposizioko alderdi izatea aldarrikatuta baina Rajoyren Gobernuarekin hainbat kontu negoziatuta.

Egoera zeharo konplexua da PSOErentzat. Dena den, Podemos oso mugatuta dago sektore berriak bere ingurura eramateko, hain da zakarra bere idazkari nagusiaren eta alderdiko gehiengoaren ildoa. Guzti horrek ezin erosoago dauka Rajoy, ezkerra erabat zatitzea lortu duelako, erdi bitan, eta gehiengozkoa izateko alternatibarik ez daukalako. Bere politikek posible diren bakarrak ematen dute, sozialistek abstentzioa eman ziotenetik. Hauek euren ekinari esker lortutakoen zerrenda nabarmendu dute azken asteotan, baina estrategia horrek hutsune handiak ditu. Javier Fernández Batzorde Kudeatzaileko buruaren inguruan dabiltzanak alderdiko kongresuari begira ari dira batik bat, horretan porrot eginez gero sor litekeen krisiak Alderdi Sozialistaren zatiketa eragin dezakeelako. Eta bide horretan zuhur jokatu gura dute, PP baztertu gabe baina, aldi berean, oposizioko alderdi modura duten betebeharra aldarrikatuta. Zail ematen du dena lortzeak, batekoak eta bestekoak poztu ahal izateak. Ataka itzelean daude sozialisten behin-behineko buru direnak, euren azkenaldiko erabakiak zuritu eta militanteen gehiengotik ez urruntzeko ahaleginean.

Egungo PSOEren jokabideak eta Podemos-en gehiegikeriek epe luze samarrerako utziko dute PP Gobernuan. Egoera ekonomikoaren txarrena atzean geratu da, eta gainerako eragile nagusien zatiketarekin Rajoyk bere estrategia bururaino eraman du. Koalizio Handirik ez dago, formalki, baina alderdi bien arteko lankidetza mailak adieraziko du zenbateraino den benetakoa eta iraunkorra akordioen bitartezko lotura politiko hori. Europan, sozialistek PPren gisako gobernuei eusten lagundu dieten bakoitzean alternatiba izateari utzi diote luzaroan. Horretan dabil PSOE, erdibidean-edo kokatuta nora jo asmatu ezinik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Erdibidean edo