Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joseba Arruti
Lunes, 14 de noviembre 2016, 02:25
Hiztegiaren arabera populismoa sektore herrikoiak erakarri nahi dituen ildo politikoa besterik ez da, mespretxuzko zentzuan erabilita. Baina beste zenbait osagai ezinbesteko ere baditu, besteak beste arazo konplexuentzat irtenbide sinpleak eskaintzea, eta elkarren kontrolerako botere banaketa zein giza eskubideak bere helburuen arabera baliatzea. Honelakoak ugaritu besterik ez dira egin azken hamarkadotan, eta ez bakarrik estuasunak jota dauden herrialdeetan, ibilbide demokratiko sendorik ez dutenetan. Globalizazioak eta horren ondoriozko fenomeno anitzek izua eta etsipena eragin dute leku askotan, askatasunaren defentsan eta egungo demokrazien eredu gisa aitzindari izan direnetan tarteko. Hor dira, esaterako, Erresuma Batuko Brexit-a; Frantzian, Austrian, Polonian eta Europaren bihotzeko beste hainbat lekutan eskuin muturrak duen indarra ; eta, zer esanik ez, Donald Trump-en ustegabeko garaipena. Estatu-nazioez gaindiko hainbat lankidetza egitasmoren aurka egiten dute horiek gehien-gehienetan, neurri bateko isolamenduaren alde ekinez; aspaldi bateko ustezko baloreak aldarrikatuta atzerriko etsaiak edo eragile globalak irudikatzen dituzte arazo sozial eta ekonomikoak azaltzeko; eta aniztasunaren ordez homogeneotasuna lehenesten dute, ezberdina alboratuta edo, zuzenean, zeharo baztertuta.
2008tik honako krisia kapitalismo basatienak eragin zuen, horrek bultzatutako arautze faltak. Baina alderdi sozialdemokratak izan dira politikoki kaltetuenak, alternatibarik eskaintzen jakin ez dutelako; gehiegitan, sistemaren mugetako aurkariei aurre egitekotan-edo alderdi kontserbadoreen makulu bihurtu direlako. Eta agertoki horretan azaldu eta indartu dira guztia bat-batean irauli gura izan eta berehalako konponbideak eskaintzen dituzten eragile berriak; demokraziarekiko, erakundeekiko eta giza eskubideekiko begirunerik gabeko buruzagi edo erreximenekin estu lotutakoak. Herria dute beti ahotan, baina euren aldekoaz ari dira, ez kritikoa zaienaz, ez mundu berri honen erronkei demokrazia eta askatasun gehiagoren bidez erantzuten saiatzen denaz.
Hauteskunde kanpainan Trumpek sekulakoak esan zituen, gutxieneko oinarri etikoak, demokratikoak eta, estu hartuta, estetikoak dituen edonorentzat ezin onartuzkoak direnak. Baina irabazi egin du, lehenago Nigel Farage-k eta enparauek eta antzeko beste askok bezala. Aukeratua izan ondorengo agerraldietan zuhurrago ekin izanak ez du beraganako jatorrizko iritzirik eta kezkarik desagertarazten. Urtarrilaren 20tik aurrerakoek eragin globala izango dute, eta ez onerako. Oihaneko kapitalismoa bultzatze horrek ezberdintasunak areagotuko ditu, baita sistemaren baitako kontraesanak ere; eta, aldi berean elkartasun eta gizatasun eza gailenduko da, arazoak lasterbidetik konpondu gura izateak berez dakartzan gaitz guztiekin batera.
Itzel borrokatuta lortutako hainbat eskubide betikotzat jotzen dira askotan, baina badago historiaren txarrenera itzultzerik, badago atzera egiterik. Berehala hobera egitearen eskaintzaren pean hamaikatxo dira okerrenera eraman dutenak, noizean behineko ataka historikoetan zirt edo zarteko irtenbideak proposatuta nagusitu eta herrialde osoak zulorako bidera eraman dituztenak.
Eta, nola egiten zaie aurre honelakoei? Hori da politikari eta aditu askok aspaldion egin duten galdera, baita gurera etorrita ere; inguruotan antzeko arrisku bizirik ez dagoen arren, zenbait lekutan jazotzen direnek gugan eragin zuzena dutelako. Ez dago errezeta magikorik. Baina ezin garrantzitsuagoa da alderdiek eta sistemak berak sinesgarritasuna izatea; bertokoa munduko errealitatearen perspektiba zehatzetik neurtzeaz gain, egitasmo ezberdin eta berezituen osagarritasun demokratikoari eusteko; gardentasunez, babes soziala elkartasun eraginkorra hezurmamitzeko baliatuz eta gureaz gaindiko lankidetza arrisku barik aukera bilakatuz. Garaiok politikari bereziki arduratsuak eskatzen dituzte. Demagogiatik ihes egingo dutenak, arazoak azaltzen eta horien inguruko pedagogia egiteko gai direnak; ustelkeriari tinkotasunez aurre egingo diotenak; konpromisoetarako, zeharkakotasunerako eta akordio zabaletarako borondatezkoak; berbaren balioa egunerokoan erakustekoak.
Politikaren krisia barik politika egiteko modu batena da honakoa. Horren aurrean, euskal gizarteak iraileko azken domekan erakutsi zuen, beste behin, bere heldutasuna. Hemen badago kohesioa, badago funtsean norbere buruaren jabe izanda ingurukoekin elkarlanerako asmoa, badago Europa mailan aniztasuna goiburu izango duen proiektu sendoa eraikitzen parte hartzeko gogoa. Berba arinekoek, aldarrikapen bero eta hutsalekoek ez dute giro horretan ezer lortzeko aukerarik izaten. Baina horretarako erakundeek baliagarri izaten jarraitu behar dute, erantzunak garaiz ahalbidetzen. Eta Europako Batasunean badago maila horretan zer hobetu, gabezien menpe geratuta berandu izan baino lehen.
Garai nahasiak datoz. Demokrazian sakontzetik egin beharko zaie aurre, horren balioa behin eta berriz nabarmentzetik eta berori ahalik eta eraginkorren egitetik. Arazoak usteltzen direnean sortzen dira itzalez betetako alternatibak. Kontzientzia kritiko batek, orekak gordetzen jakiteak, erakundeak etengabe perfekzionatzeak, eragile biziek eta gardentasunak ahalbidetuko dute, besteak beste, horiek eragozten. Herritar bakoitzak jarri behar du bere alea horretarako, iraganeko mamuak uxatzeko eta egitasmo konpartitu eta demokratikoen bidez hobera egiteko.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.