Borrar
Rajoy, en el centro, junto a los integrantes del nuevo Gobierno.
Zaharrak berri

Zaharrak berri

Rajoyk aukeratu ditu bere ministroak. Ez dago sakoneko aldaketarik, ez izen-abizenei dagokienez eta, areago, ezta ildo politikoan ere. Funtsean, ohiko jokamoldeei eutsi die, eta joko-eremu horretan ekin beharko diote sozialistek eta Ciudadanos-ek

joseba arruti

Lunes, 7 de noviembre 2016, 00:06

Inork ezingo du esan Mariano Rajoy ezustekoen zalea denik, egingo duena aurretiaz asmatzerik ez dagoenik. Halaxe jazo da beste behin, inbestidura gainditu eta gero Gobernua osatzeko egin dituen urratsetan. Eguen arratsaldean eman zuen ezagutzera PSOEk ahalbidetu duen exekutiboa, azken urteotako politika ekonomiko eta norabide nagusi berberak mantentzeko abian jarritakoa. Hitz egiteko prest agertu da PPko burua, baina ez edozertaz, ez baitio bere programari ezertan uko egingo. Hori da jokalekua, bai sozialistek zein Ciudadanos-ek onartu beharko dutena. Lehenen abstentzioaren aldeko apustuak dezente ahulago utzi ditu, eta gainera ez du ematen Gobernu honek oxigeno askorik emango dienik. Hilabeteak pasa ahala are zailagoa izango zaie Batzorde Kudeatzaileko buruei euren erabakia zuritzea, ministro berrien balorazioa egiterakoan gertatu zaien legez. Kongresuan kontrolatuko dituztela nabarmendu dute, baina errealitatea alderantzizkoa da. Rajoy da diputatu sozialistak eta alderdia bera kontrolpean dituena, oso estu hartuta gainera, abstentzioak euren artean eragindako zatiketa eta ondorengo areagoko ahultasuna bere probetxurako baliatuko dituelako. Eta txarrenean beti dauka hauteskundeak deitzeko aukera, PP indartuko dela jakinda.

Aritmetika bihurriko legealdi biok hauxe eta aurrekoa erreforma handiak burutzeko balia zitezkeela esan zen noizbait. Konstituzioan aldaketak egiteko ezinbesteko diren akordio zabalak lortzeko egokiak izan zitezkeela. Baina Rajoyk ez zuen inoiz horretarako proposamenik zehaztu, eta aurkariak atzeraka ikusi zituen neurrian bere agendari eta programari eutsi zien berriz. Hala, legealdi berriari begira ez dago kudeaketa soiletik haratagoko ezer. Eta kudeaketa moldea bera ere ez da lehenagokoaren oso ezberdina izango, estrategikoak ez diren gaietan eskainitako keinuren bat gorabehera. Gobernuko presidentea zeharo indartuta atera da azken hamar hilabeteetako prozesu luzetik, eta PSOE eta Ciudadanos erabat lur jota.

Lehena, Zapateroren azken aldiaren ostetik ezkerreko ikuspuntu batetik izan zezakeen sinesgarritasun apurra xahutu duelako, neurtu ezinezko barne borroka datorkiolako eta aurrekontuak-eta eztabaidatzerakoan gorriak ikusiko dituelako erein dituen kontraesan guztiak irentsi ezinik. Hainbat sektoreren aurrean nekez aldarrikatu ahal izango dute sozialistek PPren alternatiba direla, eta horrek izango duen prezio politikoa ikusteke dago oraindik. Riveraren alderdiari dagokionez, irmotasunez egin du bat azken hilabeteotan Rajoyrekin, berori garbitasunezko etapa berri batekin bateraezina zela luzaroan errepikatu ondoren. PPrengandik bereiztea gero eta zailagoa izango zaio, eta horrelakoetan abantaila nagusiarena da beti.

Testuingurua bere alde duela, Gobernuak berehala erantzun beharko die Bruselatik heltzen zaizkion aginduei. Murrizketak datoz berriz, ahalik eta arinen landu beharreko aurrekontuetan islatzekoak. PPk lehenago ere jakin du ondo neurtutako alde erreformistarekin jokatzen, Aznarren lehen legealdian esaterako. Eta orain ere molda daiteke berdintsu aritzeko, Kongresuko bozketetan estu eta larri ibili beharrean babesak gehitzeko. Joko horretan sartzea ezin arriskutsuagoa izan daiteke inbestidura ahalbidetu zutenentzat, lortutako oro Rajoyk bere probetxu politikorako baliatuko duelako, borondate anitz bere inguruan biltzeko gai den buruzagi modura. Baina, aldi berean, aurre ere ezin diote egin, jatorrian abstentziora eta alde egitera jo ondoren harrapatuta daudelako.

Bestalde, aurrerakoan esangura handikoa izango da Rajoyk Katalunia eta Euskadiko alderdi nagusiekin izango duen jarrera. Premiazkoa da lehenari dagokionez elkarrizketa baliatzea. Bide judizialak bazterrak nahastuko ditu, eta afera politikoa dena atzeraezinezko egoerara eraman dezake. Epaiketek ez dute kataluniar gizartearen erdiaren borondatea aldatuko, indartu eta zabaldu besterik ez. Oso sakoneko kontua da bertakoa, eta horrelakoek goi mailako konponbideak eskatzen dituzte, maila bereko agintariek ahalbidetu behar dituztenak. PDECAT Convergència izandakoa eta Generalitatearekin bestelako giroa landu behar du Rajoyk, hasieratik. Ciudadanos oztopo izango du horretan, baina hangoa usteltzen uzteak irteerarik gabeko egoera batera eraman dezake auzia. Berandu baino lehen ekin behar zaio berba egiteari, jatorrian dagoenari erreparatuta. Indarrean dagoen Kataluniako Estatutuaren onarpen prozesuan jazotakoetan PPk lehen mailako ardura izan zuen, oztopo modura jokatu zuelako, eta hango gizartean nagusitutako ezinegonaren aurrean ezin du itsuarena egiten jarraitu, urrats politikorik egin gabe.

Euskadiri begira ere badauka zertan aldatu. Azken hauteskunde autonomikoek erakutsi zuten berton PPk oso aspaldi bateko babes txikiena daukala, faktore askoren eraginez. Eta horien artekoa izango da, ziur, hemengo erakundeekin elkarlanean aritzeko behin eta berriz azaldutako borondate eza. Gobernu berriari euskal agendako gaietan lankidetzan aritzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzak, gehiengo osoko legealdiarekiko jarrera aldaketa beraz. Birzentralizaziorako joerak kezkatuta dauzka lehendakaria eta bere sailburuak. Horien aburuz, gastu publikoari eusteko aitzakiarekin autonomia erkidegoak kontrolatu eta ikuskatzeko mekanismoak inposatzen dabil Espainiako Gobernua, horien eskumenak higatuta eta murriztuta, eta Konstituzio Auzitegiaren baldintzarik gabeko babesarekin. Eusko Jaurlaritzaren jarrera ezin argiagoa da, beraz, eta oso zentzuzkoa. Alde biek badute zertaz hitz egin, epe motzekoez, helegiteez esaterako, zein luzekoez, Euskadiren autogobernu mailako eskaerez. Bakegintzarekin lotutakoak ahaztu barik, noski. Argi dago publikoki elkarrizketaren alde agertu duen jarrera frogatzeko Rajoyri ez zaiola aukerarik faltako.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Zaharrak berri