Borrar
Aitor Estebanek Mariano Rajoy zoriondu zuen.
Rajoyk lortu du

Rajoyk lortu du

Hamar hilabeteko geraldiaren ostean, Mariano Rajoy Gobernuko presidente da berriz, jardungoa beharrean osoa. Sozialisten abstentzioak zabaldu dio bidea, eta keinu horren maila guztietako ondorioak hurrengo hilabeteotan neurtu ahal izango dira

joseba arruti

Lunes, 31 de octubre 2016, 00:14

Temati eutsi dio bereari luzaroan eta, azkenean, helburua bete du PPko buruak: Gobernuko presidente da berriz, nahiz eta zailtasunez jositako legealdia datorkion. Batetik, Kongresuan gehiengo egonkorrik osatu ez duelako eta, bestetik, Bruselatik tiraka ari zaizkiolako aurrekontuetan murrizketak egin ditzan. Egoera horretan kezkagarria eman lezake bere egoera politikoak, baina ez da. Aurreko zapatuko abstentzioaren ostean PSOE harrapatuta dauka, hauteskunde orokorrak nahi duenean dei ditzakeelako, jardungo izateak dituen automatismoak alde batera utzita. Bera da orain denbora politikoaren jabe, eta jakin badaki ustez alternatiba izan beharko litzaiokeena osagarri bihurtzeko aukera asko dituela. Egonkortasunaren izenean Rajoy aukeratu izana ahalbidetu duenak berdin egin beharko du aurrekontuekin eta bestelako askorekin. Jostun lana egin beharrean bazterrak nahasten ibili diren agintari sozialistak irteerarik gabeko kalean daude, boz berrien mehatxuak izututa. Zeharo zatituta daudenez, lankidetzaren bidetik abiatu eta gero, PPko gobernuaren etorkizuneko eskaerei jaramon egitea dagokie, dauden egoeran hilabete batzuk barru hauteskundeetara joatea euren buruaz beste egitea litzatekeelako.

PSOEk ezin txarrago kudeatu du azken hilabeteetako egoera. Pedro Sánchez-ek ez zuen ausart jokatu, eta Podemos-ek ere ez zion horretarako aukera handirik eman. Dena den, alderdiko kongresua behin eta berriz atzeratu izanak ez dio azkenean mesede egin, ilunpean mugitzen ari zirenen urratsak erraztu dituelako. Jazotako guztiak sozialisten egungo egoera islatzen du: ataka larrian daude, aurrera begira zein Estatu eredu nahi duten argitu gabe, aliantza alternatiboak osatzeko ezinbestekoa den adore eta gaitasun barik. Hala, ulertezina da Podemos-i esker euren erkidegoetako buru diren baroietako batzuk orain erakutsi duten jokabidea, zatiketa areagotzeko katalizatzaile lana burutuz. Sánchez-en hankasartze propioek eta PSOEko botere faktikoen interesek eragin dute oraingoa, eta militanteek erabaki beharko dute, berandu baino lehen, zein ildo lehenesten duten, zeintzuk diren etorkizunerako euren egitasmo politikoaren ardatzak.

Gobernua osatzeko premia ikaragarria zegoela behin eta berriz esan ondoren, bere inbestidurari uko egiten ziotenek Espainiaren etorkizun ekonomikoa kolokan jartzen zutela nabarmendu ostean, Rajoyk ohiko zaiona egin du: patxadaz jokatu. Ia astebete beharko du Gobernua osatzen dutenen izen-abizenak erabaki eta ezagutarazteko, neurri batean berak esandako guztiari muzin eginez. Inbestidura saioan argi utzi die sozialistei ez duela atzera egingo gehiengo osoko legealdian abiatutako neurri ekonomikoei dagokienez. Badaki indartuta dagoela, PSOE desegiten ari den neurri berean. Eta litekeena da Javier Fernández behin-behineko buru dutenek aurrerantzean irentsi beharrekoak abstentzioaren pareko edo potoloagoak izatea.

Duela zenbait hilabete Ciudadanos-ek Rajoy oztopo zela esan zuen, ez zela bateragarri etapa berri eta garbi bati ekitearekin, eta azkenean baiezkoa eman dio inbestiduran. Eta azken urteotan erabat kritiko izan zaizkion sozialistek ere euren abstentzioarekin ahalbidetu diote karguan jarraitzea. 1978ko egitura politikoa babesteko. Horrek, baina, ahultasuna adierazten du, alternatiba izan beharko luketenek aurkaria babesten dutenean egitura horren mugetan daudenei ematen dietelako ekimena, sistema bera aldatu gura dutenei.

Ikusteke dago Podemos-ek egoera hori baliatzen dakien. Pablo Iglesias-en jarrerek, berezkoa duen nortasunak, zaildu egiten dute moreen inguruan gehiengozko indar alternatiboa osatu ahal izatea, hain agertzen da muturreko eta oldarkor. Ezaugarri horietatik nekez osa liteke PSOEren ordezko indarrik, bozemaileetako asko aldaketa sakonen aldekoak izan daitezkeelako, bai, baina elkarrizketatik, aurkaria aitortzetik eta Europan zein munduan esparru demokratikoan homologagarriak diren ideologietatik ekin nahi diotelako.

Egoera honetan ez da jakinkizun dagoenik falta. Rajoyk gobernatzerik izango ote duen eta, hala ez bada, legealdia amaitutzat noiz emango duen da lehena. Azken inkestak aldekoak ditu eta Ciudadanos-ekin batera gehiengo osoa osa lezake, beharbada. Tentazio hori handiegia izango zaio zailtasunak heltzen direnean. Aurrekontuen onarpen prozesua izango da mugarri horretarako. Sozialistek, aldiz, nahikoa izango dute barruan hautsitakoa konpontzen saiatzearekin. Dena den, alderdiaren kongresua urtebete inguru atzeratzeko Batzorde Kudeatzailearen jarrerak ez du lagunduko, Pedro Sánchez zapatuan diputatu izateari utzi zionetik ariko delako oraingoari buelta emateko saiakeran. Barruko tentsioak ez dira baretuko, hain dira itzelak elkarren arteko ezinikusiak eta urrunekoak estrategiak. Agintean dagoenaren ingurura orain kritiko direnetako asko bilduko direla espero dute Ferraz-en agintzen dutenek, eta Antonio Hernando da horren adibide ikaragarriena. Kongresuan hain sutsu Rajoyri ezetza ematea defenditu zuena asteazken-zapatuan abstentzioaren alde ikusteak ez dio mesede handirik egiten politikari, gutxieneko koherentziaren eredu izan daitezen eskatu behar zaien politikoei.

Legealdia ez da azkeneraino helduko. Hori nahiko argi dago. PPk ez du bere burua birmoldatuko boterean dagoen bitartean. Rajoyk erakutsia du jada zer eman dezakeen, zein den bere errezeta eta estiloa. Egoera ekonomikoak laguntzen badio egungo ahuldade parlamentarioa urte pare batean-edo gainditu ahal izango du, ustelkeria kasuen zein murrizketen aurrean irauteko eta lehen alderdi izaten jarraitzeko indarra daukana askoz erosoago moldatuko baita hemendik aurrera. Faktura ordainduko dutenak PSOE eta Ciudadanos izango dira. Lehenek urte askotan ezin izango dutelako zapatukoa gainditu; eta bigarrena PP berriz indartu ahala zenbait sektorerentzat ez delako orain arte bezain baliagarria izango. Ez dago zalantzarik: Rajoyk irabazi du.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Rajoyk lortu du