Joseba Arruti
Lunes, 24 de octubre 2016, 02:18
Ezustekorik gabe amaitu zen atzo kongresuen arteko sozialisten aginte talde nagusiaren batzarra Madrilen. Bertako kideen arteko 139k abstentzioa hobetsi zuten, eta 96k Rajoyri ezezkoa ematen jarraitzearen aldeko apustuari eutsi zioten. Ez da, beraz, PPko buruari nahitaezko zaizkionen abstentzio soila izango, talde parlamentario osoak egin beharko ... baitu bat erabakiarekin. Horrek, jakina, are zauri sakonagoak eragingo ditu aurrez aurre ari diren ildo bien artean, eta PSC edo Pedro Sánchez bera, esaterako, ataka larrian geratzen dira, euren usteen eta alderdiko disziplinaren artean aukeratzea baitagokie orain. Susana Díaz eta bere inguruko baroiak izan dira norabide berriaren bultzatzaile nagusiak, alderdia jota dagoela eta hirugarren hauteskunde batzuei aurre egiteko modurik ez duela argudiatuta. Baina atzoko erabakia mugarri izango da sozialistentzat, PPren makulu modura agertzeko arriskuak ondorio politiko sakon eta neurtezinak ekarriko dituelako.
Publicidad
Gailendu direnen itxaropena alderdiaren kongresua ahalik eta gehien atzeratzetik dator, eta tarte horretan oposizio zorrotza egitetik. Baina egitear duten urratsak alternatiba izateko sinesgarritasuna kenduko die ezinbestean, inbestidura saioko keinuaren atzetik beste asko etorri beharko direlako. Behin Gobernua osatuta, Rajoyk eta PPk erronka itzelak izango dituzte aurrean, tartean Bruselak ezarritako murrizketekin bat datozen aurrekontuak osatu eta onartzea. Eta horretarako ere sozialistak behar-beharrezko izango zaizkio egungo presidenteari. Ondorioz, jarrera arduratsu hori noiz artekoa izango den erabaki beharko du PSOEk, orain arteko euren gaineko presioa areagotu besterik ez baita egingo. Oso zaila ematen du abstentzioak iragartzen duen nolabaiteko lankidetza inbestidura osteko egunean amaitzea, ordutik aurrera Alderdi Sozialista sekula baino ahulagoa izango baita.
Egia da hirugarren hauteskundeek kalte itzela egin diezaioketela PSOEri, baina mamu hori ez da uxatuko Rajoyri bidea zabaltzearekin. Honen Gobernuak sekulako zailtasunak izango ditu legeak onartzeko eta jarduera parlamentarioari aurre egiteko eta litekeena da inkestak lagun dituenean eta sozialistak hondoa guztiz jota daudenean hauteskundeetarako deia egiteko erabakia har dezala. Alde horretatik, abstentzioaren aldeko erabakiak larriagotu eta atzeratu baizik ez ditu egiten orain Javier Fernández buru dutenen arazoak, barne zatiketa areagotzearekin batera oposizioko talde modura desitxuratzen dituelako. Eta horretaz baliatuko dena, zentzuz jokatzen badaki behintzat, Podemos izango da. Rajoyrentzat aurkari erosoagoa dira Pablo Iglesias eta bere jarraitzaileak, eta horregatik eman die hauspoa gehiengo osoaren legealdian, ezker kutsuko indarrak zatitzeko eta muturreko indarren aurrean erdibidekoago eta zentzuzkoago-edo agertu ahal izateko.
Rajoyri babesa ematea ez da, gainera, PPko edozein buruzagiren aurrean men egitea. 2015era arteko legealdian sozialistek salatutako hainbat neurri antisozial indarrean jarri zituenari zeharkako konfiantza ematea dakar atzoko erabakiak, ustelkeriaren aurrean epel jokatu duenak boterean jarri dezan ahalbidetzea. Popularren beste hautagai batek aurrekoarekin nolabaiteko haustura iragarri izan balu PSOEren abstentzioa neurri batean azaltzeko modukoagoa izango zatekeen, baina egungo baldintzak ezin okerragoak dira sozialistentzat, jomugan izan duten berberari zabalduko baitizkiete gobernatzen jarraitzeko ateak.
Pedro Sánchez idazkari nagusi ohiak PSOE autonomoa, PPrengandik urrun dagoena galdegi zuen atzo, Batzorde Federalearen erabakiaren berri izan ostean. Oraingo hautua militanteei euren iritzia galdetu barik hartu den arren, goizago ala beranduago horien eskuetan jarriko da alderdiaren etorkizuneko buruzagitzaren inguruko lehia. Talde kudeatzailean dihardutenek zail izango dute atzokoaren azalpena, pedagogia egitearen alde azaldu diren arren. Hartutako konpromisoen aurreko iruzurra irenstea ez zaio batere samurra izango militante askori, hilabeteak igaro arren. Izan ere, PSOEren PPrekiko menpekotasuna handitu besterik ez da egingo aurrerantzean.
Publicidad
Horrez gain, Alderdi Sozialista nolabaiteko kutsu andaluziarra hartzen ari da, hangokoen interesen menpeko estrategiei jarraituko balie bezala. Eta hori ez zaio lagungarri izango beste hainbat erkidego autonomotan, batik bat izaera berezitua dutenetan. Alde horretatik, ikusteke dago zein jarrera hartzen duten azkenean EAEko sozialistek, Rajoyri ezezkoa ematearen alde behin eta berriz agertu ostean erabakitzeko ordua heltzen zaielako. Javier Fernández, Susana Díaz eta bestelakoen esku dagoen PSOE ez da bereziki ulerkorra nortasun nazionaleko lurraldeen aldarrikapenekin, eta bertoko gobernagarritasunean laguntzerakoan horrek PSE-EErengan zenbaiterainoko eragina izan dezakeen ikusi beharko da.
Edozein ikuspuntutik begiratuta, PSOE oso larri dabil. Batzorde Federalaren erabakia eta hori hartu aurretik jazotakoak ez dira besterik gabe joango. Ez dute asmatu alderdia batzeko jostun lanetan, eta diputatu guztiak pasaraziko dituzte abstentzioaren galbahetik. Ziurrenik, urrats hau dinamika gaizto baten abiapuntua baizik ez da izango, barruko ezinikusiak eta iritzi kontrajarriak bizitu eta zatiketa areagotuko duena. Beharbada, hilabete batzuk barru Alderdi Sozialista Pedro Sánchez-en garaian oraindik indartsu antzean zebilela esan ahal izango da.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.