joseba arruti
Lunes, 17 de octubre 2016, 00:28
Datorren barikuan ekingo zaio legealdi berriari, hamaikagarrenari, goizeko 9:30etatik aurrera Eusko Legebiltzarra osatuta. Hortik aurrera epeak betetzen hasiko dira, Iñigo Urkullu lehendakaria berraukeratu arte. Duela lau urte oso modu hunkigarrian egin zuen zina Gernika-Lumoko Batzar Etxean, buru den erakundearen ibilbidea hain ondo ezagutu eta barru-barruan daramanak baino egin ezin duen eran. José Antonio Agirrek duela 80 urte abiatutakoaren lekukoa hartzea ohore ezin handiagoa da lehendakaritza euskal herritar batek izan dezakeen gorengo ardura dela sentitzen duenarentzat, eta halaxe ekin zion Urkulluk bere agintaldiari. Garai zaila da honakoa, krisi ekonomikoaren aztarnen menpekoa, baina baita itxaropenezkoa ere, ETAren indarkeria amaitu izanak maila guztietako aukera berriak dakartzalako. Azken lau urteotan asko aurreratu da arlo bietan. Langabeziak behera egin du, nolabaiteko susperraldiak lagunduta, eta, Jaurlaritzaren goiburuak adierazi bezala, pertsona hartu da helburutzat, betebehar sozialari lehentasuna emanda. Bakegintzari dagokionean, nahiz eta Espainiako Gobernuak inolako urratsik egin ez, Jonan Fernández-en taldeak, hasierako alde guztietako mesfidantzak gainditzen hasita, eraginkor jokatu du, sentiberatasunez, egitasmo zehatz, neurtu eta landu baten bidetik.
Publicidad
Egindako guztiak herritarren babesa jaso du irailaren 25ean, EAJk bereganatutako sostenguak erakusten duen legez. Iñigo Urkulluk ezin hobeto hartu dio neurria lehendakaritzari, talde indartsu batez inguratuta eta bere alderdiaren ezbairik gabeko bultzadarekin. Horri esker, legebiltzarkide bat gehiago duela bigarren bat ere lortzekotan egon ostean ekingo dio datorrenari, gobernu zereginetarako egonkortasuna bilatu eta estatusaren ingurukoetan 1979ko adostasun maila zabaldu guran. Ikustear dago zein izango den Jaurlaritza berriari begirako formula, baina, aritmetikak aginduta eta borondate politikoa lagun, akordioak ahalik eta eragile gehienekin bilatuko dira, eguneroko kudeaketaz gaindiko erronketarako giro egokia eta sosegua helburu. Zapateroren garaitik geometria aldakor modura ezagututakoak ahalbidetuko du hori, ardatz indartsu baten inguruan bestelako borondateak batzeko asmoz.
Gernikako Estatutuaren ondorengoa zehazteko inoizko aukera gehien dago orain. Horrek ez du esan nahi erraza izango denik, inondik inora. Bere sasoian oso konplexua izan zena ataka historikoaren maila bereko eskuzabaltasunarekin eta ardurarekin mamitu zen, eta oraingoak ere horixe eskatuko du. Urteak ez dira alperrik joan, euskal herritarrek propio onetsitakoa ez da guztiz bete, eta horrek elkarrengandik urruntzera eraman ditu alderdiak. Jauzi berria egiterakoan azken hamarkadotako eraldakuntza soziala hartu behar da aintzat, eta etor litezkeenei aurre egin ahal izateko tresnak eman behar zaizkio euskal gizarteari. Gakoetakoa aldebikotasuna izango da, eta hitzartutakoa betearazteko mekanismoak zehaztea. Lortzen den akordioa ezin da tantakadaka osatu eta gauzatu, sasoian sasoiko testuinguru politikoaren arabera, nolabaiteko azoka baten dinamikekin. Askoz sakonagoa izan behar du datorrenak, autogobernua eguneratzekoa, indartzekoa eta sakontzekoa, herri honek bere buruari aitortzen dion nortasun nazionala ofizialtzekoa.
Abertzale den ororentzat euskal nazioa zazpi lurraldek osatzen dute, gaur egun horiek hiru egitura politiko ezberdinetan bereiztuta egon arren; zati bakoitzeko errealitate soziopolitikoaren adierazgarri. Nazio eraikuntza da horiek hurbil ditzakeena, erritmoak egokituta eta gerturatze hori bestelako egiturekin bateragarri eginda. EAEk autogobernu sakona du, Nafarroan Uxue Barkos abertzalea da presidentea nahiz eta, berak aitortu legez, erkidegoko gehiengoa hala izan ez eta Iparraldean Hirigune Elkargoa abiatzeko oztopoak gainditzen ari dira. Hala, egoera inoizko onena da hiru egituren lankidetzarako eta elkarren arteko aurrerabiderako. Baina dagoenean sakontzeak hainbat oreka gordetzea eskatuko du, alde bakoitzaren nortasunarekiko errespetuak, eremu bakoitzaren aitortzak, Europa mailako aukerak baliatzeak, batasun gurariak malgutzeak eta antzekoek ekarriko baitute posible den horretan etapa berriak egitea. Horregatik, ezker abertzaleak aldarrikatzen dituen alderen baten bultzakadek hankaz gora jar dezakete hain hauskorra dena eta hainbeste kostata aurreratutakoa. Hamar urteren buruan Euskal Errepublika Konfederala lortzeko Sortuk plazaratutako proposamena ez da batere errealista ez egingarria, eta eurek ere badakite, lehenago ezagutzera emandakoen segida hutsala delako eta honelakoek azkenean frustrazioa baino eragiten ez dutelako. Honelakoekin ezin da jolasean ibili ez amu politiko gisa hartuta, askoz hausnarketa sakonagoak eta errealitatean uztartutakoagoak behar baititu naziogintzak, herritarrek bozkatzen duten horretan beti oinarrituta.
Horregatik, EAEren estatus politiko berria zehazteko ahaleginak goi mailako ikuspegiak, zeharkakotasuna eta errealismoa eskatuko ditu, baina baita gehiengoaren borondatea islatzeko konpromisoa ere, horri ezinbestean aterabideak eman behar zaizkiolako. Ezker abertzalea akordio zabal horretara biltzea ezinbestekoa da, eta baita Espainia mailako eragile nagusietakoren batzuk ere. Egun, PPk ez dauka gehiengo nahikorik Kongresuan, ezta Ciudadanos-ekin bat eginda ere, Euskadin hitzar litekeena gerarazteko, PSOE eta Podemos alde egon daitezen lortzen bada. Egia da sozialisten krisi sakona eta Susana Díaz-en ildoa nagusitzeko aukera ez direla prozesuaren aldeko izango, baina ezin zaio uko egin bilgune historiko berri bat lortzeko ahaleginari. Bada garaia, eta bitartekoak jarri behar dira horretarako. Datorren legealdiari mugarri izatea dagokio. Geldi egotea ez da alternatiba.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.