joseba arruti
Lunes, 10 de octubre 2016, 02:13
Sozialistek abstentzioa oparituko diote Espainiako Gobernuko presidenteari, karguan jarrai dezan. Abstentzio teknikoa izango dela adierazi berri du Batzorde Kudeatzaileko buru Javier Fernández-ek, «taktikoa, ez ideologikoa», egoera «konplexu» bati aurre egitekoa. Baina horrek alderdi barruko ezadostasunak sakonduko ditu, baita Pedro Sánchez-en aurka garaile izan ... direnen artekoak ere; eta PPren alternatiba modura agertzeko aspaldiko ezintasunak bizitu egingo dira. Podemos-ek oposizioko buruzagitza bere gain hartzeko asmoa agertu du, nahiz eta zaila izango den Pablo Iglesias-en estrategietatik eta parametro ideologikoetatik hori lortzea. Dena den, sozialdemokraziak Alderdi Popularraren gisakoen besoetara jauzi egin duenean bozemaile askok muturretan bilatu dituzte aterabideak, eta Europan horren adibide ugari dago.
Publicidad
2008ko hauteskunde orokorren arrakastaren ostean, krisia zetorrela ez konturatzearekin, neurriak beranduegi hartzearekin eta Berlinetik inposatutakoak behartuta bere egitearekin batera hasi zen Zapateroren gainbehera, hau da, ezkerreko bozemaile askok PSOEk zein PPk errezeta beretsua aplikatuko zutela barneratzearekin. 2011tik aurrera, Rajoyk neurri zorrotzak hartu ditu maila ekonomikoan eta sozialean, Podemos-en sorrera ekarri zutenak. Rubalcabaren agintepean sozialistek ez zuten galdutako sinesgarritasuna berreskuratu, eta Sánchez bera ere trakets aritu da behin baino gehiagotan, bere alderdiko egitura organikoaren babes nahikorik gabe.
Abenduko hauteskundeen ondotik, orduko idazkari nagusi sozialista ez zen ausartu zuzenean Podemos-ekin gobernu akordio bat zehazten, eta ostean Iglesias-en handikeriek eta lekuz kanpoko agerraldiek itxi zuten ate hori erabat, sorpassoa ahalbidetzeko taktizismoa lagun. Ciudadanos-en aldeko hautua zen ordukoan PSOEren bidea, hori ezkerreko aliantza batekin bateraezina zela jakin arren. Eta horrela joan zitzaion sozialisten buruari presidente izateko eta PPren aurreko bestelako alternatiba osatzeko aukera, paradoxikoki Podemos-en babesari esker euren erkidegoetako presidente jarritako zenbaitzuren aurkako presioen, bere ausardia faltaren eta alderdi moreko liderraren baldarkeriaren erruz.
Ekainaren 26ko bozen ostean, PPren igoerak zeharo zaildu zuen ezker kutsuko exekutiboa osatzeko aukera. Baina PSOEk izan du modurik popularrei Rajoy ez den beste hautagai bat eskatzeko, askoz irmoago agertzeko eta norabide argi eta egingarri bat zehazteko. Ziurrenik, barruko giroak egin du ezinezko guzti hori, eta Sánchez-ek ez du asmatu estrategia sendo bat gorpuzten. Hala, hirugarren hauteskundeak automatikoki deitzeko hilabeteren faltan, Felipe González-en adierazpenek jarri zuten abian idazkari nagusiaren aurkako baroien operazioa, berau kargugabetu, Batzorde Kudeatzailea izendatu eta Rajoyri abstentzioa emateko tarte nahikoarekin. Irabazleen artean badira PPko buruari ezezkoa ematen jarraitzearen aldekoak ere, baina gero eta argiago dago horietako gehiengoaren asmoa eta pizgarria zein izan den. Dena den, beharbada ez dituzte ondorioak ondo neurtu, alderdia zein punturaino hautsiko zuten, zauriak zein sakonak izango ziren. Baina helburua gardena da, sozialistek eurek hainbestetan salatu dituzten neurri antisozialak abiatu dituen presidenteari, ustelkeriaren aurrean hain epela izan den horri, karguan jarrai dezan aukera ematea. Eta horrek, ziurrenik, jasanezinezko kontraesanen aurrean jarriko du PSOE, amildegiaren ertzean, PPren bidelagun gisa. Goi politikan ari direnek bestelakorik esan dezakete, gobernagarritasunaren beharra, ezinbesteko ardura, gerorako oposizio lan irmoa eta abar azpimarratuz, baina ezkerreko jendartearen gehiengoaren aurrean nekez izango dira onargarriak argudio horiek, bestelako errealitate bat ezkutatzeko erabateko ahuldadetik landutakoak direlakoan.
PSOEren barruko krisia ez areagotzearren, zatiketa ez ahalbidetzearren, litekeena da Rajoyren inbestidura posible egiteko behar-beharrezkoak diren diputatu sozialistak baino ez abstenitzea, baina horrek ez du egoera gozotuko. Presioen pean ahul dabilenak, lehen urratsaren ostean beste asko egin beharko ditu, aurrekontuak onartzea, besteak beste. Eta zaila izango da Bruselatik agindutakoetatik gehiegi bereiztea, sozialisten alternatiba politikoa nabarmentzea. Haatik, ikusiko da militanteek norabide berri hori onesten ote duten, eta Pedro Sánchez-ek berriz idazkari nagusi izateko saiakera eginez gero zer jazoko den.
Publicidad
Bozemaile sozialisten perfilari buruz egin diren azterketa soziologikoetan sakontzea nahikoa da PSOEren krisiaren norainokoaz ohartzeko. Sektore urbano dinamikoenak ez daude, jada, euren alde, ezta goi-mailako ikasketak dituzten gehienak ere. Horien artean sinesgarri izatea zailagoa izan ohi da, baina horiek gabe nekez dago etorkizunik. Rajoyren aurrean hartutako jokabideak baldintzatuko du luzaroan sozialisten etorkizuna, lehendik ere gainbehera zegoen alderdia ia hondora eramateraino. Baina galdutakoa berreskuratzen hasteko osagaiak zeintzuk diren oso atzera joan gabe antzeman daitezke. Horietako garrantzitsuenak Zapateroren lehen legealdikoak eta bigarrenaren hasierakoak dira, PPren aurreko alternatiba argia zirenekoetakoak, ausart jokatzen zutenetakoak, batuta aritzen zirenetakoak. Eta horrek, besteak beste, lidergo sendoak eskatzen ditu, ahulenen aldeko eta klase ertaina indartzeko politika ekonomikoak, eskubide zibilak etengabe sustatzea eta zabaltzea, Estatuaren lurralde egiturari dagokionez nortasun nazionaleko erkidegoei euren autogobernuan sakontzeko aukerak ematea. Datorren PSOEk, baina, oso bestelakoa ematen du. Ikusteke dago bide horrek nora daraman.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.