Pedro Sánchez.

Bi PSOE?

Espainiako Alderdi Sozialista bere historia luzeko egun tamalgarrienetakoak igarotzen ari da, Pedro Sánchez idazkari nagusi ohiaren jarraitzaileen eta Susana Díaz-en inguruko kritikoen arteko ika-mikak direla eta

joseba arruti

Lunes, 3 de octubre 2016, 00:10

Luze joko du PSOE barruko egungo bi sektoreen arteko zatiketa gainditzeak, haustura sakona baita, ezinikusi pertsonalez gainezkakoa. Ezberdintasun ideologikorik ote dagoen ez dago batere argi, nahiz eta Mariano Rajoyren inbestidurarekiko hartu beharreko jarrera agertzen den elkar aldentzeko arrazoien artean. Sánchez akabatu dutenen atzetik botere faktiko ekonomikoak egon litezkeela nabarmendu da, baina arazoak askoz konplexuagoa ematen du, alde bietan lerrokatu direnak kontuan izanda. Susana Díaz-ek koldar jokatu du orain artekoan, behin eta berriz idazkari nagusi izandakoaren alternatiba modura agertu guran baina urratsa egin gabe. Azpi lana egiteko baroien elkar hartzeak amaitu du Sánchez-ekin, modu ezin eztabaidagarriagoan, exekutiba federaleko 17 kidek dimisioa eman eta barne egoera muturreraino eraman eta gero. Militanteek zuzenean aukeratu zutena atzeko atetik joan behar izan da orain, botere organikoak garaituta. Baina horrek ez du esan nahi bi urtetan alderdiaren buru izandakoak hankasartze larriak egin ez dituenik, berez euren arteko aurkari zirenak bere kontra batzeraino.

Publicidad

Sánchez-en aurkako taldean denetarikoak daude, Felipe González eta José Luis Rodríguez Zapatero, Susana Díaz eta Eduardo Madina; PPri gobernatzen uztearen aldekoak, bai, baina baita orain arte behintzat abstentzioaren aurka azaldu direnak ere. Horietako zenbait halabeharrez bildu dira idazkari nagusi izandakoaren aurkako frontera, Tomás Gómez madrildarra esaterako. Hau ere militanteek eraman zuten PSMren buruzagitzara, baina orain arteko zuzendaritza federalak akabatu zuen, ziztu batean, euren egoitzako atean sarraila aldatzeraino. Beraz, sektore guztiek dituzte euren kontraesanak, bai barne demokraziari dagokionean eta baita PPren aurreko gobernu alternatiboa osatze aldera ere.

Hala, abenduaren 20ko kanpainan Pedro Sánchez-ek oso gogor jo zuen Podemos-en aurka, inbestidurarako kide modura Ciudadanos hobetsita eta Euskadi eta Kataluniako nazionalistak baztertuta. Gainera, Pablo Iglesias-ek ere ez zion aukera horri batere lagundu, bere gehiegikeria maximalistekin eta lekuz kanpoko agerpen mediatikoekin. PSOEren gaineko sorpassoa zen bere helburua, eta bere zilborrari besterik ez zion erreparatu. Aukera hura alperrik galdu eta ekainaren 26an hauteskundeak errepikatu zirenetik, sozialisten egoerak txarrera baino ez du egin, 85 diputatutan geratu, gobernu alternatiboa osatzeko aukerak murriztu, Rajoyri bidea zabaltzeko jasandako presioak areagotu eta barne zatiketa gordinduta. Geroztik, idazkari nagusi izandakoak bestelako gobernua osatzearen aldeko aldarrikapenak areagotu ditu, nahiz eta Podemos eta Ciudadanos zaku berean sartzea ezinezkoa dela jakin.

Estatuaren lurralde egitura ulertzeko modua ez da batzuk eta besteak bereizten dituena. Nazionalistekiko jarrera oldarkor samarra izan da denen aldetik, Ciudadanos-en eskutik joateko asmoak adierazten duen legez. Beraz, PSOE barrukoa gehiago da botere borroka beste ezer baino. Bestelako eskemak sinpleegiak lirateke. Zoritxarrez ez dago Estatuaren deszentralizazioan sakontzeko benetako apusturik egiten duenik, Euskadiri eta Kataluniari euren izaera nazional berezitua ondorio guztiekin onartzen dienik. Alde horretatik, PSCren oreka asmoak, egitura federal batean ezberdintasun horiek nolabait jasotzekoak, ezerezean gelditu dira hasieratik baroien agindupean. Hala, etorkizuneko PSOEk UPyD eta Ciudadanos-en antz handiagoa izan lezake Kataluniako sasoi bateko alderdi sozialistarena baino. Eta horrek, argi dagoenez, ez du batere lagunduko nortasun nazionaleko erkidego historikoek planteatzen dituztenak aintzat hartzeko.

Litekeena da PSOEk Rajoyri abstentzioa oparitzea. Horrek neurtzeko zailak diren ondorioak izango lituzke, eta Podemos indarberrituko luke. Neurri batean sozialistek bazter utzitako hainbat ideia jaso dituzte moreek, tartean Euskadi eta Kataluniako gehiengoek aintzat hartzen dituztenak. PPren sostengu izanda nekez eutsiko diote euren etorkizunari sozialistek, eta hondoa jo dezakete, alternatiba izan beharrean makulu izatearen ondorioz. Hori erabakitzea militanteen esku geratuko da, euren burua non lerratu nahi duten zehaztekoa. Zalantzarik gabe, datozen hilabeteak erabakigarriak izango dira eurentzat. Alderdiaren ildoa argitu beharko dute, barne batasuna ahal duten neurrian berreginda. Baina eztabaida hain urrunera eramaten denean, ezinikusiak muinekoak direnean, zaila izaten da hautsitakoa bere onera eramatea.

Publicidad

Ikusteke dago aukeratu berri den gestorak sakoneko zein erabaki hartuko dituen, eta horien aurrean militanteek zer erabakiko duten. Hankasartze ugarik eraman dute PSOE dagoen lekura, ezkerreko sektoreetatik urrundu eta funtsezko zenbait gairi dagokienez PPren eskutik joateak. Popularrei, eta zehazki Rajoyri, babesa ematea aldentze prozesu horren azken urratsa izan daiteke, ia atzeraezinezkoa. Ziurrenik, Sánchez eta Díaz-en artean ez dago sakoneko ezberdintasun ideologikorik, ezta lurralde egiturari dagokionean ere, eta jazotakoa gehiago ulertu behar da botere borroka gisa beste ezer baino. Baina gaur egun PSOE zeharo hondatuta dago, eta Rajoyk hirugarren hauteskundeak deitzen baditu hori oso nabarmen geratuko da. Azken bozetan ez zen Podemos-en sorpassorik gertatu, baina Pablo Iglesias-ek Errejón aintzat hartzen badu hori berandu baino lehen gertatzeak ez luke inor harrituko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad