Borrar
Idoia Mendia, Miren Larrion, Nicolás de Miguel, Alfonso Alonso eta Pili Zabala hautagaiak.
Inkestek diotena

Inkestek diotena

Astebete barru alderdiak eta iritzi publikoa hauteskundeetako emaitzak aztertzen ariko dira. Igandetik aurrera datorrenak oso noizean behinekoen garrantzia izango du, Euskadi bere autogobernu esparrua eguneratzen hasteko zorian dagoelako

joseba Arruti

Lunes, 19 de septiembre 2016, 01:05

Azken urteotan inkestek ez dute gehiegi asmatu, eta huts galanten zerrenda luze samarra da dagoeneko. Baina badira zenbait inkesta erreferentzialak direnak, bereziki aintzat hartzekoak, eta horietakoa da atzo EL CORREOk argitara eman zuena. Azterketa zehatza merezi dute bertan plazaratzen zirenek, ziurrenik domeka gaueko emaitzak ez baitira oso ezberdinak izango. Bi izan litezke lerroburu nagusiak: EAJk garaipen zabala lortuko du, eta Eusko Jaurlaritza osatzeko zein mailaren bateko lankidetza egonkorreko formuletarako jeltzaleen eta PSE-EEren arteko batuketa da herritarrek gogokoen dutena.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta bere alderdia kanpaina bikaina egiten ari dira, azken milimetrora arte neurtutakoa, aurreko lau urteotan egindakoak gizarteratu eta legealdi berrirako asmoak aletzekoa. Ez dago hauteskundeak alde handiz irabaziko dituztela zalantzan jartzen duenik baina, honakoan, eskainu bakar bat gora edo behera egiteak dezenteko ondorio politikoak izan ditzake, besteren batekin batera gehiengo osora gerturatzeko aukeraren arabera. Horregatik ariko dira jo eta ke lanean jeltzaleak hautestontziak itxi arte, dena alde izan dutenek behin baino gehiagotan gehiegi lasaitu izanaren ondorioz pairatutako azken orduko ezustekoak ekiditeko. Alderdiko burukideek zein lehendakariak eta berarekin batera zerrendak osatzen dituztenek ez dute amore emango helmugan egon arte, etenik gabe ekiteko grina eta tentsio horiek erabakigarriak izan daitezkeelako eskainuren bat gehiago lortzeko eta datorren legealdian lasaiago aritzeko.

Alderdi politikoek, aspaldikoek batik bat, azken urteotan jasandako krisiak ez dio EAJri eragin, herritarrek ematen dioten konfidantza mantendu eta hazi egin delako. Alde horretatik, aztertzeko moduko fenomenoa da honakoa, jeltzaleek euskal gizartean dituzten erroen ondoriozkoa, politikan jarduteko eta berau ulertzeko modu propioarekin estu lotutakoa. Azken urteotan ez da aparteko oparotasunik izan banatzeko, eta baliabideak inoizko kontu handienarekin kudeatu behar izan dira. Gainera, ETAren osteko aldian zauriak ixten hasteko zereginei heldu zaie, eta bide hori gogorra da, sentiberatasunezkoa, saminaren ondorioak betiko direlako. Hala ere, urrats erabakigarriak egin dira, etorkizuna elkarrekin lantzeko eta bizikidetza bermatzeko ezinbestekoak.

Inkestek aurreratutakoarekin pozik egon ezin direnak Podemos eta EH Bildu dira. Lehenei EAEko hauteskundeak irabaztea posible zela iruditu zitzaien abenduan eta ekainean. Aukera hori bazutela. Baina geroztikoek euren lekura eraman dituzte. Bozemaileek bertokoari begira bakarrik erabakitzen dutenean emaitzak oso bestelakoak dira, eta moreen emaitzak oso onak izango diren arren, ez dira gailentzeko modukoak. Lehendakarigaia aukeratzeko prozesuan izan zituzten gorabeherek ez diete lagundu, ezta barruko zatiketek zein funtsezko hainbat gairen aurrean azaldutako zalantzek. Pili Zabala sinboloa da, eta horregatik aukeratu dute batik bat, nahiz eta bere arloan baliozkoa ere baden. Baina politikan aritzeko hori baino askoz gehiago behar da, landutako diskurtsoa izatea, besteak beste. Alfonso Alonso EiTBko debatean estu eta larri jarri zuenean, adorea erakutsi zuen. Hala ere, euskal gizarteak dituen erronkei nola aurre egin azaldu behar duenero, hutsuneak ditu. Oreka moduko bati eutsi gura dio gizarte gaietatik haratagokoetan, eta horrek ez dio mesede gehiegi egingo, benetan zer nahi duen jende askori argi geratu ez zaiolako.

Otegik eta EH Bilduk zer nahi duten argi dago, behintzat zenbait esparrutan. Baina ez dute gehiengoaren babesik, beharbada, neurri handi batean, iraganaren zamak itotzen dituelako. Kolore anitzez mozorrotuta ere, ezker abertzaleak ezin dio bere historiari ihes egin, eta atzeraka ari da, ETAren amaieraren osteko atxikimendu maila aspaldi galduta. Bigarren izan beharrean Podemos-en ostean hirugarren geratzen bada, kolpe gogorra jasango du koalizioak, nahiz eta azken hauteskunde orokorretako emaitzak hobetu. Bake agertoki batean, EAJ gailentzea izan da beti helburua; eta horretatik oso urruti geratuko da, antza denez. Asko aldatu beharko dira EH Bilduren lehentasunak, lidergoak edo-ta iranagari buruzko adierazpenak horri buelta emateko. Otegi oso aurpegi ezaguna da, erreferentziala ezker abertzalean, eta bakearekin lotzen saiatzen dira behin eta berriz inguruan dituen hedabideak. Baina hortik kanpokoek oso gogoan dute hainbat urtetan indarkeriaren aurrean azaldu zuen jokabidea; eta, gazte askorentzat, aldiz, iraganeko norbait da, euren kezkekin eta moldeekin bete-betean bat egiten ez duena.

Baina txarrago dagoenik ere ez da falta. Sozialisten egoera larria da Espainia mailan, eta horrek zuzeneko isla du Euskadin. Kanpaina honetan ez dute euren lekua aurkitzen jakin, eta aspaldi bateko gaiei eutsi diete, euskarak administrazio publikoan izan behar duenari, esaterako. Baina horrelakoak ez daude ez euren bozemaileen agendan, eta ezta euskal gizartearenean ere. Baldar jokatze horrek ez die lagunduko, nahiz eta litekeena den inkesta gehienek emandako emaitzak azkenean zertxobait hobetzea. EAJrekiko ahalik eta urrunen agertu gura izate horrek, bestalde, sinesgarritasuna kendu die, azken legealdiko lankidetzaren ostean. PP, aldiz, gutxien galtzearekin asetuko da, hurrengo Legebiltzarrean aintzat hartua izatearekin. Alfonso Alonsok ez du lidergorako aparteko gaitasunik erakutsi, eta galdu duela aldez aurretik dakienaren jokabidearekin aritu da.

Domekan ikusiko da inkestek asmatu duten, etorkizuneko Euskadi nola eraikiko den, zein zumerekin. Herritarren parte hartzea garrantzitsua da, asko dagoelako jokoan, eta baita emaitzak ezagutu ostean alderdiek elkar ulertzeko ahalmena erakustea ere. Kultura politiko heldu baten arabera ekin behar dio Euskadik hurrengo legealdiari, topagune berriak aurkitzeko, beste jauzi bat egiteko eta, maila guztietan, dagoenetik gorako bidean jarraitzeko.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Inkestek diotena