Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joseba Arruti
Lunes, 5 de septiembre 2016, 01:22
Kongresuko bigarren eta, oraingoz, behin betiko bozketa amaitu bezain laster ikusi du Albert Riverak zenbaterainokoa den ustelkeriari eta iruzurrari aurre egiteko Mariano Rajoyren borondatea. José Manuel Soria Industria ministro ohia, Panamako paperetan agertu eta horren inguruko azalpenetan gezurretan ibili ostean dimisioa eman behar izan zuena, Munduko Bankuko goi kargudun izan dadin ontzat jo izana da horren adierazgarri. Zergapekoei eskatzen zaien berbera egitea gutxienekoa da politikan ari direnentzat baina kanariarrak nahiago izan zuen bestelako bidetik jo, paradisu fiskalenetik. Eta harrapatutakoan, gardentasunetik ezin urrutiago dagoen jokabidea aukeratu zuen, bere egoera politikoa jasanezin egin eta, iritzi publikoaren presioz, jarduneko Gobernutik alde egiteraino.
Bankuetaz asko daki, batik bat iluntasunean ari direnetaz, dirua Ogasunengandik urruti gordetzen dutenetaz, baina ez da pertsonarik eredugarriena horrelako kargu baterako, nahiz eta Rajoyri eta ingurukoei hala iruditu. Tamaina horretakoa baldin bada aurrerantzean PPko presidenteak bizitza publikoa garbitzeko hartuko duen konpromisoa, oso kontuan izan beharko dute babestekotan ari direnek. Areago, Soriarena bezalako erabakiak Parlamentuko bozketa amaitu eta bi minutura ezagutarazten direnean, ezin baita maltzurrago jokatu.
Hankasartzeak
Rajoyren egoskorkeria egoera erabakigarrietan berezko dituen hankasartzeen neurrikoa da. Huts egin ostean, berriz hautagai izan nahi duela nabarmendu du, baita hirugarren hauteskundeak eginez gero ere. Eta bera tartean badabil ez da harritzekoa izango horretara heldu behar izatea. Aurreko legealdian hainbat zubi hautsi zituen oposizioarekin eta PSOEren ezkerreragoko mugimenduak indartu zituen, ikusentzunezko hedabide publiko eta pribatuen erabilera politikoari esker.
Gehiengo osoa baliatuta ukazioaren bidetik jo zuen, eta ez bakarrik sozialistekin. Urkullu lehendakaria eta EAJ ez zituen aintzat hartu, ezta oinarri-oinarrizko eskaerak egin zituztenean ere. Eta Kataluniako auzia usteltzen utzi du, bertan lehen mailako arazo politikoa dagoela onartu eta gutxieneko elkarrizketa saiakera egin beharrean. Hala, orain ez du aliaturik, inor ez dago prest 176 diputatuetara heltzeko behar duen batuketa ahalbidetzeko. Ciudadanos-ek eman dio laguntza, nahiz eta nahikoa izan ez, baina ordainetan lotsagarri utzi dute Soriari buruzkoa bezalako jarrerekin.
Orain ez dago argi zein izango den hurrengo pausua. PSOE, Podemos eta Ciudadanos-en arteko akordioren batek ez du posible ematen, arlo ekonomikoan eta lurralde egiturari dagokionean azken bien ereduak kontrajarriak direlako. Gainera, sakoneko erreformak abiatzeko PPren parte hartzea behar da, bereak direlako Kongresuko herenetik gora eta Senatuko gehiengo osoa. Dena den, gero eta argiago dago egungo egoera desblokeatzeko Rajoyk atzera egin behar duela, eta popularrek beste hautagai batekin saiatu behar dutela, ustelkeriaren aurkako konpromiso handiagokoa den norbaitekin; iragan garbiagokoa, zeharkakotasunerako ikuspegi zabalagokoa, benetako erreformak abiatzeko prestuagoa eta, bertokoari dagokionez, euskal berezitasunak bere gain hartuko dituena. Horrelako norbait saia liteke tarte baterako Gobernua osatzen, premia larrienei aurre egiten eta bi urte barrura begirako-edo programa landu eta egikaritzen. Rajoyri, baina, pozoin politikoa dario eta inguratzen zaionak irentsia izateko arrisku bizia hartuko du bere gain.
Pertsona aldaketa
Ondorioz, egungo blokeoa gainditzeak pertsona eta estilo aldaketa ere behar izango du. Politika zaharrari lotutakoak nekez izango dira ezinbestekoak diren aldaketen bermatzaile eta katalizatzaile. Oraingoz PPren barruan ez dago alternatibarik, Rajoyren lidergoa kolokan jartzera ausartzen denik. Baina berandu baino goizago jo beharko lukete horretara, orain arteko aroak ez duelako gehiagorako ematen. Denetan kontserbatzaile agertzeak askotan gizartearen erritmoa ezin jarraitzea dakar, atzean geratzea. Eta, hauteskundeak irabazi arren, popularrei hori gerta dakieke, isolamendu politikoa gainditu ezin izatea, zubiak berreraikitzeko ezinean ibiltzea eta nahitaezkoak diren erreformei beranduegi heltzea. Kongresuan dagoen indar banaketarekin, legealdi honek aldaketa eta eguneraketa sakonetarako adostasun zabala lortzetik baino ez du lortuko bideragarri izatea. Politika alderdikoi eta itxiekin zein iraganeko itzalekin ezin izango dira hirugarren hauteskundeak saihestu.
PPk, gainera, kontu handia izan beharko luke Ciudadanos-en eskutik ibiltzeak Euskadin eta Katalunian izan ditzakeen ondorioekin. Riveraren alderdiak autogobernuari buruz proposatzen duena zenbait arlotan Konstituzioa baino arinagoko egoeretara itzultzea da, berzentralizazio prozesuak abiatzea; eta horrek ez ditu etorkizunean aniztasunaren aldeko akordioak ahalbidetuko, Estatua bera bideragarri egiteko ezinbestekoak direnak. Hil honen 25eko EAEko hauteskundeetan nabarmenduko den legez, euskal herritargoaren gehiengo zabalak egungo esparruan sakondu nahi du, Estatututik haratagoko potentzialtasunak jorratuz. Horren aurrean itsuarena egiten duenak hausturaren hazia ereingo du. Aspaldiko orekak gorde eta berriak ahalbidetzean dago gakoa aurrera begira, eta Ciudadanos zama da bide horretan; muzin egiten dielako nortasun nazionalekoak diren erkidegoen autogobernuan sakontzeko gurariei eta baita bere garaian hitzartutako hainbat berezitasuni ere. Rajoy eta PP hainbat ataka larritan daude. Eta orain artekotik jarraituta okerreko bidetik doaz.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.