Borrar
Iñigo Urkullu eta Alfonso Alonso.
Benetako arazoak

Benetako arazoak

Abuztua oporretarako izan ohi da baina aurten jarduera politikoak ez du etenik izan, ez Euskadin ez Madrilen. Bertoko hauteskundeak oso gertu daude dagoeneko, eta alderdiek euren eskaintzak zehazteari ekin diote bete-betean

joseba arruti

Lunes, 29 de agosto 2016, 00:17

Azken lau urteotan ondo eutsi zaie lehentasun politiko, ekonomiko eta sozial nagusiei Euskadin. EAJk 2009an Eusko Legebiltzarrean gehiengo osorik lortu ez arren, egonkortasuna izan da nagusi, kolore bakarreko Jaurlaritzaren eskutik. Horretarako, Iñigo Urkullu lehendakariak, bere sailburuek eta burukide jeltzaleek zubigintzari ekin diote alde batera zein bestera begiratuta. Desafio potoloak aurkitu zituzten gobernura heldutakoan, krisi ekonomikoak utzitako ondorio larri askorekin lotutakoak batik bat, baina baita ETAren amaieraren eraginezkoak ere, hainbat zauri leuntzen lagundu eta normalizazio politikoa ardatz duen etapa berri bat abiatzekoak. Zaila zirudien arlo horietan urrats sendoak egitea, baina lortu da.

Elkarrizketa trinko eta etengabea lagun, lehentasunak behar bezala aletu eta konponbideak ondo landuta, krisiaren larriena atzean utzi da eta langabeziak behera egin du. Lehendakariak berak berriki adierazi duenez, hurrengo legealdian beharrik bakoen kopurua %10etik jaistea da orain helburua. Asmo hori egingarria izateak islatzen du zenbat aurreratu den 2012tik hona. Tarteon, euskal ekonomiak hobera egin du nabarmen, nazioarteko egoerak baldintzatuta noski, baina norabide egokian. Babes sozialean atzera ez egitea izan da Jaurlaritzaren ardatzetako bat, sektore kritikoenetatik ere behin baino gehiagotan onartu dutenez, eta krisiaren aurrekora ahalik eta arinen itzultzeko oinarriak erein dira.

Ez da kasualitatea oposizioan jardundako alderdiek kudeaketaz barik bestelakoez eztabaidatu nahi izatea, jakin badakitelako arlo horretan zail dutela kritika sinesgarriak egitea. Ondorioz, EH Bilduk Otegiren inhabilitazioa hartu du ardatz, Elkarrekin Podemos mezua zehaztu guran galduta dabil oraindik eta PSE-EEk zein PPk Euskadi eta Espainiaren arteko harremana izango dute gai nagusietakoa. Eztabaidarako lehenetsitakoek alternatiba izan nahian dabiltzanen egungo egoera islatzen dute, dituzten gabeziak nagusiki. Urkullu lehendakariarena egindakoetan oinarritutako hautagaitza da eta datozenena, aldiz, asmoetaz elikatzen da. Beharbada horregatik, EAJren aurkako balizko aliantzek ez dute babes handirik ezta euren burua ezkerrekotzat duten alderdietan ere, herritarren artean horrelako zerbaitek mesede egiten ez dielakoan.

EH Bilduren jardunak ez du inor ezustean harrapatu. Etorkizunera begirako euren ohiko proposamen gaseosoek garai bateko atxikimendu mailarik lortzen ez dutenez, eta sektore zabalek gero eta gehiago datorrenarekin baino joandakoarekin identifikatzen dutenez, koalizioak Otegiren inhabilitazioa hartu du gai nagusi eta ia bakartzat. Ordura artekoak alde batera utzita, Bateragune auziagatik ez zuen sekula kartzelan egon behar izan, ETAk armak uztea izan baitzen sasoi horretan berak eta bere ingurukoek bilatzen zutena. Eta, bistan denez, zorioneko helburu hori lortu zen, hamarkada luzetako basakerien ostean. Hala, lehendakarigai modura aurkezteko eskubide osoaren jabe behar luke elgoibartarrak, eta albiste ona litzateke azkenean hori posible izatea. Euskal herritarrek jarri behar dute dagokion lekuan eta dagokion indarrarekin. Eta bide horretan, soberan daude zenbait sektore politikoren justiziaren gaineko eskuhartzea zein ezker abertzalearen biktimismo antzeztua. EH Bilduri, azken hauteskundeetako porroten ostean, politikoki onuragarria zaio egungo agertokia. Zegokionean inhabilitazioaren aurka behar besteko ahaleginik egin ez eta orain ezustekoa bailitzan hartzea ez da ulergarria. Erosoago sentitzen da koalizioa horretaz hitz egiten autogobernuari, bakeari eta bizikidetzari, ekonomiari, hezkuntzari eta beste arlo askori buruzko bere balizko proposamenak zehazten eta azaltzen baino. Horrela egin nahi dio aurre azkenaldiko bere gainbeherari, eta hori da bere estrategia irailaren 25era begira.

Elkarrekin Podemos-ena, aldiz, ez dago hain argi. Pili Zabalak borondate oneko hainbat adierazpen publiko egin ditu lehendakarigai aukeratua izan aurretik eta gero, hainbat sektoreren atxikimendua lortzekoak edo. Baina zehazgabe itxura eman du, politikatik at ibili eta heldu berritako askori gertatzen zaien legez. Barruko zatiketak, desadostasunak eta ezinikusiak ez zaizkio batere mesedegarri izango, eta nekez lortuko ditu hauteskunde orokorretakoen antzeko emaitzak. Dena den, eragile garrantzitsua izango da Podemos datozen urteetan Euskadin, eta hankasartze galanta litzateke horretaz jabetu ez eta gutxiestea. Ikusteke dago non kokatzen den, ze perfil aukeratzen duen eta nola lortzen duen nazio ikuspegitik barruan dituen ildo ezberdinak uztartzea. Jeltzaleekin baditu elkarlanean aritzeko moduko esparruak, horien aurkako bloke bat osatzen tematu beharrean. Azkenaldian iritzi kontrajarriak plazaratu dira hurrengo legealdian dagokion rolaren inguruan, eta hauteskunde biharamunetik izango dute zertaz hausnartu.

Sozialistek eta popularrek, aldiz, azken urteetako egoerarik txarrenetakoan egingo diete aurre hauteskundeei eta, hori arindu guran edo, klasikoenetakoak izan zaizkien ardatzei heldu nahi dietela ematen du. Euskal autogobernua eguneratzeko ordua heldua denean, Espainiarekiko lotura nabarmentze soila pobre samarra da, mugatuegia, aldez aurretikoa. Euste hutsetik haratago joan beharko dute gizartearen aurrean proposamen osatuak aurkeztu nahi badituzte. Etorkizunak irudimena eskatuko du ezinbestean, ausardia, zubigintzarako gaitasuna, zeharkakotasuna; eta inork ez lieke balore horiei muzin egin beharko. Euskal gizarteak irtenbideak nahi ditu, gehiengoaren borondatean oinarritutako aurrerapausoak. Hori aintzat hartu beharrean mugitzen ez dena atzean geratuko da ezinbestean. Jada, bati baino gehiagori ari zaio gertatzen.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Benetako arazoak