Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joseba Arruti
Lunes, 22 de agosto 2016, 01:53
Gauza asko onar ditzakegu. Ala ez. Espainiako politikagintzak sainete itxura hartu du azken hilabeteotan, eta Gobernuko presidenteak aurreko astean PPren zuzendaritzaren bileraren ondoren Ciudadanos-ek jarritako sei baldintzen inguruan prentsaurrekoan esandako hori da zentzugabekeria komikoaren gorenekoa. Baldarkeriaren, edo probokazioaren, adierazle gordinena. Rajoy bera prozesu politikoa ... desblokeatzeko zein punturaino oztopo bihurtu den erakusten duena. PPko beste buruzagiak ere txundituta utzi zituzten hitzok, entzuten zutena sinestu ezinik. Baina, hurrengo egunean egoera nolabait zuzendu eta Cs-ekiko negoziazioak bideratzen ari direla ematen duen arren, hilaren 17ko adierazpen horiek ez dira anekdota soila, egoeraren zergatietako askoren laburpen baizik.
Hauteskunde orokorrak sei hilabetetan bi aldiz egin eta hirugarrenen beharraren arriskua dagoenean, teorian Gobernuko presidenteak izan beharko luke arduratsuen jokatzen duena, inork baino hobeto dakielako zein zaila den hainbat arazo politiko, ekonomiko eta soziali aurre egitea eta zenbaterainoko premia dagoen egungo blokeoa gainditu, aurrekontuak onartu eta lehen mailako desafioei behingoz heltzeko. Baina Rajoyk Don Tancredorena egitea erabaki du, ardura guztiak besteei egotzi eta bereei behin eta berriz muzin eginda.
Lau urteko gehiengo osoaren garaian bere kabuz jardutea erabaki zuen, PSOE behin eta berriz lotsagarri uzten saiatu, EAJ gutxietsi, Kataluniako nazionalistak baztertu eta Cs bera ere mezprezatuta. Gutxi balitz, jarrera epela agertu izan du ustelkeriaren aurrean, Bárcenas auziak eta bestelakoek erakutsi dutenez. Harrokeria horrek solaskiderik gabe utzi du ezurteak heldutakoan, bere alderdia gehiengo osotik oso urruti geratu denean. Areago, aurreko legealdiak toxiko bihurtu du Rajoy gainerako eragile politikoentzat, hauteskunde kanpainetan Albert Riverak sarritan adierazi duen legez.
Alderdi bozkatuena PP izan zedin erabaki zuten herritarrek bai abenduan zein ekainean. Baina bietan 176ko gehiengo osoaren oso azpitik utzi zuten. Gabonen ostean, Gobernu alternatibo bat osatzeko aukera benetakoa izan zen eta, neurri handi batean, Pablo Iglesias-en harropuzkeriak eragotzi zuen hori, Pedro Sánchez ere behar bezain fin ibili ez zen arren. Azkenengo bozen ostean benetako aukera bakarra PPrena da, bai, eta berari dagokio proposamenak egitea, solaskideak bilatzea, negoziatzea. PSOEk, Cs-ek edo beste edozeinek babes osoa zein zatikakoa oparitu eta horren ondoriozko higadura euren gain hartu behar dutela pentsatzea ez da serioa, hedabideetako askotan mezu hori etengabe errepikatu arren.
Rajoy zeharo arduragabe ari da, ez duelako iraganeko aspektu ilunenekin hautsi, ez duelako benetako eskaintzarik egin, eta Erregea bera ere bere interesen arabera erabili izan duelako, jarduneko presidentea 1978ko sistemaren, jokabide arduratsuen eta egonkortasunaren aldeko aldarrikapen sutsuenak egiten dituena den arren. Ikustear dago Cs-en sei baldintzak guztiz aintzat hartuko ote dituen edo benetako orduan horiek desitxuratzen saiatuko den. Inbestidura abuztuaren 30ean egin eta balizko hirugarren hauteskundeak Gabon egunean egiteko arriskua PSOEren gain jaurti nahi izatea taktizismo norberekoi, itsu eta pozointsuenaren isla baino ez da. Eta, guzti horrekin, Cs ez den inork irentsi ezinezko hautagaia dela nabarmendu du. Rajoy ala kaosa da PPko buruzagien goiburua, baina faltsua da erabat.
Lehenik eta behin aurrera begirako programa politiko osatu, bideragarri, zeharkako eta orekatua landu beharko luke PPk, gainerako eragileei eskaintza zehatza helarazteko. Eta bigarrenik, benetako borondate eraikitzaile eta birsortzailearen adierazgarri, iraganeko aspektu kutsakorrenekin estu lotuta ez dagoen hautagaia bilatzea lagungarri litzaioke erabat. PPri dagokio gobernatzea azken emaitzen ostean, bai, baina ez derrigorrez Mariano Rajoyri, presidentea bera oztopo delako egungo egoera gainditzeko. Sistema parlamentario batean gehiengoak osatzeko gaitasun politikoa izatea da garrantzitsuena, eta popularren buruak dagoeneko ez du horrelakorik. PSOErentzat eta beste edonorentzat, ziurrenik, samurragoa litzateke inbestidura ahalbidetzea baldintza horiek beteko balira. Gainera, hori gainditutakoan gobernatu egin beharko da, eta horretarako ere ezinbestekoa da estilo berri bat, zubiak eraikitzeko eta konplizitateak lantzeko gai den presidente bat. Ad hominem ezarritako betoak berez arriskutsuak eta hutsalak izan daitezkeen arren, honakoan ez da funts gabekoa Rajoy bazterrean gera dadin eskatzea, mugarri modukoa litzatekeelako bestelako aro bati ekiteko.
Hirugarren hauteskunde orokorretara joan behar ez izateko erantzunkizuna ez da oposizioan geratuko den inorena, Gobernua osatzea dagokionarena baizik. Eta ustez egonkortasuna eta Estatuaren interesak beste inoren gainetik lehenesten dituenak bilatu behar ditu irtenbideak, momentua heldutakoan atzerapauso bat emanda ere. Gerta liteke Rajoyren estrategiak azkenean PSOEn haustura eragitea eta inbestidura saioa gainditzea lortzea. Baina bere jarraipenak, epe ertain eta luzera, honako legealdi hau bideragarri egitea oztopatuko du eta, PPri izan ezik, gobernagarritasunean neurriren batean parte hartzen duten bestelako alderdiei txarrerako eragingo die ezinbestean.
Marx anaien ganbara baino nahasiago dagoena bere onera eraman eta egungo egoera politikoa desblokeatzeak lehen mailako keinuak eskatzen ditu, eskuzabaltasunekoak. Alde askotatik, abiada berri bat. Eta hori ez da lortuko trikimailuen bidez, edo norbere azpitik dagoen aurkari politikoa estutu eta bere printzipioen aurka ekitera behartuz horren etorkizuna kolokan jarri nahi izanda. Joko horrek Rajoyri dagokionez hitzen eta ekintzen artean dagoen alde ikaragarria erakusten du. Gaur egungo bere bakardade politikora eraman duena, hain zuzen.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.