Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
joseba arruti
Lunes, 15 de agosto 2016, 00:10
Albert Rivera ekainaren 26ko ia biharamunetik hasi zen PPren aurreko ordura arteko bere jarrera aldatzen eta epeltzen. Aro politiko berri batekin bateraezina zelakoan Rajoyri berak ezarritako betoa kolokan jarri zuen geroztiko adierazpenetan eta «Espainiaren interesak» lehenetsi zituen beste edozeren gainetik, bere alderdia horien ... zaintzaile nagusi modura finkatu guran. «Inori xantaia egingo ez dion presidente bat nahi dut nik; delitugileei telefonoa hartuko ez dien presidente bat; eta kartzelara inori mezurik bidaliko ez dion bat» esaten zuenak arduratsu agertu nahi izan du bigarren bozen ostean iritzi publikoaren aurrean, alderdi konstituzionalisten batasuna aldarrikatu eta nazionalistak behin eta berriz baztertzen saiatuta. Pixkanako baina etengabeko moldaketa horren azken urratsa Gobernuko presidentearekin bilera egiteko bezperan prentsaurrekoan ezagutzera emandako sei baldintzen zerrenda izan da.
Aurretiazko baldintza modura inbestidura saioaren data zehaztea eskatu du Riverak, Ana Pastor Kongresuko presidentea Rajoyren estrategiaren alde ari delako ezin nabarmenago. Hortik aurrerakoak aski ezagunak dira jada: ustelkeria politikoaren ondorioz inputatutako kargu publiko oro berehala kanporatzea, forupekotasuna baliogabetzea, hauteskunde lege berri bat onartzea, ustelkeria politikoaren ondoriozko indultuak akabatzea, presidentearen agintaldia zortzi urtera edo bi legealdira mugatzea eta, azkenik, Bárcenas kasua ikertzeko batzorde parlamentarioa osatzea. Ciudadanos-en buruaren esanetan, horiek guztiak onartu behar ditu Rajoyk inbestidura saioan euren babesa jasotzeko, baina azken honek, beste behin, patxadaz hartu du horien azterketa eta onarpena, eta PPko adituei txostenak eskatu dizkie sei puntuetako batzuk negoziatze, zehazte eta, ziurrenik, nahaste aldera.
Txaloak
Riveraren ekimenak Espainia mailako hedabide askoren txaloak jaso ditu, egoera politikoa desblokeatzeko ausart jokatu duelakoan. Horien arabera, bera da zentzuzko bakarra, erreformak bultzatzeko abiapuntu egokia proposatu duelako eta, zeharka bada ere, Rajoyri ezarritako betoari nolabait eutsi diolako, bi legealdiko muga ezarri ostean lau urte barru egungo gobernuburuak ez bailuke jarraitzerik izango. Politikan, baina, ustezko eskuzabaltasuna estrategia alderdikoien menpe egon ohi da. Eta Bartzelonako abokatuak espazio politikoa eman gura dio bere alderdiari, etor litezkeen erreformen bultzatzaile gisa agertu eta Rajoyren inmobilismoa agerian jarri, berau babestu baina gobernuan egon ez eta PSOEren barne kontraesanak areagotzen lagunduta.
Ciudadanos-ek PPrekin batera koalizioa osatuz gero, litekeena da lau urte barru honek irenstea. Honelakoetan handia izan ohi da etekina bere egiten duena. Horregatik, erreforma zehatzen zaintzaile bihurtu guran dabil Ciudadanos, inbestidura eta aurrekontuak ahalbidetuz baina Gobernuan parte hartu gabe. Sei baldintzei Rajoyk baiezkoa emango dien arren, mamia xehetasunetan egongo da, eta horiek aurrerago aletuko dira. Baina PP eta Ciudadanos-en arteko nolabaiteko gutxieneko baldintzen hitzarmenak ez du ez inbestiduraren ez exekutiboaren jarduera legegilearen aurreko babes nahikorik bermatzen. Baliteke presioaren eraginez sei diputatu sozialista abstenitu eta Rajoyk presidente izaten jarraitzea, baina osteko Gobernua erabat ahula izango da, behin eta berriz kolokan egotekoa, asko jota legealdi erdira-edo heltzeko modukoa.
Inbestidura
Sozialistentzat zeharo kaltegarria litzateke inbestidura ahalbidetzea, jatorrizko bekatu horren ostean nekez kokatu ahal izango direlako bete-betean oposizioan. Eta Podemos onena emanda dagoen arren, PPri benetan aurre egiten dion indar bakar modura agertzea lortzen badu PSOErenak egin du. Pedro Sánchez-ek militanteekin zuzenean duen harremanean oinarritu du bere lidergoa, eta beharbada horregatik ari dira Susana Díaz-en ingurukoak delegatuen bidezko ohiko barne prozesuaren alde ekiten, zeharkako bide horrek alderdiaren kongresuari begira aukera gehiago ematen dizkielako. Gehiengo osoko lau urteetan PP ez da inoiz saiatu zubiak eraikitzen ez oposizioa aintzat hartzen, eta ereindako solaskidetza faltaren ondorioak pairatzen ari da orain. Sozialistek popularren makulu edo oposizioko alternatiba izan nahi duten argitu beharko dute, hitz potoloekin jantzi arren lehen aukerak maila askotan hondoa jotzera eramango lituzkeelako. Eta erdibidean geratzea gero eta zailagoa zaie, horretarako dagoeneko Ciudadanos dagoelako eta euren galbidearen abiapuntua Zapateroren azken aldian ezkerreko sektoreetatik erabat eta epe luzerako urruntzea izan zelako.
Ciudadanos-en sei baldintzek beharbada momentuan momentuko egoera gainditzeko balioko dute, inbestidura saiora begira batik bat. Baina puntuok zehaztea eta betetzea ez da izango ematen duen bezain erreza. Horietako zenbait desitxuratzen saiatuko da PP, argudio juridikoak edo, besterik gabe, trikimailu politikoak baliatuta. Ustelkeriaren aurreko epeltasuna ezaugarri izan duen buruzagi berbera nekez izan daiteke orain erreformen eta gardentasunaren gordelaria. Rajoy mugara eramanda baizik ez zen posible Alderdi Popularrean beste buruzagitza eta estilo bat ahalbidetzea. Baldintzok, baina, amore emateko modua baino ez dira, sakoneko arazoak konpondu ez eta azken lau urteotan jazotakoetako asko pasatzen uztekoa. Ciudadanos-ek PPren matazan nahaspilatzea aukeratu du. Buruzagi sozialista askok ere badute horretarako tentazioa. Eta Pablo Iglesias, pozik.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.