Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joseba Arruti
Lunes, 8 de agosto 2016, 00:10
Berez euskal herritarrek aukeratuko dutena Legebiltzarra osatuko dutenen zerrenda bada ere, ukaezina da lehendakaritzara aurkezten direnen nortasun politikoak eragina duela prozesu hori zehazterakoan. Irudiaren eta sinplizitatearen aroan sistema parlamentarioaren mekanismoak pertsona batengan laburbiltzen dira ohikoan, benetako mamia tartekoetan dagoen arren. Gainera, orohar siglek pisua galdu dute azken hamarkadotan, alderdi batek baino gehiagok egokitze eta eraldatze prozesu sakonak burutu behar izan dituelako. Hala, EAJ da maila horretan indartsuena, XIX. mendearen amaieratik gaur egunera arteko oihartzuna duelako, abertzaletasunaren aitzindaria delako eta, euskal erakundeen buru, gobernuan zein erbestean aritzea egokitu zaiolako. Mistika gutxienekoak, beharbada, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu dira, oso testuinguru zehatzei erantzuteko ia herenegun sortutakoak direlako, eta ideologia esloganen atzean ezkutatzen dutelako. Ukiezin direnek balio sinboliko handia dute oraindik politikan, jarraikortasunak emandako sendotasunaren ondorio diren neurrian.
Horren oso jakitun da Iñigo Urkullu lehendakaria, bai bere alderdiari zein buru duen erakundeari dagokionean. Bere izaera politikoan ezinbesteko osagaiak dira abiapuntu ideologiko gardena eta gizartearen borondatearen arabera helburuak moldatu eta egokitzen jakitea. Zubigintzan aritu da aurreko legealdian, bertoko aniztasunak betebehar hori ezinbesteko egiten duelako eta ikuspegi demokratiko moderno batek funtsezko gaiei aurre egiteko hala eskatzen duelako, eta badaki datozen lau urteotan ere horretan iaioa izatea balio handikoa izango dela, estatus politikoaren inguruko sakoneko akordioak behar direnez gero. Alde horretatik, Urkullu lehendakaria, nor den ahaztu gabe, gizarte anitz batek eskatzen dituen orekak gordetzen saiatu da behin eta berriz, solaskidetzarako gaitasuna zorrozten eta ikuspegi partzial eta momentukoetatik ahalik eta gehien urruntzen. Lidergo praktikoa da berea, gehien kezkatzen duten arazoei erantzunak ematen saiatzen direnetakoa. Badaki indarkeriaren etapa gordinaren ondorioak aletu eta bideratzea, krisi ekonomiko bortitza leundu eta gainditzea eta zenbait belaunaldi berriri baliagarri izan dakiekeen estatus politiko eguneratua hitzartu eta abiatzea izan daitezkeela bere agintaldiaren mugarri nagusiak, eta horiei ekingo die betean.
Euskal politikaren plazan Pili Zabala da berriena, Podemos-Ahal Duguren lehendakarigaia. Modurik ankerrenean eraildako Joxi Zabalaren arreba izateagatik zen ezaguna orain arte iritzi publikoaren aldetik baina, argi dagoenez, hori baino askoz gehiago da, profesional prestatua eta gaitasunekoa, esaterako. Bere izendapena Garbiñe Biurrunen ezezkoaren ostean heldu da, ia hauteskundeen bezperan, eta bere alderdiko ildo ezberdinetako hautagaiekin lehiatu ostean. Irudi freskoa du eta iragan politiko nabarmenik gabekoa denez sektore askori atsegina gerta dakieke. Baina hortik aurrera, giza dimentsiotik haratago, inkognita bat da, lidergoaren ikuspuntutik zein ideologiarenetik. Bere adierazpen publiko ugarietan ez du ia ezer argitu, eta inork ez daki zehatz non kokatzen duen bere burua Euskal Herrian berebiziko garrantzia duten arazoen aurrean. Hori gutxi balitz, ekainaren 26ko Espainia mailako emaitzek Podemos-en distira itzali dute, hiperlidergo miope baten gidaritzapean bigarren mailako izaten jarraitzera behartuta dagoelako. Eta EAEn barne egoera ez da gobernatu nahi duen alderdi bati legokiokeena, ildo ezberdinen arteko ezinikusiak eta ezadostasunak kanpotik ematen duten baino are sakonagoak direlako. Egoera horretan, gai nagusiei heltzerakoan, nahikoa izango dute epe ertain-luzera batuta jarraitzen saiatzearekin.
Arnaldo Otegik ere nekez lortuko du EH Bilduren gaur egungo ordezkaritza mailari eustea. Denborak aurrera egin ahala, nabarmenagoa da bere estiloa eta edukietako asko beste garai batekoak direla. Ezker abertzaleak, berau baita koalizioaren osagai nagusi eta ia bakarra, ez du jakin garai berrietara egokitzen, sektore gazte dinamiko askoren kezkak ordezkatzen. Ondorioz, ohiko gaietan galduta dabiltza, aurrera egin ezinik, eta hori oztopo bihurtu zaie. Indarkeria oso berandu amaitu izanaren eta krisiaren eraginez, Euskal Herrian beste ezker bat indartu da azken urteotan, hauteskunde orokorretan EAEn eta Nafarroan sekulako indarra erakutsi duena, gai nazionalei barik batik bat sozialei erreparatzen diena, eta horrek bigarren mailako modura geratzera eraman dezake EAJren alternatiba izateko 2012an osatutako koalizioa. ETAren osteko etapan gehiengo soziala bere inguruan biltzeko saiakeran porrot egin du EH Bilduk, beharbada aurreko aroak eta horren menpekotasunek ezinezko egiten diotelako hainbat sektoretara heldu ahal izatea, batik bat buruzagitza zaharrekin. Otegik, dena den, lehendakarigai izan behar luke, inolako traba judizialik gabe, dagokion leku politikoan herritarrek eurek jar dezaten.
Adostasunaren bila
Idoia Mendiarentzat eta PSE-EErentzat azkenaldiko hauteskunde guztiak dira zailak. Nabarmen egin dute behera sozialistek eta honakoan euren helburu nagusia EAJren gehiengoa osatu ahal izatea baino ez da. Alde horretatik, jarrera politiko eskizofreniko samarra erakutsi dute, jeltzaleekin hainbat foru eta udal gobernutan aritu eta aldi berean horiekiko urruntasuna agertzen saiatu direlako. Mendiak gertuko tratuan irabazten du, urrunetik hotz samarra ematen duelako, eta ondo daki euskal gizartearen aniztasunak zeharkako konpromisoak eskatzen dituela etengabe. Horregatik da hain harrigarria aurrekanpainan bereizteko gaien artean euskararena aukeratu izana, langile publikoek beharrezko duten hizkuntza gaitasunarena hain zuzen. Asko kostata erdietsitako akordio politikoetan atzera egitea da hori, eta 2016an euskal gizarteko gehiengo zabalaren adostasuna aintzat ez hartzea. Garai bateko indarra berreskuratzen saiatzeko sozialistek tartean euskararen gaia baliatzen badute, ezin okerrago dabiltza, euskal herritarrek, eta euren hautesle izandako askok ere, bestelako bidetik egin dutelako aurrera. Ondorioz, Idoia Mendiak badu lan nahikoa eskaintza sinesgarri, inklusibo eta erakargarria landu eta plazaratzeko eta bere alderdia ur azalean mantentzeko.
Baina badago txarrago dagoenik ere, Alfonso Alonso adibidez. PP aspaldion dabil EAEn bere burua suntsitzeko dinamika kainita batean murgilduta, besteak beste María San Gil-ek eta Arantza Quirogak ondo dakitenez. Osasun ministroaren izendapena hutsaltasunean ez galtzeko saiakera etsia da, azken momentukoa. Araban dituzte jarrita itxaropenak popularrek, Alonsoren itzala oso txikia baita gainerako bi lurraldeetan. Baina Araban bertan izan ditu PPko hautagaiak ahulgune nagusiak, alkate zenean San Antonio auziak Gasteizko Udalari egindako kalte ekonomikoa tarteko. Eta ez da esamesa, auzitegien erabakien ondoriozko errealitatea baizik. Ikusteke dago, gainera, irailaren 25etik aurrera Alonsoren jomuga EAEn dagoen, ala beste behin Madrilen. Datorren legealdian autogobernuan sakontzeko prozesuari heltzerakoan litekeena da PPk erresistentzia hutsari ekitea, Espainia mailan funtsezkoak diren sakoneko beste arazo askorekin egiten duen legez. Horrek ia solaskiderik ez izatera eraman du han zein hemen, bakardade politikora, eta Alonso jokamolde horren ordezkari peto-petoa da.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.