joseba arruti
Lunes, 1 de agosto 2016, 00:15
Bozak aurreratu direnik ere ezin da esan ia, aste gutxitako tartean egin behar baitziren derrigorrez. Eta lehendakariaren erabakia zuzena da, Espainian gertatzen ari dena aintzat hartuta zentzugabea zelako guzti horri bertoko aurrekanpaina luze bat gehitzea. Alde horretatik, epeak laburtu egingo dira eta euskal herritarrek oporren ... ostetik oso gertu izango dute hurrengo Legebiltzarra osatzeko aukera. Legealdia amaituta dago uztaileko azken osoko bilkuraren ostetik eta, hori hala izanik, deialdia ahalik eta arinen egitea zen egokiena. Izan ere, horrek denbora gehiago emango du osteko negoziazioetarako eta datorren urteko aurrekontuak lantzeko.
Publicidad
Oposizioko alderdiek hala zegokielako txarretsi dute lehendakariaren erabakia, baina argudio sendorik gabe. Egia da Podemos eta Alderdi Popularra berandu samar dabiltzala euren barne prozesuetan, lehendakarigaia aukeratzerakoan batik bat, baina hori euren ardura da eta ez buruzagitza instituzionala daukanarena. Abuztua joan eta gero, hauteskundeak lehenbailehen egitea komeni zitzaion Euskadiri, Estatu mailako ziurgabetasunari bertokoa ez gehitzeko. Hango eta hemengo egoerek ez dute zerikusirik, eta Legebiltzarrean ere inork gehiengo osorik izan ez arren, elkarrizketaren eta hitzarmenen bidez ekin dio EAJk azken lau urteotan, hasiera batean zeharo nahasia zen egoera desblokeatuta.
2012an alderdi politikoen arteko urruntasuna gaur egungoa baino askoz handiagoa zen, eta jeltzaleek alde guztietara begiratu dute hautsitako zubiak berreraiki eta egonkortasuna bermatzeko. Legebiltzarrean 75en artetik 27ren babesa izanda, Iñigo Urkulluren gobernuak gerri nahikoa izan du solaskidetzari sendo ekiteko eta astiro-astiro konplizitateak han-hemenka lortzeko. Testuinguru horretan, egoera ekonomikoak dezente egin du hobera, langabezia %13,9an kokatzeraino, legealdi egonkorra lortzeko zentralitatetik jo da elkarrizketa lantzerakoan, eta esangura politiko handiko adostasunak zehazteko bidea jorratu da.
Akordioak bilatzeko ariketa eremu guztietara eraman den arren, bereziki azpimarratzekoak dira bakeari eta berradiskidetzeari dagozkionetan egin diren aurrerapausoak. Rajoyren gobernuak ez du ezer egin, ETAren ondorengo egoera kudeatu eta bideratzeari muzin eginda, eta Eusko Jaurlaritza izan da arlo horretan arriskatu eta alde batera zein bestera hurbilketa saioak egin dituena. Gutxieneko adostasun puntuetatik abiatuta ekin dio, bat batekoetatik urrundu eta ondo landutako ekarpenen eta ekimenen bidez batekoen eta bestekoen aurrean sinesgarritasunez jokatuta, indarkeriaren arbuio sakonenetik jo eta jazotakoak elkarrekin etorkizun hobea eraiki ahal izateko aletu eta gogora ekarrita. Ez da lan makala izan, abiapuntua zein zen kontuan izanda.
Orain, datozen lau urteotarako egitasmoak zehaztea dagokie alderdi politikoei, egindakoak osatze eta hobetze aldera. EAJk badu zer azaldu, akordioak etengabe bilatze hori balio handikoa delako politikan, areago emaitzak emankorrak direnean. Eta PSE-EEk zein EH Bilduk, gehiago lehenak, izan dute zerikusirik horretan. Horregatik da hain ulergaitza biak behartu samarra den jarrera guztiz kritikoan tematzea. Bereziki da bitxia sozialisten jokabidea, Jaurlaritzari oinarrizko hainbat politikatan babesa eman eta gero txikikeria oro baliatzen baitute horrekiko urruntasun itxura plazaratzeko. Hauteskunde dataren inguruko azken adierazpenak dira horren erakusgarri. Aste gutxiko alde horrek zertan kalte egiten duen azaldu beharko lukete, eta zertan egiten dien mesede jeltzaleei.
Publicidad
Kanpainak proposamen zehatzen ingurukoa behar luke, ez besterik gabeko adierazpen hutsalez betetakoa. Datorrena garrantzi handikoa izango da, Euskadiren estatus politiko berria mamitzen hasteko garaia delako, besteak beste. Inork ez luke horretatik bere burua baztertu behar, helburua 1979ko adostasun maila zabaltzea izan behar delako. Zaila da, noski, baina xede hori betetzen saiatzea dagokie alderdi politikoetako buruzagiei. Gernikako Estatutua lehen mailako tresna izan da tarteon, Euskadi bere historiako autogobernu maila handiena izatera eraman duena, eta hortik abiatuta ekin behar zaie etorkizuneko desafioei. Euskal gizartea zeharo aldatu da onerako azken 40 urteotan, ez denboraren joan-etorri soilaren poderioz, eta bitarteko berriak zor zaizkio orain arteko abiadan aurrera egin dezan.
Oraingoa baino askoz egoera gogorragoak gainditu dira azken hamarkadotan. Indarkeriak sekulako kaltea egin duen arren, ezin izan zaio herritarren gehiengo zabalaren borondateari gailendu. ETAren amaieran erabateko protagonismoa izan du euskal gizarteak, terrorearen aldeko hautua egin zutenak oxigeno politikorik gabe uzterainokoa. Aro ikaragarri horretatik zer ikasi eta barneratu badago, hori egindakoan oso bestelako dinamikak betikotzeko. Nazioarteko testuinguru politikoa eta ekonomikoa nahasiak diren arren, Euskadik herrialde aurreratuenen pare kokatzeko aukera paregabea dauka aurrean, maila askotako sinergiak ondo bideratzen baditu. Horri heldu behar zaio indar handiz hurrengo legealdian, beti justizia soziala eta egoera ekonomikoaren hobekuntza estu uztartuta. Maila oneko kanpaina merezi du Euskadik, ostean etorriko denaren adierazgarri.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.