Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joseba Arruti
Lunes, 25 de julio 2016, 03:52
PPk eta Ciudadanos-ek eurenei batutako hamar bozek 179ko gehiengo osoa emango liokete Mariano Rajoyri inbestidura saioan baina, nahiz eta horien jatorriari buruzko esamesak ugari izan, Kongresua eratu berritako dinamika parlamentarioei dagozkiela ematen du, eta ez sakoneko akordio politikoei. Dena den, talde nazionalistetatik edo horietakoren batetik erantsitako botuok Gobernu berriaren ardatz behar luketen alderdi bien arteko harremanak ozpindu dituzte. Ciudadanos-ek ez omen du popularrekin inolako akordiorik nahi azken hauek «Espainia hautsi gura dutenekin» tratuetan badabiltza. Aniztasuna kudeatzeko modu bitxia da hori, ustezko politika berriarekin zerikusi handirik ez duena. Eremu demokratikoan arazoak elkarrizketarekin bideratzen dira, eta ez aurkaria isolatzearekin. Riveraren alderdiaren irmotasuna nahieran baliatzekoa da hala ere, Rajoyri kanpainan ezarri zioten betoa hauteskundeen ostean berehala kendu baitiote. Gobernuko presidentea etapa politiko berri batekin bateraezina zela errepikatu zuen behin eta berriz Ciudadanos-eko buruak, ustelkeriarekin eta azken lau urteotako okerreko politikekin erabat lotuta zegoelako. Baina, bat batean, esandakoak irentsi eta Rajoy buru duen exekutiboa zuzenean zein zeharka babesteko prest agertu da Bartzelonako abokatua. «Espainiaren onerako», noski.
Agertoki politikoa berritzera eta garbitzera omen zetozenek aspaldi bateko trikimailu guztiak ezagutzen eta menperatzen dituztela erakutsi dute azken hilabeteotan. Botere nahiak itsutu ditu behin eta berriz. Hori ari zaio gertatzen orain Albert Riverari, agindu zituenetako asko ahazten hasteraino. Jomugan zituztenekin sakoneko aldaketarik gabe gobernatzen badute PPk berandu baino lehen indargabetuko ditu. Zalantzarik ez dago hirugarren hauteskunde batzuk lehen mailako porrot baten isla izango liratekeela, baina hainbestetan salatu diren bizio politikoak ustezko asmo erreformisten gainetik lehenestea ez da askoz hobea. Azken hauteskundeek herritar askoren espiritu kritikoa ezbaian jarri duten arren, printzipioak azokan salgai dituenak ez dio gizarteari ekarpen eredugarririk egiten.
Bitartean, Rajoy eroso dago, gainerako eragileak dantzan jarri ostean. Pedro Sánchez gero eta presio handiagoa jasaten ari da, inbestidurako bigarren bozketan abstenitzeko. Baina beharrezko gehiengoak osatzeko ardura presidentetzarako hautagai izango denarena da, ez beste inorena. Alde horretatik, jarrera askoz proaktiboagoa beharko luke Rajoyk, egoera politikoaren araberako egitasmo erreformista proposatuta, gehiengo osoko bere jardunean mamitutako alde bakarreko erabakietako asko negoziagai jarrita eta nazionalistekin hitz eginda. Inbestidura lortzea lehen urratsa baino ez da, eta agian PSOE hormaren kontra jarrita lortuko du, bereari eutsita. Baina gero gobernatu behar izango du, eta horretarako ez dute balioko bat bateko ateraldiek. Aliatu berriak irabazteko moduko proiektu politiko zehatzik gabe Rajoyrenak egingo du, berandu baino lehen. Aurrekontuak eta legeak ez dira etzanda aurkariaren ahuleziak aprobetxatuta onartzen, elkarrizketarako eta negoziaziorako aparteko gaitasuna erakutsita baizik. Eta legealdiaren hasiera-hasierakoak ez du halakorik inola ere adierazten, Kongresuko Mahaia osatzerakoan gertatutakoa gorabehera.
Sozialistek gorriak ikusiko dituzte datozen hilabeteotan. Inbestidura saioko presioa euren gain jaurtitzen saiatuko delako PP, barne eztabaidak areagotu egingo direlako eta alderdiko kongresua horren isla gordina izango delako. Ondorioz, oposizioaren ardura nagusia, eta agerikoena, Podemos-en esku gera daiteke, horrek ekar dezakeen guztiarekin. Ataka historikoan dago PSOE, bere etorkizuna erabakiko duen batean. Sinesgarritasuna galdu izana da orain duen egoera hobekien azaltzen duena, eta ez du berreskuratuko Rajoyri bideko oztopoak kenduta, nahiz eta horretarako hitz handiosoak erabili. Gobernuko presidente izan gura duenak irabazi behar ditu babesak, inork oparitu beharrean.
Korapilatsua eta bideragaitza ematen duen testuinguruak aukerak ere badakartza. Elkarrizketaren ezinbestekotasuna da horietako bat, aspaldion hautsi diren zubietakoak berregiten hastea. Eta zertaz hitz egin eta zer hitzartu ez da falta. Desafio ekonomikoak lehen mailakoak dira Espainiarentzat, artaziak berriz prest izaterainokoak. Dagoena hobeto kudeatu beharko du hurrengo Gobernuak, gardentasunez, lehentasunak zentzuz zehaztuta eta eredugarri jokatuta. Hori da nazioartean eta inbertitzaileen aurrean aintzat hartua izateko modurik eraginkorrena, eta ez behin eta berriz ustelkeriarekin lotuta agertzea, hitzartutako konpromisoak ez betetzea eta marmotaren jokamoldea baliatzea. Barrukoez gain -lurralde egituraren auzia ekonomiaren ajeei gehitu behar zaie-, kanpoko egoerak -Europako Batasunaren momentu kritikoak eta terrorismoaren erasoek- Gobernu sendoa eskatzen du, ez unean uneko larritasunak 'in extremis' gaindituko dituena, egonean dagoena.
Jokoa hasi besterik ez da egin. Rajoyri dagokio orain datozen lau urteetarako duen egitasmoaren berri ematea. Baina ez ariketa formal legez, elkarrizketaren eta aniztasuna aintzat hartzearen emaitza modura baizik. Ezer arriskatzen ez badu, eta orain artekoari eusten saiatzen bada, nekez bilduko ditu lehen bozketan beharrezko zaizkion 176ak edo bigarreneko abstentzioak. Aukera ezin hobea du benetan beste etapa bati ekin nahi diola erakusteko, elkarrizketa ikur izateko, sakoneko aldaketak ahalbidetzeko. Orain artekoak eszeptizismoa eragiten du, ezinbestean. Otto von Bismarck-ek esana da politika ez dela zientzia zehatza, artea baizik. Horretarako, baina, pintzelkada fina eta talentua konbinatu behar dira; eta ez itxurakeria, irudimen falta eta geldotasuna.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.