Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joseba Arruti
Lunes, 11 de julio 2016, 00:05
Azken sei hilabeteetako estrategiak emaitza onak eman dizkio Gobernuko presidenteari eta inork ezin du esan koherentziaz jokatzen ari ez denik. Ekainaren 26ko gauean Genova 13ko balkoira hutsalkeriak esateko agertu zenetik, Rajoyk ez du mami politikoa duen urratsik egin. Karguan jarraitzea dagokiola errepikatzeaz gain, arduratsu jokatzeko ... eskatu die batik bat sozialistei, euren abstentzioarekin legealdi berria abiatzeko aukera izan dezan. Denborapasari ekin dio, PSOEk hirugarren hauteskundeen aurriskuaren presioari men egin diezaion. Ez du ematen konpromiso historikoetarako prest dagoenik, sakoneko erreformak bultzatu eta akordio anitzak ahalbidetzeko. Are gutxiago alderdi abertzaleekin. EAJrekin zakar aritu da gehiengo osoko legealdian, Eusko Jaurlaritzatik egin zaizkion hainbat eskaerari muzin eginez. ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitutzat eman zuenetik ez du deus egin bake prozesutzat jo daitekeen ezer egituratzeko, zorigaiztoko ibilbidearen azken txanpa ahal den neurrian ordenatzeko. Euskadik ez du leku handirik izan bere agendan, eta ez da ahalegindu hori ezkutatzen.
Kataluniako prozesuaren aurrean ere egonean geratu da, maila juridikoko auziaz gain bertakoa sekulako arazo politikoa dela onartu barik. Hango azken hauteskundeek plebiszitu kutsu nabarmena izan zuten, eta inork ezin du hori ukatu. Independentziaren aldeko hautua egiten zutenek ez zuten botoen erditik gora lortu, baina oso gertu geratu ziren. Dena den, bertako gizartean oso zabala da erabaki eskubidearen aldeko jarrera, eta gaur egungo egoeraren aurreko ezadostasuna. Autogobernu gehiago nahi dute kataluniarrek, funtsezko hainbat arlotan burujabe izaterainokoa. Mihiztadurarik lortu ezean, arazo politikoak pil-pilean jarraituko du, eta denboraren poderio hutsez ez da ezer konponduko. Rajoyk CDCren ordezko Partit Demòcrata Català berriarekin luze eta sakon hitz egin behar du, bestelako zenbait eragilerekin batera aurreiritziak baztertu eta hangoari konponbideak bilatzeko. Erreforma handiak egitekotan, Kataluniari dagokionak mahai gainean egon behar du bai ala bai, ezinbestean.
Anbizio politikorik gabe, legealdi berria oso laburra izango da. Lehen mailako desafio ekonomikoei aurrez egiteaz gain, lurralde egiturari buruzkoei ekitea nahitaezkoa da. Horretan sozialistek laguntzeko aukera izango lukete, Euskadiren eta Kataluniaren kasuetan aldebikotasunaren alde eginez. Bateko zein besteko nortasun nazionalei atxikitako berezitasun politikoek aitortza beharko dute egungo ageriko zein estalitako tentsioak areagotu ez daitezen. Eta krisi egoeretan, Konstituzioaren aldaketek ekar dezaketen aro berrian, funtsezkoa da zezenari adarretatik heltzea eta zenbait belaunalditarako baliagarriak izan daitezkeen gutxieneko adostasunak bilatu arte ekitea.
Horretarako, baina, Rajoyk orain arte agertu ez duen ekimenerako gaitasuna behar da, arriskatzekoa, mugarri izan daitezkeen konplizitateak bilatzekoa. Hala egin ezean, PSOE preso hartuta ekin eta eguneroko kudeaketa soilari begira legealdia abiatu gura izanez gero, Kataluniako eragile nagusiak baztertuta eta EAJ benetan aintzat hartu gabe, Rajoy ez da urrun helduko. Inbestidura saioa gaindituko du, beharbada, baina berandu baino lehen konturatuko da zikoizkeria politikoak zabu-zabuka eramango duela, norabiderik gabe.
Jeltzaleek aspalditxo zehaztu zuten euskal agenda eta hori da elkar gerturatzen saiatzeko abiapuntua. Zeharo argigarria da Gernikako Estatutua 1979an onartu eta gero oraindik bertan agertzen direnetakoak eskatzen ibili beharra. Herritarrek duela ia lau hamarkada galdeketa batean babestutako lege organikoa betetzeko zailtasunak eta horren ondoriozko dinamikak botere zentralak hainbatetan erakutsitako pultsio neozentralisten isla gordina dira. Hitzartutakoak bete ez edo mamirik gabe utzi nahi dituenarekin nekez lor daitezke aurrera begirako akordioak. Iruzurra ez da estatus politiko berria adosteko abiapuntu egokia. Egia da Euskadik autogobernu eta ongizate maila handiak lortu dituela Estatutuari esker, baina osorik beteta nahi dute euskal herritarrek, ez zenbait zati garrantzitsu kenduta. Eta borondate politiko eza ezin da balizko interpretazioak baliatuta mozorrotu.
Euskadiri dagozkionetan EAJk balio politiko estrategikoa duela badaki Rajoyk. Eta bere bost diputatuen indarra aritmetika hutsetik askoz haratagokoa dela. Horri erreparatzeaz gain, orain arteko jokabideak zuzendu eta bestelako elkarrizketa moldeak bultzatzea dagokio Gobernuko presidenteari. Hauteskunde autonomikoen zain egon gabe ere, hamaikatxo aukera izango ditu aldaketa horretarako prest dagoela frogatzeko. Oraingoz, baina, ezaugarri izan duen axolagabekeriari eutsi dio, elkarrizketa baliatu ordez helegiteen bidetik jo duelako. Hori jeltzaleekiko hurbileta saiakerarekin bateragarria izan daitekeela uste badu, itsu dago PPko burua. Gehiengo osoa izan duen bitarteko jarrera beretsuek ez dute arazoak konpontzen lagunduko eta bakardade politikora eramango dute presidentea, balio erantsiko aliatuak inoiz baino beharrezkoago dituenean. Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren zein EAJren eta PPren arteko harreman hobeak ahalbidetzeko 180 graduko aldaketa izan beharko du Rajoyk. Eta oraingoz ez da mugitu, muineko arazoei behingoz heltzeko hain berea duen nagikeria politikoak jota.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.