Rajoyren aukerak

Hauteskundeak aise irabazi ondoren, inork ez du zalantzan jartzen PPri dagokiola Gobernua osatzea. Gainera, ezinbestekoak diren erreformekin bateraezina zelakoan Rajoyri zenbait alderdik ezarritako betoa bertan behera geratzen ari dela ematen du

Joseba Arruti

Lunes, 4 de julio 2016, 01:14

Eragileak ekainaren 26aren osteko agertokira egokitzen hasiak dira. Alderdi Popularrak neurrigabeko poztasunez hartu zituen emaitzak, inork ez zuelako espero 14 diputatu irabaztea, baina gainerako hiru nagusiek ez dute algararako arrazoirik. Sozialistek ezkerreko alderdi nagusi izaten jarraitzeari eutsi diote, ezustean, baina 85ean geratzea dramatikoa da eurentzat. ... Lortzen dutenak arrakasta itxura izan dezan neurria inkestak izango badira, PSOErenak egin du. Unidos Podemos-ek ere badu zertaz hausnartu, osatu duten koalizioak huts egin duelako jarritako helburuetan eta Pablo Iglesias-en estrategia ezin okerrekoagoa izan delako. Lehengoan geratzea porrota da bestelakoei begira ari zenarentzat eta ikusteke dago barruan ager daitezkeen kritikak nola kudeatuko dituen zuzendaritzak. Ciudadanos ere jota geratu da, ehunka mila boto eta zortzi diputatu galduta. Bere bozemaileen zati batek eraginkorrago ikusi du zuzenean PPren alde egitea, batik bat Riverak sozialistekin aurreko legealdi laburrean egindako saiakera antzua eta gero.

Publicidad

Egoera horretan, PPk hartu behar du inbestidura saioa gainditu eta Gobernua osatzeko ekimena. Rajoy zuhur dabil oraindik, agian gainerako eragile nagusien hasierako nondik norakoak lasai aztertzeko. Presidentea bera arazo izan da etapa berri bati ekiteko, sozialistek eta Ciudadanos-ek azken urteetako politiken eta ustelkeria kasuen erantzule zuzentzat jo baitute behin eta berriz. Buruzagitza berria eskatu diete popularrei, aro berri baten hasierarako egokia izango litzatekeena. Baina Rajoyk ez du atzera jo eta bere alderdian inork ez dio horrelakorik eskatu. Hauteskundeetako emaitzek indartu egin dute eta, dagoeneko, ez dirudi inbestidura errazteko alderdi bereko beste hautagai bat agertuko denik. Alde horretik, ekainaren 26an jazotakoak hainbat zalantza sortzen ditu gizarteak bere politikoei eskatzen dienaren inguruan, ustelkeria kasuen aurrean agertutako epeltasunaren gainetik Rajoyk politikoki bizirautea lortu duelako. Beste herrialde batzuetan dimisioak eragingo lituzketen kasuak igurtzia besterik ez dira Espainian. Eta ez da bakarrik zenbait politikoren arduragabekeriaren eraginez, batik bat herritar askok horrelakoak zigortzen ez dituztelako baizik.

Rajoyren mezua argia da: Espainiak egonkortasunaren premia du eta PPri dagokio gobernatzea. Beraz, arduratsu jokatuta, PSOEri eta Cs-i dagokie hauteskundeak irabazi dituenari babesa ematea. Koalizioa osatzeko prest egongo litzatekeela esan da, baina oraingoz presidenteak ez du inolako eskaintza formalik egin. Ez du luze joko popularren eta Riveraren alderdiaren arteko akordioak, baina askoz zailagoa dirudi sozialistek horrelako zerbaitetan parte hartzea. Izan ere, Alderdi Sozialistaren erronka bizirautea da gaur egun eta ataka larri horretan ezinezkoa zaio ez zuzenean ez zeharka PPren gobernu bat ahalbidetzea. Eta ez du balio 1996ra begiratzea, Aznar boterera heldu zenekora, PSOE askoz indartsuagoa baitzen orduan. Ahuleziak jota dago orain, eta Rajoy lau urtez politika ekonomiko gogorra ezartzetik dator, eta hainbat ustelkeria kasu inguruan pairatzetik. Beraz, sozialistek euren buruaz beste egingo lukete baita abstentziora jota ere, ezkerreko oposizioaren buruzagitza osoa Pablo Iglesias-i emango lioketelako.

Aukera bakarra legealdi hau apartekotzat jotzea litzateke, Konstituzioaren aldaketak gauzatzeko eta sakoneko erreformak abiatzeko. Testuinguru horretan, akaso, Pedro Sánchez-en alderdiak aukera izango luke bi urterako-edo Gobernua hitzartzeko eta iritzi publikoaren eta, batik bat, bere bozemaileen aurrean azalpenak emateko gaitasunik ez galtzeko. Baina horretarako PPk anbizioz jokatu beharko luke, eurek horrenbestetan aipatzen duten ardura historikoz, eta ez du ematen horretan dabiltzanik. Sozialistek eredu federala bultzatu gura dute lurralde egituraren etorkizuna zehazteko, nahiz eta horren mamia eta egungo ereduarekiko aldea behar beste azaldu ez duten, eta hori izan liteke abiapuntuetako bat baina, aldi berean, Cs ez dago prest egungo autonomien estatuan sakontzea ekar lezakeen ezertarako. PSOEren hurrengo kongresuan jazotzen direnek eragina izango dute guzti honetan. Hala ere, idazkari nagusia edozein izanda, sozialistak ez daude gehiegi emateko moduan, trukean ezohikoa den zerbait jasotzen ez badute.

Legealdi arrunt bati ekin nahi balio, PPk bestelako estrategia abiatu beharko luke, sozialistak bazter utziko lituzkeena. Cs-ekin batera osatutako 169 diputaturen babesetik abiatuta, bestelako konplizitateak bilatu beharko lituzte, lehenik inbestidura lortzeko eta ondoren gobernatu ahal izateko. Falta zaizkion zazpi diputatuak nondik eskura ditzakeen ez dago batere argi. Ezinezkoa da Esquerrarekin eta UDC-rekin ezer adostea, eta EAJk ere argi esan du ez diola Rajoyri babesik emango. Bertoko hauteskunde autonomikoak egiteko hiru hilabete falta direnean, nekez ulertuko litzateke bestelako jarrerarik. Abstentzioak bila ditzake Rajoyk, zerbait zehatza eskaintzearen truke, baina eguneroko gobernagarritasuna oso aldapan gorakoa egingo litzaioke ostean.

Publicidad

Ez dauka erraz, beraz, bigarren bide honetatik aurrera jo ahal izatea. Eta lehenaren aldeko hautua egiten badu, aparteko edo salbuespenezko legealdiarena, egitasmo zehatza landu behar du lehenik, noraino joateko prest dagoen adieraziko duena. Egungo PP ez da erreformen oso zalea, batik bat 1978tik gaurdaino ikutuezintzat jo direnei eragiten dienean. Baliteke, azkenean, trukean ausardia handirik eskatu gabe sozialistek inbestidura saioan PPk ezinbesteko duen gutxieneko laguntza ematea, goi politikakoak ei diren ustezko arrazoien eta jasotako presioen eraginpean. Baina, horrek, epe laburrekoak konpondu arren, hortik aurrerakoak zeharo zailduko lituzte. Maila askotan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad