JOseba Arruti
Lunes, 20 de junio 2016, 00:16
Zaila izango da atzetik datozen joerak asteon aldatu ahal izatea. Inkesta ia guztiak bat datoz zenbait puntutan: Alderdi Popularra izango da hauteskundeetako irabazlea eta duela sei hilabete baino botoren batzuk gehiago lortuko ditu, baina atzeraka egin dezake diputatuen zenbatekoan, Podemos-ek eta Izquierda Unida-k osatutako koalizioak D'Hont legearen hondarretan izango duen eraginaren ondorioz; aldi berean azken hau izango da bigarrena, PSOEren gainetik; sozialistek inoizko emaitzarik txarrena lortuko dute; eta Ciudadanos-ek orain artekoari eutsiko dio. Horiek dira egunotan azterketa soziologikoek nabarmentzen dituzten ondorio nagusiak, baina hortik aurrerakoan badago alderik. Izan ere, ustezko bi blokeak -PP-C's eta Unidos Podemos-PSOE- nahiko pareko daude, eta eskainu gutxi batzuek apur dezakete oreka hori. Hala, bata ala bestea agertzen dira gainetik inkestaren eta argitara ematen duen hedabidearen ildoaren arabera, gehiengo osotik gertuago ala urrunxeago. Baina gehiengo oso sendoa bermatzeko PP-PSOEren arteko gobernu bateratua zuzenean bultzatzen duenik ere ez da falta, batik bat lehenarekin lerrokatu ohi diren hedabideen artean.
Publicidad
Azken hauteskunde orokorretan popularrek jasandako atzerakada ez zen iragankorra izan eta, Unidos Podemos baliatuta egoera muturtzen saiatu arren, ia zeudenean geratuko dira. Venezuela, Iran eta bestelakoen etengabeko aipamenak ez die, antza denez, kalte handirik egin ezkerreko koaliziokoei, gai horietan izan ditzateken itzalen gainetik jende askok krisiaren eta ustelkeriaren aurreko haserrea jartzen duelako. Egonkortasun ekonomikoaren bermatzaile eta egungo sistema konstituzionalaren jagole gisa agertu nahi du bere burua PPk, baina sinesgarritasun nahikorik gabe. Hauteskunde eguna hurbildu ahala, Rajoy-ren lidergoaren gaineko eztabaida biziagotzen ari da, Gobernuan jarraitzeko aukera orok sakrifizio hori ezinbesteko izango duela jakin baitakite alderdiko buruek. Ikusteke dago nola burutuko den prozesua, zein izan daitekeen ordezkoa eta zer nolako barne eztabaida maila eragingo duen aldaketak, baina zalantza gutxi dago guzti horren saihestezintasunaz. Ustelkeriaren aurrean izandako epelkeriak eramango du Rajoy, neurri handi batean. Berarekin hitzartzea toxikoa zaio edozein alderdiri, eta aukerarik gabe geratu da dagoeneko. Unidos Podemos-ek eta PSOEk gehiengo nahikoa osatu eta bat eginez gero izan lezake jarraitzeko tentazioa PPko buruak, baina ez du ematen Alderdi Sozialistaren barruan horretarako girorik dagoenik.
Litekeena da domekakoa PSOEkoentzat gau zaila izatea. Aspaldiko zailenetakoa. Ez bakarrik Pablo Iglesias buru duen koalizioa ziurrenik aurretik jarriko zaielako eta horrek idazkari nagusi eta presidentetzarako hautagaiari zuzenean eragingo diolako, baizik eta astelehenetik aurrerako testuinguru politikoa bera sozialistentzat kudeatzeko bereziki gogorra izan daitekeelako. Unidos Podemos-ekin batera gehiengo osotik gertu geratuz gero, zeregin gaitza izango dute: ezkerreko gobernu bati uko egiten ez badiote Iglesias-en bigarren modura jardutea egokituko zaie, beharbada orain arteko efektu xurgatzailea areagotuz. Bestelakoan ere, ez da samurra izango sozialisten egoera, batik bat, egonkortasunaren izenean, zuzenean zein zeharka, Rajoy-rik gabeko PPko edozein motako gobernu bat ahalbidetzen badute. Grezian PASOK-ekin jazotakoa oso gogoan dute buruzagi zein militanteek, eta PSOE Papandreu-rena baino askoz alderdi sendoagoa eta egituratuagoa izan arren, azken hamarkadetako arrisku handienetakoan dago. Egoera politikoa desblokeatzeko zirt edo zart egin beharko du halabeharrez eta, hirugarren geratuta, aukera guztiak dira gazi. Susana Díaz-ek Pedro Sánchez-en lekua hartuz gero, barruko egoera argitu egingo da behingoz, eta sozialistek zentrorago joko dute, Estatuaren egiturari dagokionez homogeneotasunaren alderago.
Bitartean, Pablo Iglesias bozetako garaile nagusia izan liteke. Txarrenean, PPren benetako alternatiba modura agertuko delako eta, onenean, estrainekoz Gobernuko presidente bihurtzeko aukerak izan ditzakeelako. Unidos Podemos-en programak betetzeko oso zailak diren hainbat puntu ditu, eta zehazgabeak direnak ere beste hainbat. Baina hain denbora laburrean gaur egun dagoenera arte iritsi izana sekulako arrakasta da. Dagoeneko ezin da esan ezer kudeatzen ari ez denaren iragan garbiak eman ohi duen abantaila dutela, duela urtebetetik hiri handienetakoak euren esku daudelako. Abenduaren 20tik honakoan Podemos astiro-astiro higatzen hasia zela ematen zuen, baina IUrekiko aliantzak indarberritu egin du, bigarren izateko aukerek bultzatuta.
Ohiko alderdi politikoek argi izan behar dute krisi ekonomikoaren ondorioek iraun eta ustelkeria akabatzen ez den bitartean Unidos Podemos indartsua izango dela. Gazteekin eta sektore dinamiko askorekin bat egiten jakin du koalizioak, nahiz eta euren ideologia zein errezetak oso aspaldikoak izan. Beharbada hain hazkunde azkarrak ondorioak izango ditu berandu baino lehen euren barruko batasunean, baina oraingoz hauteskundeetako arrakastek lagunduta estali dituzte zirrikituak. PPk zein PSOEk jokamolde berriak behar dituzte aurrera egiteko, hizkera eta lidergo sinesgarriak. Arlo horietan dituzten gabeziak nabarmen geratuko dira datorren domekan. Eta ostean, etsipenak jota, elkarrengana gerturatuz gero ere, ezin dute ahaztu izan zirenera itzultzen saiatzeko zelako lan ikaragarria duten aurretik. Ia hutsetik abiatzeko bestekoa.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.