Pedro Sánchez.

Sánchez-en ostekoa

Politikaz jarduterakoan ohikoa da hitz handiosoak baliatzea, eta gehienetan alperrik. Baina PSOE 1977. urteaz geroztiko bere momenturik larrienean dagoela esatea ez da mamirik gabeko gehiegikeria, errealitatearen isla zehatz eta gordina baizik

joseba arruti

Lunes, 30 de mayo 2016, 01:24

Pedro Sánchez politikoki azken hatsa ematear dago, nekez gaindituko baitu ekainaren 26a. Duela bi urteko uztailean Alderdi Sozialistaren norabidea zuzendu eta iraganeko mailara itzultzeko aukeratu zuten militanteek Alfredo Pérez Rubalcabaren ordez, bozen %49rekin. Zapaterok krisi ekonomikoari aurre egiteko moduak hondoa jota utzi zuen PSOE, eta ... haren ordezkoa ez zen gai izan proiektu politikoa aurrera begira eraberritzeko. Hondakinak kudeatu zituen, besterik gabe. Barne ministro ohia lotuegi zegoen aspaldiko jokamolde zahar eta, zenbaitzutan, ilunenekin, eta berezkoa ei zuen politikan bizirauteko sena ez zitzaion nahikoa izan zutik eusteko. 2014ko maiatzeko Europako hauteskundeetako emaitza txarren ostean eman zuen amore. Ordurako, dena den, astinaldi ekonomikoaren aurreko gabeziei eta hankasartzeei barruko zatiketak gehitu zitzaizkien, sozialisten ajeak larriagotzeko. Aurreko kongresuko lehia estu eta kupidagabean Rubalcaba 22 botuko alde ezin eskasagoarekin gailendu zitzaion Carme Chacón-i, eta zauri horrek zabalik jarraitu zuen luzaroan.

Publicidad

Sánchez belaunaldi berri bati lekukoa eman, egitasmoa beste epe baterako osatu eta eguneratu, iraganeko itzalak gainditu eta galdutako ilusioa pizteko heldu zen. Aurretik zuen lana ez zen nolanahikoa, baina bi urteotan ez ditu helburuok lortu. Bere bultzatzaile nagusietakoa izandako Susana Díaz oso azkar urrundu zitzaion, duen anbizioa irentsi ezinda. Gainera, bidegabe jokatu du idazkaritza nagusirako borrokan lehiakide nagusi izandako Eduardo Madinarekin. Barruko giroak nahastuta jarraitzen du, beraz, eta kanpora begira egoera ez da hobea. Krisiaren txarrenean hainbat mailatan galdutako sinesgarritasuna ezin izan dute berreskuratu, eta garondoan ezker muturreko eragile berrien arnasa sentitzeak etengabeko ezinegonera eraman ditu. Abenduaren 20ko hauteskunde orokorretako emaitzak Franco hil osteko txarrenak izan ziren, eta aliantzak zehazterakoan ere irizpide argirik gabe ekin dio egungo buruzagi sozialista nagusiak. Hala, udaletako eta zenbait erkidegotako bozen ostean Podemos babestu zuen hainbat hiri garrantzitsutan, Madrilen esaterako, eta makulu izan zuen botere autonomikoa berreskuratzeko.

Azken hilabeteotan, baina, Ciudadanos izan du bidaide, Andaluzian bezala, eta ardatz horri zuzenean edo zeharka Pablo Iglesias-en alderdia gehitu nahi izan dio, ia ezinezkoa zela ondo jakin arren. Euren erkidegoetan gobernu zereginetan dabiltzan abertzaleekiko jokaera ere zeharo eskizofrenikoa da, ildo landu eta sendorik gabea, lurralde egitura eredu federalaren bidez eguneratzeko euren proposamena bezain gaseosoa. Elkarrizketaren aldeko aldarrikapenek Gorteetan horiekiko lankidetzari uko egitea baino ez dute ekarri praktikan, nahiz eta Euskadin, esaterako, hiru aldundietan eta udaletako askotan EAJrekin batera ari diren. Faktore guzti horien eta beste askoren eraginez, ekainaren azken domekarako Podemos eta Izquierda Unidaren arteko batuketak botoetan sorpassoa lortuko duela aurreratzen dute inkestek, nahiz eta DHont Legearen bitxikeriei esker sozialistek eskainu apurren batzuk gehiago izan ditzaketen. Hala, andierazpen publikoak gorabehera, dagoeneko PSOE barruko sektore zabalek jakin badakite erronka nagusiei aurre egiterakoan Pedro Sánchez-ek eta bere taldeak porrot egin dutela eta ia hutsetik abiatzeko sasoia datorkiela ekainaren 26tik aurrera, lidergoak berritu eta proiektu politikoaren nondik norakoak finago finkatzekoa. Egungo idazkari nagusia ez da gai izan okerreko hainbat inertzia geldiarazteko eta, neurri batean, pagaburu izan den arren, hankasartze propioen zerrenda luze samarra pilatu du. Militanteen babes zuzena behin eta berriz jaso izana da oraindik bere ondare nagusia, baina bestelako hainbat egitura behar bezala kontrolatu gabe, ez du indar nahikorik izan ustez gauzatu nahi zuen aldaketan sakontzeko.

Espainian 1978ko Konstituzioa onartu osteko etapari XIX. gizaldiko azken laurdeneko Berrezarkuntza garaiko turnismoaren antza hartu diote eragile politiko berrien artekoek, Cánovas eta Sagasta gobernuburu legez txandakatu zirenekoarena hain zuzen. Historiaz baliatuta egindako konparazioak beti dira arriskutsuak bezain helbururen batek bultzatutakoak, eta honakoa iraingarri samarra ere bada garai hartako sistema politikoaren gabezia demokratikoak aintzat hartuta. UCDren etaparen ostean, 1982tik aurrera, PSOE eta PP txandakatu izana sufragio unibertsalaren emaitza izan da Espainian, eta hori ukaezina da baita egungo erreximen politikoarekin kritikoena izanda ere demagogiarik egin nahi ez duen edonorentzat. Beraz, gizarte horri dagozkio sasoi horretako arrakastak eta porrotak, hautazko egitura politikoetan buruzagiak herritarren borondatearen isla direlako. Hain izan da sakona krisi ekonomikoa neurri batean orain artekoa hankazgora jarri duela, Estatu mailako bi alderdi nagusiak jota uzteraino. Herritar xeheenganako urruntasuna eta ustelkeria egoera berri horren osagai nagusietakoak izan dira.

Sozialistei dagokienez, gainera, badago nazioarte mailakoa ere baden krisi ideologikoa, Europan gutxienez ez direlako gai izan egungo eredu ekonomikoaren aurreko alternatiba egingarri eta eraginkorrik proposatzeko eta ongizate sistemaren erronka berriei aurre egin asmoz ezkerretik bide berriak jorratzeko. Ezberdintasun sozialak areagotu direnean, horiek eragin dituztenen makulu modura agertu da sozialdemokrazia hainbatetan, merkatuak deitzen zaizkien horien esanetara. Egonkortasunaren izenean, sozioliberalismo bihurtuta, egitura zaharrei eusten tematu da horiek berritzeko proposamen ausartak egin beharrean, eta benetako aldaketaren lekukoa berri itxurako ezker muturreko alderdi zaharren esku jarri du, hauen errezetak aspaldi porrot egindakoak diren arren. Espainiaren kasuan hori jazo zaio PSOEri neurri handi batean, esparru ekonomikoan batik bat. Eta lurralde egituraren deszentralizazioan sakontzeko eta nortasun nazionaleko erkidegoen beharrei erantzuteko su artifizialak baliatu ditu, funts gabeko elkarrizketa eta mami gutxiko proposamen itxurosoa.

Publicidad

Miraririk ezean, ekainaren 26tik aurrera PSOEk aro berri bati ekin beharko dio. Susana Díaz-ek egungo idazkari nagusiaren gabeziak eta gehiago ditu, kontrol organikoarena izan ezik. Kontua ez da, baina, aurpegiak aldatzea, oinarrizko ezaugarriei uko egin gabe gizartearen erritmoa ez galtzea eta Espainian berorren gehiengoaren bozgorailu izateko egin beharreko aldaketa sakonetan asmatzea baizik. Bide horretan, justizia eta etika sozialaren aldeko konpromiso sinesgarria, maila guztietako aniztasunaren aldeko errotiko apustua eta garaiotako molde berrietara egokitzea izan daitezke egin beharreko urrats erabakigarrienetakoak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad