Borrar
Andoni Ortuzar eta Nagua Alba.
Bereizten jakin

Bereizten jakin

EAEko alderdientzat zeregin beteko hilabeteak datoz, bi borrokalditarako prest egotekoak. Baina ekaineko hauteskunde orokorretako emaitzek ez dute antzik izango urri inguruko autonomikoetakoekin, inkestek aurreratzen dutenez

joseba arruti

Lunes, 23 de mayo 2016, 01:22

Hilabete pasatxo baino ez da geratzen ekainaren 26rako. Egun horretakoak errepikapen hutsezko bozak izango direla uste dutenak zeharo oker dabiltza, emaitzetan egon daitezkeen gorabeherak eta testuinguru berria nahikoak direlako sakoneko ondorio politikoak eragiteko. Hala, Ciudadanos-ek elkarrekin gobernatzeko PPri egin diezazkiokeen eskaerak funtsezkoak izango dira Espainiako politikagintzaren etorkizuneko jarduera moldeak zehazteko; eta Unidos Podemos-PSOE lehia lehenaren alde erabakitzen bada, sozialistek luzera begirako birsortze prozesu antzekoari ekin beharko diote, euren burua maila ideologikoan zein estrategikoan behar bezala kokatu eta berriz alternatiba izateko.

Euskal bozemaileek argi bereizten dute zer dagoen jokoan bateko eta besteko hauteskundeetan, eta hala islatzen dute azken egunotan ezagutzera emandako inkestek. Espainiari begira errotiko aldaketa nahi du gehiengo batek, Unidos Podemos koalizioaren alde eginez batik bat. Lehena apirilean plazaratu ostean, EITBk bere inkestaren bigarren alea eman zuen ezagutzera aurreko astean eta, horren arabera, Podemos, IU, Equo eta bestelakoak biltzen dituena izango litzateke bozkatuena EAEn, botuen %28,8rekin. EAJk %25,4 bereganatuko luke; EH Bilduk %15,5; PSE-EEk %13,1; PPk %10,5 eta Ciudadanos-ek %4,5. Horren eraginez, lehen biek seina diputatu lortuko lituzkete eta EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk, bina. Bizkaian jeltzaleak nagusituko lirateke, eta Unidos Podemos-ekoak, aldiz, Araban zein Gipuzkoan.

Urrira begira egoera oso bestelakoa litzateke, Eusko Legebiltzarra aukeratzerakoan alderdi abertzaleek eta horien arteko nagusiak batez ere, EAJk, dezente babes handiagoa jasoko bailukete. Zehazki, 2012ko legebiltzarkide kopuru berbera lortuko lukete jeltzaleek (27); EH Bilduk 16 (egun baino bost gutxiago); Unidos Podemos-ek, bere estreinaldian, 15; PSE-EEk 9 (orain baino zazpi gutxiago); PPk 7 (-3) eta Ciudadanos-ek bakarra, egun UPyD-k duena. EAJk bozen %35,5 bereganatuko luke eta, oso urrun, EH Bilduk %20,2. Ostean, Unidos Podemos-ek %19,4; PSE-EEk %11; PPk %9,2; eta Cs-ek %3.

Hiru hilabete inguruko aldea baino egongo ez den arren, konparazio honetan oso argi zehazten da hauteskunde motaren arabera euskal bozemaileek zenbateraino bereiztuko duten politikoki jokoan dagoena. Aldaketa kosmetikoa barik benetakoa gura dute askok Espainia mailan, eta lehendakariaren eta egungo Jaurlaritzaren jarraipena bertokoari dagokionez. Alde horretatik, alderdi politiko nagusi eta egituratuena izaten jarraitzen du EAJk, eta abertzaletasunaren erreferente saihestezina. Hauteskunde orokorrak datozenean lehena izatekotan dago, besteren batekin lehia estuan, kasuon Podemos-ekin. Eta bertokoetan, berriz, erabateko nagusitasuna lortzen du, atzetik datozen bien batuketaren bestekoa, ia. Euskal herritarrek azken lau urteotako kudeaketa babestu eta saritu gura dute. Ez da gutxi egoera ekonomikoa eta soziala zein gogorra izan den ikusita. Aspaldiko agertokirik zailenetakoan, jeltzaleen kolore bakarreko gobernuak ez du beste askoren higadurarik izan, eta duela lau urtekoari eusten dio. Urkullu lehendakaria da ardura horretarako herritar gehienek nahi dutena, eta zalantzarik ez dago EAJk jarraituko duela euskal politikagintzaren funtsezko ardatz izaten; baita etorkizuneko estatusa zehazterakoan ere. Herritar eta abertzale gehienen borondatearen isla da duen indarra eta, ondorioz, bere proposamena izan beharko da adostasuna eraikitzeko zutabe nagusia.

Ezker abertzaleak porrot egin du ETAren osteko aldian benetako alternatiba izateko ahaleginean, eta abenduaren 20ko kolpe latza gainditu guran dabil oraindik. Unidos Podemos-ek eraginkorrago ulertu eta barneratu ditu agenda sozialari dagokionez ezkerreko herritar askok dituzten premiak, Sortu eta ingurukoak batik bat iraganeko kontuak bideratu nahian aritu izan diren bitartean. Otegi efektuak ere ez du uste besteko eraginik izan inkestetan, eta ikusteke dago garai bateko nostalgikoen haustura formalak zenbaterainoko kaltea eragingo dien bide politikoen aldeko behin betiko apustua egin dutenei. Argi dago EH Bilduk gorako joera duenean Unidos Podemos-ek behera egiten duela, eta alderantziz. Bien artean sabaia dute, zabala izan arren inola ere gehiengozkoa ez dena.

Garbiñe Biurrunen hautagaitza birtualak hainbat sentsibilitate batzeko balio zuen, Podemos-en lerroetara garai batean IUko familia ezberdinetakoak izandako gehien-gehienak gerturatzeko zein PSE-EE eta ezker abertzaleko zenbaitzurentzat erakargarri izateko beste. Baina epaileak aukera horri uko egin izanak Euskadin alderdi moreak izandako hazkunde ikaragarriaren atzeko gabezietako asko uzten ditu agerian, sozialki erreferentziala izan daitekeen lidergo baten falta eta botoak testuinguru zehatz batean jasotzeko gaitasunaz gaindiko ondo errotutako egiturarik eza hain zuzen. Horretan abantaila handia du ezker abertzaleak, baina freskotasuna falta zaio, eta iraganak zeharo harrapatuta dago. Hala, belaunaldi berrien arteko sektore zabalei ikuspegi itxiegikoa iruditzen zaie, maila sozialeko premietakoak behar beste lehenesten ez dituena.

Argazkiaren ertzeetan dabiltzanak PSE-EE eta PP dira. Lehenak Espainia mailako Alderdi Sozialistaren ajeen zama darama gainean, eta indar handia galdu du urte gutxitan. Barruko zatiketak eta ETAren osteko garairako proposamen proaktiboak egin beharrean eusten jarraitzeko itxura ematea ez zaizkio lagungarri. Ekainaren 26tik aurrera PSOEn gerta daitezkeen aldaketek EAEn zenbateraino eragingo duten jakitea falta da, eta guzti horrek zein egoeratan utziko duen PSE-EE urrirako. Litekeena da jeltzaleek sozialistak aukeratzea Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzari egonkortasuna emango dion gehiengoa osatzen ahalegintzeko, aldundietan horixe berori egin ostean. Baina zenbat eta ahulago egon, ekimen politikorako eta ausart jokatzeko ahalmen gutxiago izan dezakete EAEko sozialistek, eta Espainia mailan zein berton barruko indar oreka berriek zer esan handia izango dute udazkenetik aurrerako ildo politikoa zehazterakoan.

PPk Euskadin eragiteko aukerak Madrilen jazotakoaren araberakoak izango dira, berton jai duelako. Alfonso Alonso lehendakarigaia San Antonio auziak zikinduta dator eta berari eta Marotori zail izango zaie garbitasunaren mezuari heltzea. Popularren emaitzak ia dramatikoak izan daitezke hauteskunde autonomikoetan eta, dagoeneko, txarrenean jarrita daude, aldaketa sakonik gabe azken lerroko eragile izan daitezkeen jakitun. Egoera horretan, erabaki eskubidearen eta egungo Estatutuan guztiz sakontzearen aldekoen erabateko nagusitasunak zerbait irakatsi beharko lieke batzuei zein besteei.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Bereizten jakin