Borrar
Mariano Rajoy eta Iñigo Urkullu.
Data bila

Data bila

Espainiako lau alderdi nagusien porrotak hauteskunde orokorren errepikapena derrigortu du, ekainaren 26rako. EAEn legealdia bete osteko bertokoen ohiko txanda urrian helduko da, datorren hilera aurreratzeko aukera sakon aztertu ostean

joseba arruti

Lunes, 2 de mayo 2016, 00:47

Kiribil antzekoan ari da aspaldion politikagintza. Espainiakoa, behinik behin. Mariano Rajoyk ahal izan zuen guztia luzatu zuen aurreko legealdia, ia mugaraino, eta Gabonen bezperarako deitu zituen bozak. Emaitzak egungo Konstituzioa indarrean dagoen aroko orekatuenak eta konplexuenak izan ziren, gobernagarritasunarekin ia bateraezinak. PPren garaipen labur eta mingotsak ezinean utzi zuen, gehiengo nahikoa osatzeko aliaturik gabe, eta ustelkeria kasuek irentsi beharrean. Baina gainerako hiru eragile politiko nagusiek ere ez dute gutxieneko akordioak lotzeko gaitasunik erakutsi, epe laburreko interesak lehenetsita. Lau hilabete beranduago, jarduneko Gobernuak jarraitzen du egunerokoak kudeatzen eta hauteskunde deialdi berria aktibatuko da automatikoki bihar bertan. PSOE eta Podemos-en arteko lehia izan da neurri handi batean egoera baldintzatu duena. Pablo Iglesias-ek ez dio sorpassoari muzin egin eta, dagoeneko maldan behera ari den arren, IUrekin bat eginda saiatuko da ezkerraren erreferente nagusi bihurtzen. Baditu aukerak horretarako, siglen batuketen ondoriozko usteak ia beti ustelak izaten diren arren.

Pedro Sánchez-enak egin du dagoeneko, eta ekainaren 26ko emaitzak gorabehera idazkari nagusi izaten jarraitzeari uko egingo ez diola nabarmendu badu ere, Alderdi Sozialistaren etorkizuna Susana Díaz-en esku dago seguruenik. Hauteskunde gaueko emaitza txarrek barne matxinada eragin dezakete, eta lidergoaren giltza Andaluziako Juntako presidentearen eskuetan jarri. Hortik aurrerakoan, agian, PSOE berregitea lehentasun duela esanda Díaz-ek abstentzioaren alde jo lezake Rajoy ez den PPko beste presidentegai baten aurrean, eta Podemos ezkerreko oposizioko alderdi nagusi modura gera liteke. Agertoki honek baditu aldagarriak, jakina, baina horietako gehien-gehienetan ez daude ez Rajoy ez Sánchez.

Berriz abiatuko den kanpainan herritarren nekea nabarituko dute botu eske gerturatzen zaizkienek. Eta askoren kasuan ez da harritzekoa. Hedabideei begira jardun dute askok boza eman zietenen beharrei erreparatu beharrean. Urte erdi emango du gutxienez Espainiak gobernurik gabe, egoera ekonomiko makalean oraindik, defizitaren helburuak betetzeko dituela eta jende asko krisiaren zama arindu ezinik dabilenean. Erronka potoloenei aurre egiteko oinarrizko hitzarmenak lortzeko ezintasunak ez du ezer onik islatzen, ekarpenak egiteko baino blokeorako joera besterik ez. Eta norbere zilborrari begiratzetik, taktizismo hutsetik, nekez eraiki daiteke probetxuzko ezer.

Euskadin, bitartean, egoera oso bestelakoa da. 2012an gehiengo osotik urrun geratu arren, EAJk eta Urkullu lehendakariak kudeatzeko eta politika egiteko gerria badutela erakutsi dute behin eta berriz. Ekonomia lehentasun hartuta, baina estatus politiko berria eta bakegintza prozesua ahaztu gabe, alde batera eta bestera adosten saiatu dira, legealdia edukiz bete eta azkeneraino eramanda. Hauteskunde orokorren errepikapenak bertoko deialdia noiz egitearen inguruko zenbait zalantza sortu ditu, urrikoa ekainera ekartzeari buruzkoak hain zuzen. Bi kanpainaren beharrean bakarrarekin moldatu eta aurreztea ez da argudio txarra hausnarketa abiatzeko. Eta, emaitzek ahalbidetzen badute, udako oporren aurretik legealdi berriari ekiteak abuztuaren ostean abiada betean lanean hasteko aukera emango luke, aurrekontuak lantzeko esaterako. Baina politikoki menpekotasun itxura ere isla lezake horrek, besteen egutegiaren arabera jardutearen ondoriozkoa. Eta emaitzetan eragin lezake, beharbada, bozemaile askok deialdiaren arabera ondo bereizten baitute noren alde egiten duten, gero eta argiago dagoenez. Horren inguruan aritu dira azken asteotan lehendakaria eta EAJko buruzagi nagusiak, hainbat adierazpen publikotan eta, horren aurretik, barrura begirako bileretan.

Bertoko egoeraren eta Espainiakoaren arteko kontrastea itzela da. Hemengo egonkortasunak are ageriago eta lotsagarriago uzten du Madril aldean jazotakoa. Eta euskal herritarrak egunetik egunera jabetzen dira horretaz. Ildo horretatik, EITBk plazaratu berri duen inkestak emaitza interesgarri asko jaso ditu, oso aintzat hartzeko modukoak. Horietakoa da orokorren eta autonomikoen artean EAJri eta EH Bilduri ematen dien aldea. Hala, jeltzaleen emaitzak dezente hobeak lirateke bertokoetan, eta baita ezker abertzalearenak ere, askoz modu apalagoan izan arren. Bereizketa hori erraztu, sakondu eta argudioz elikatzeko asmoak dagokienean utz ditzake azkenean EAEko bozak. Laster jakingo da zein den azken erabakia, eta demoskopiak izango du eraginik horretan. Azken lau urteotan egindakoetaz hausnarketa propioa merezi du Euskadik, lorpenak sozializatzeko eta datozen erronkak behar bezala aletzeko. Hango eta hemengo jokamoldeei behar besteko profila emateko. Dena den, hauteskundeetako data baino batzuek eta besteek azken lau urteotan pilatutako ondare politikoaren zenbatekoa da garrantzitsuena, boza ematen dutenen aurrera bakoitzak eraman ahal duena. Eta horretan badago alde nabarmenik eragile politiko ezberdinen artean.

2016an euskal herritarrek berriz izango dute euren borondate politikoa argitzeko aukera. Bai Espainiari begira, eta baita hemengoari dagokionez ere. Nortasun berezikoa da bertoko hauteslegoa, nazio bati dagokion lez. Susperraldi ekonomikoan sakontzeko urteak datoz, ongizate sistema sendotzekoak, akordio politiko zabaletakoak. Eta hori ezin da ertzetik lortu, erdigunetik baizik. Hortik aritu da Jaurlaritza azken lau urteotan, eta hortik jaso ditu fruitu emankorrenak. Badagoelako norbere izaerari eta helburuei uko egin gabe egunero eraikitzeko jokamolderik. Eta horretan, euren zurrunbiloetan galduta ari direnek badute Euskadira begiratuta zer ikasi.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Data bila