joseba arruti
Lunes, 28 de marzo 2016, 01:27
Oso atzera jo behar da Aberri Egunaren jatorriarekin topo egiteko, 1932ra arte hain zuzen. EAJren urrezko ezteiak zirela eta, urte hartako Berpizkunde Igandean ospatu zen estrainekoz Bilbon, martxoaren 27an, atzo bezala. Geroztik ez du etenik izan, Francoren diktadura indarra eta jazarpena baliatuta gogotsu saiatu arren. Bigarrena Donostian egin zen, Euzkadi-Europa goiburu gogoangarriaren pean, eta ostean heldu ziren Gasteizkoa eta Iruñekoa. Azken honek oztopo ugari gainditu behar izan zituen Nafarroako eskuinaren presioen eraginez, eta azkenean Euzko Eguna deituta ekin zitzaion, ohiko datatik urrun, 1935eko ekainaren 30ean, José Antonio Agirre, Javier Landaburu, Telesforo Monzón eta Manuel de Irujo hizlari izanda. Hurrengo urtean, kolpisten oldarraldia eta ondorengo Gerra Zibila hastear zirela, Aberri Eguna EAJ sustraituta zegoen herri orotan ospatzeko deia zabaldu zuen Euzkadi Buru Batzarrak. Ostean, euskal herritarrek demokratikoki adierazitako borondate politikoari eta horren ondoriozko erakundeei eusteko halabeharrezko erresistentzia heldu zen, eta samina, erbestea, ukazioa, ia berrogei urteko iluntasuna.
Publicidad
1964an diktadurapeko lehen Aberri Egunera deitu zuen Eusko Jaurlaritzak Hegoaldean, Gernika-Lumon biltzeko deia eginez. Bertaratutako jende kopuruak ezustean hartu zuen polizia, eta ostekoetarako (Bergara, Gasteiz, Iruñea, Donostia) ospakizuna itotzeko neurriak zorroztu zituzten agintariek. 1974koa mugarri izan zen, Leizaola lehendakariak Gernikako Batzar Etxera egindako ezkutuko bisitari esker. Hurrengo urtean ere herri horretara deitu zuen EAJk, polizia olde ikaragarria hori eragozten saiatu arren. Franco hil eta gero, aldiz, autogobernu gogoaren eskutik, kaleak betetzen hasi ziren. Hala, 1978ko Aberri Egun bateratuak -sozialistek ere parte hartu zuten, autodeterminazio eske- 100.000 lagun bildu zituen Bilbon, 70.000 Donostian, 40.000 Iruñean eta 20.000 Gasteizen.
Jai partehartzailea, zibikoa, zeharkakoa, inkluientea eta demokratikoa izan da beti Aberri Eguna, lurralde guztietako zein atzerriko euskal herritar oro biltzeko baliatutakoa. Euskaltasuna Euskal Autonomia Erkidegora mugatu nahi duena ezin traketsago dabil, hori baino askoz zabalagoa, anitzagoa eta aberatsagoa baita nortasun zahar eta errotu hori. Eta errealitate horrek, batera zein bestera egituratuta egon arren, bere espresio bideak behar ditu, aldarrikapenerako direnak zein loturak estutzekoak. Lehen mailako hankasartze politiko, historiko eta soziologikoa da horri lepoa ematea, ofiziala denetik haratagokorik ere badagoelako, historian sakon sustraitutakoa gainera. Hori islatzen du atzoko egunak, inor baztertu barik, ahalik eta herritar gehienak batu guran. Mezprezuzko mezuak, abertzaleen eguna baino ez dela diotenak eta antzekoak, ikuspegi itxi eta miope bati dagozkie. Modu ezberdinetan eta helburu anitzekin zazpi lurraldetan zabaldutako euskal sentimendua ukatzen dute nolabait. Baina egon badago eta horren gaineko proposamen politiko guztiak dira onargarriak: egungo egiturei eustearen aldekoak, Europak eskaintzen dituen lankidetza esparruetan bestelakorik hautsi gabe elkartzea nahi dutenak, eremu ezberdinetan erritmo propioekin burujabetza mailan sakondu guran dabiltzanak zein independentzia prozesua abiatzearen alde ari direnak. Herritarren babes zabalak behar du horietako bakoitzaren bultzagarri oinarrizkoena, aldi berean pizgarri eta muga baita.
Aurtengoan, Podemos-ek Aberri Egunean parte hartzea izan da berritasun nagusia. Bere erara, hainbat ñabardura baliatuta, baina bat egin du ospakizunarekin. Berri oso ona da aurrera begira orain arteko hainbat muga gainditzen hasteko. Alba Naguaren alderdiak ikuspegi propioa du Euskal Herriaren izaeraz eta etorkizunaz, abertzaleenarekin bat ez datorrena; baina ondo ulertu du atzokoari bere kutsu propioa ematea posible, beharrezko eta positiboa dela, euskaltasunaren aldarria askotarikoa izan daitekeela, bide eta helburu ezberdinen inguruan gauzatutakoa. Alde horretatik, urrats ausarta da egin dutena, ohiko topikoetatik haratagokoa, bizikidetzaren aldekoa eta goizago ala beranduago malgutasunez eta irudimenez etorriko denari aurreiritzirik gabe eta ezertan amore eman barik heltzen diona.
Bilboko Plaza Barrian, ostera, EAJk eman zuen eguneko berri garrantzitsuena: EBBk Iñigo Urkullu proposatu du aho batez lehendakari izaten jarraitzeko hautagai modura. Hortik aurrera alderdikideei dagokie apirilaren 6tik maiatzaren 7ra bitartean hori berrestea, baina erabateko atxikimendua lortuko du, zalantzarik gabe. Hauteskunde autonomikoak urrian egingo dira seguruenik, Madrilen jazotzen direnek ere eragina izango baitute azken erabakian, eta alderdiak buru-belarri ari dira jada prestaketa lanetan. Jeltzaleek lan handia dute aurretik ahalik eta emaitza borobilena lortu eta Podemos-en mamua uxatzeko. Legebiltzarra osatzeko bozetan duen onena ematen du beti, gizarte mailako bere indarraren erakusgarri. Estatuarekiko harremanak aldatuko dituen estatus berri baten beharra nabarmendu zuten atzo Urkulluk berak eta Andoni Ortuzarrek, eta datorren legealdian asmo horri ekingo diotela erantsi. EAJren azken helburua Euskal Estatua den arren, bide orria ondo zehaztuta dauka, eta esparru bakoitzaren errealitate soziopolitikoaren araberakoa da, horiek ere herritarren borondatean oinarrituta daudelako.
Publicidad
EH Bilduk Iruñea aukeratu zuen Aberri Egunerako, beste askotan lez. Independentziaren aldekoa izan zen aldarrikapen nagusia, baina nola lortu argitu gabe. Nazio eraikuntza erdibidean dagoenean independentziaren hautua egiteak lortu nahi duenaren aurkakoa eragin lezake, lurraldeak elkarren artean urruntzea, Euskal Herria aintzat hartzen ez dutenak indartzea eta egitasmo posibilistak zapuztea. Zirt edo zarteko jokaerak arduragabeak dira, batez ere ikuspuntu abertzaletik. Horregatik ez du prozesurik argitzen ezker abertzaleak, jakin badakielako egungo momentu historikoan ez dela bideragarria.
Aberri Eguna propositiboa izan da aurten, anitza, estatus berriari begirakoa. Datorren urtekoak negoziazioan aurrera egitekoa behar luke, 1979ko ituna eguneratzeko ezinbesteko den adostasun zabalaren aldekoa eta hori ahalbidetzekoa. Jauzi berria dagokio euskal autogobernuari, eta alderdi guztiek jarri beharko dute euren alea horretarako. Erabaki handien ordua dator, eta inork ezin du bere burua hegopean sartu. Ezta atzo kritikatzeko baino agertu ez zirenek ere.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.