joseba arruti
Lunes, 21 de marzo 2016, 02:37
Espainia mailan gobernua osatzeko zereginetan gertatzen direnen arabera erabaki liteke bertoko hauteskundeen data, baina berez udazkenean behar lukete, urrian. Duela lau urteko emaitzekin Eusko Alderdi Jeltzaleak eroso gobernatu du, 27 parlamentarirekin bakarka arituta gainera. Sozialisten laguntza erabakigarria izan zaio aurrekontuak onartzerakoan, baina EAJk abileziaz ekin dio, han-hemenkako babesak lantzeko gaitasunari esker. Zentralitateaz jabetze horrek etekin politiko dezente eman dizkio Euskadiko alderdi nagusiari, 2012ko autonomikoen osteko bozetan herritarrek jokamolde hori behin eta berriz onetsi dutelako. Iñigo Urkullu lehendakariak gobernu eraginkorra osatu zuen, gainditu gabeko krisi ekonomikoari aurre egin, bakegintza arloan akulu lanetan aritu eta etorkizuneko estatus juridiko-politikoa irudikatzen hasteko modukoa. Guzti horri esker, egonkortasuna izan da nagusi azken lau urteotan, eta mahai gaineko gai eta arazo premiazkoenei heldu zaie. Legealdiaren amaieran, langabezia-tasa %12 inguruan dago; Rajoyk eta PPk batere lagundu ez duten arren urrats garrantzitsuak egin dira ETAk jarduera armatua bazter utzi osteko giroa betikotzeko; eta Gernikako Estatutuaren ordez etorri beharrekoaz badira lehen proposamenak Eusko Legebiltzarrean. Emankorra izan da lau urteotako jarduna, eta urritik aurrekoari begira zutabe nagusietako batzuk jarri dira, gainera.
Publicidad
Azken txanpa honetan, inkestek berebiziko garrantzia hartu dute. 2012tik hona egoera nabarmen aldatu da Euskadin, eta zenbait alderdi alarma gorriko egoeran daude. PSE-EEk eta PPk geldiezina ematen duen atzerakada jasan dute tarteon, udazken honetan berriz nabarmendu daitekeena. Lehenek espazio politikoa galdu dute, PSOE mailan gertatzen direnen arabera aritu izanaren eraginez. Ezkerreko bozemaile askok Zapateroren agintaldiaren azkenetan egin zieten ihes, eta geroztik ez dute lortu horiekin berriz bat egitea. PPren higadura, aldiz, Rajoyrena da, ustelkeria kasu amaitezinek areagotutakoa eta EAEn iraganeko eskemen arabera aritzeak ikaragarri larritu duena. EH Bilduk ere izan ditu garai hobeak. Gainbehera ari da azkenaldion, eta duela lau urte alternatiba modura jokatzeko moduko emaitzak lortu zituen arren, ez du asmatu ordukoa sendotzen eta indartzen. Krisi ekonomikoaren ondorioei eta etorkizuneko erronkei baino, eurek konpontzen jakin ez dituzten iraganeko arazoei egin diete jaramon egunerokoan, eta horrek ezker inguruko hainbat sektore berri eta dinamikotatik urrundu ditu. Ikusteke dago Arnaldo Otegi lehendakarigai aurkezteak joera hori alda dezakeen.
Inkesten sinesgarritasuna zalantzan jartzeko modukoa izaten da askotan, baina joerak adierazteko eta nolabaiteko batazbestekoak zehazteko balio dezateke. 2016 honetan Eusko Jaurlaritzak landutako Soziometroa eta Euskal Herriko Unibertsitateko aditu talde baten Euskobarometroa eman dira ezagutzera, eta bien batuketa lagungarri izan daiteke euskal agertoki politiko berriaz jarduteko. Bi horiek alderdi bakoitzari eskaintzen dizkietenak aintzat hartuta, EAJk 22-24 parlamentari lor litzake hurrengo hauteskunde autonomikoetan, Podemos-ek 18-21, EH Bilduk 13-15, PSE-EEk 9, PPk 8-9 eta Ciudadanos-ek, 1-3. Oso laburbilduta: gehiengo argirik ez eta aukera ugari datorren legealdirako. Deigarria da Nagua Albaren alderdiaren indarra, barne krisi guztien gainetik ematen duena. Podemos-ek EAJri agintea kendu nahi diola errepikatu du behin eta berriz, eta horretan saia liteke aukera izanez gero. Alubioizkoa izan da moreen osatze, egituratze eta indartze prozesua, eta horren ondoriozkoak izan daitezke gertatzen hasiak diren zatiketak. Orain hasi eta urrira bitartean, Estatu mailan jazotzen direnek baldintza dezakete Ahal Dugu-ren etorkizuna, sozialistekin batera gobernua osatzeko negoziazioetan gertatutakoek zein barruko giro nahasiaren nondik norakoek. Dena den, orain arte behintzat, sendo eutsi diote Euskadin, buruzagitzan izandako arazoen gainetik. Dena den, egoera nahasi eta aldrebes hori ez da gehiegi baretu, eta azken barne prozesuan nagusi izatea lortu ez duen hautagaitzaren batek oso susmo txarrak plazaratu berri ditu, irabazleen legitimitateari eragin diezaieketenak.
Hilabete erabakigarriak datoz, parlamentari multzo txiki batek egoera batera edo bestera baldintza baitezake hauteskunde autonomikoetan. Ardatz nagusia, orain arte bezala, EAJ izango da eta bere inguruan osatu beharko litzateke hurrengo Jaurlaritza. Jeltzaleek lan handia egin beharko dute egungo legebiltzarkide kopurutik ahalik eta gertuen geratzeko. Euskal bozemaileek behin eta berriz erakutsi dute hauteskunde motaren arabera egokitzen direla, eta jeltzaleen lanak balorazio positiboa du herritarren aldetik. Lau urteotan egindakoa eta Urkullu lehendakariaren irudi instituzionala funtsezkoak izango dira emaitza onak lortzeko, EAJren seriotasunezko eta eraginkortasunezko irudiaz gain. Hortik aurrera, batera eta bestera sektarismorik gabe begiratzeko gaitasuna erakutsi dute, eta negoziaziorako ahalmen hori inoiz baino garrantzitsuagoa izan daiteke datozen lau urteotan, horrenbesteko aniztasuna kudeatzeak oso fin aritzea eskatuko baitu. Orain arteko politikei jarraipena emateak berma ditzake susperraldi ekonomikoa, aurrera begirako autogobernu mailaren inguruko adostasuna eta indarkeriaren ondoriozko iraganeko hainbat auzi behingoz konponbidean jartzea. Guzti horiei begirako proposamen zehatz eta argiak eskatu behar zaizkie alderdiei, zertzelada orokorretatik haratagokoak. Izan ere, oso erraza da aldarrikapen hutsalekin saiatzea, mundua irauli nahi izatea, zehazgabe jokatzea; baina eguneroko kudeaketak beste zerbait behar du, errealitateaz zeharo jabetzea eta irtenbide egingarriak aletu eta indarrean jartzea.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.