Arnaldo Otegi.

Iraganeko mamuak

Arnaldo Otegik martxoaren lehen egunean amaitu zuen sei urte eta erdirako ezarri zioten espetxealdia eta, Logroñoko kartzelako atetik irten baino askoz arinagotik, ezker abertzalea neurririk gabe aritu da haren aldeko irudi-kanpainan

joseba arruti

Lunes, 14 de marzo 2016, 01:07

Elgoibartarrak aske behar zuen, indarkeria amaitzeko ahaleginetan ari zelako aspalditik. Ezker abertzalearen barruan horren alde aritu izan direnetakoentzat honakoa ez da bide erraza izan, hamarkada askotako inertziek eta bakearen aurreko beldurrak jota zeudelako euretako asko. Lidergo sendoko norbaitek baino ezin zuen zatiketarik gabe xede hori ... bururaino eraman, sektore guztien aldetik zeharo errespetatua zen norbaitek. Hori lortu izanaren meritua ez dagokio Otegiri bakarrik, noski, baina bere ekarpena funtsezkoetakoa izan da. Ez da samurra lehen mailako porrot politikoari aurre egitea eta norbere ingurukoak errealitatea erabat onartzeko komentzitzea. Urteetan ETAren jardueraren amaieraz ezker abertzalearen jarraitzaileei esandakoak irentsi behar izan dituzte buruzagiek. Ez da garaipenik izan, ezta negoziaziorik ere. Presoek kartzelan jarraitu dute eta egoera politikoan ez da deus aldatu. ETAren amaiera gizartearen gehiengo ia ezin zabalagoak horri lepoa ematetik etorri da, hondamendi militarretik, kontraesan politiko jasanezinetatik. Halako batean, ezker abertzalearen buruzagitza guzti horretaz jabetu zen, gordintasun osoan, eta politika eta indarkeria konbinatzen zituen estrategia historikoaren amaiera erabaki zuen. Erretorika gorabehera, hankasartze historiko ikaragarri baten onarpenetik etorri da prozesu hori, bazterrak odolez blai utzi osteko ezintasunetatik. Baina heldu da bakearen aldeko zorioneko apustua, berantiarra izan arren.

Publicidad

Otegik berak esan berri du indarkeria baliatzearen aldeko estrategiak lehenago amaitu behar zuela. Ez dago zalantzarik horretaz. Demokrazia eta autogobernua herritarren erabakiaren eskutik eraiki dira azken hamarraldiotan, eta ETAk horien aurka ekin dio zuzen-zuzenean. Ezker abertzaletik bertatik horretaz jabetzen joan direnak politikoki eta sozialki baztertu dituzte luzaroan eta, Yoyesen kasuan bezala, baita erail ere. Gaur egun, oraindik, berandu baino lehen presoetako askok egingo dituzten urratsetakoak lehenago egin dituztenei mesprezua baino ez zaie adierazten, mundu horretan bakearen aldeko aitzindariak izan diren arren. Zaila egiten zaio oraindik ezker abertzaleari iragan horri bete-betean aurre egitea, zeharo onartezina izan dena testuinguruaren arabera justifikatzen saiatzeko tentazioari men egiten baitio. Baina, hala eta guztiz ere, asko aurreratu da azken urteotan, ETAk hiltzeari utzi dio eta euskal gizartean normalizazio politikoa inoiz baino gertuago dago.

Otegi ez da beti bake gizona izan. ETAren jardueran parte hartu zuen, eta ostean luzaroan zuritu du horren ekinaldi armatua. Erailketa ankerren aurrean sasiargudioak baino ez zituen eskaintzen, gatazkaren ondorio zirela eta antzeko izugarrikeriak. Ez zuen adorerik edo uste osorik izan lehenago horiekin amaitzen saiatzeko. Eta Lizarra-Garaziren eta Zapatero presidentearekin izandako negoziazioen porrotetan ere badu ardura politikorik, bakea lehenago ekar zezaketen horiek jarrera maximalisten erruz alperrik galtze horretan. Amildegiaren ertzean zegoela baino ez du ezker abertzaleak hartu luzaroan euskal gizarteak berak eskatzen zion erabaki atzeraezina. Otegi ez da Mandela, historiaz zertxobait dakitenentzat behintzat. Buruzagi hegoafrikarra mundu mailako sistema politiko krudelenetakoaren aurka borrokatu zen. Mitifikazio saiakera ustelak baztertuta, ETAk euskal gizartearen gehiengoaren aurka ekin dio, demokrazia garaian hautetsiak erailtzeraino. Parekotasun zoroek barrura begira balioko dute, akaso, baina hori baino ez dira gainerako euskal herritarrentzat. Dena den, guzti horrek ez du esan nahi besterik gabe Otegiren azken urteotako ekarpena aintzat hartu behar ez denik.

Ezker abertzaleak arazo sakonak ditu gaur egun. Duela lauzpabost urteko olatutik ezer gutxi geratzen da, aparra besterik ez. Kudeaketa modu eskasek Gipuzkoako Aldundikoek eta lurralde horretako udalerri askotakoek, adibidez eta ezkerreko euskal gazte askoren grina berriek gainbehera jarri dute. Horregatik ari dira hain sutsu Otegiren aldeko apustuan, mirakuluak egin ditzakeen santu laikoa bailitzan. Itzal handiko gizona da, bai, eta lidergorako gaitasunik ez zaio falta. Baina ezker abertzalearen arazoa askoz sakonagoa da: ez du jakin politika soilaren aldeko trena garaiz hartzen, eta ondorioz oso zaila egiten ari zaio iraganaren irakurketa behar bezain kritikoa egitea eta horri lotutako arazoak konpontzea. Horrek, aldi berean, bere oraina eta etorkizuna baldintzatzen ditu, ezin duelako fokoa leku egokian jarri, krisiarekin lotutakoetan esaterako. Eta hor dago Podemos, neurri batean bere ezintasunetaz elikatzeko.

Baina ezker abertzaleak eragile garrantzitsua izaten jarraitzen du, baztertu ezinezkoa. Eudel-en eta Udal Legearen inguruan EAJrekin lortutako akordioak zeharo positiboak dira, beste hainbat esparrutan ere landu beharrekoak. Etorkizuneko estatus juridiko-politikoa zehazterakoan Sortuk eta ingurukoek hor egon behar dute, 1979ko adostasun maila zabaldu eta horren eraginezko dinamika berriak ahalbidetzeko. Bestelakoetan EH Bilduk badu oraindik zertan aurreratu, burujabetza prozesua bururaino eramateko egiten dituen proposamenek, adibidez, Euskal Herriko errealitate soziala aintzat hartzen ez dutelako, eta EAE, Nafarroa eta Iparraldea are gehiago elkar gerturatzeko aukerak galaraz ditzaketelako.

Publicidad

Datozen hilabeteotan, Otegiren alde ezer abertzaleak zabaldutako laudorioek ez dute etenik izango. Bake gizona, siglez gaindiko buruzagi aparta, erabaki eskubidearen aldeko bermea, independentzia prozesua abiatzeko ezinbesteko gakoa eta abar luzea izango da. Haatik, horien guztien atzetik lehia elektorala baino ez da egongo, lehendakari izateko nahia. Horretan ere ezker abertzaleak errealitateaz jabetzeko saiakera egin beharko luke, dagoeneko badagoelako lehendakari bat beti biktimekin eta bakearekin bat egin duena, autogobernuaren eta eraikuntza nazionalaren ezin aldekoagoa eta krisiari aurre egiteko politiketan zein kudeaketa zereginetan iaioa.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad