Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
joseba arruti
Lunes, 29 de febrero 2016, 01:44
Presidentetzarako hautagai sozialistak ez du inbestidura lehen saiakeran lortuko, nahiz eta politikoki esku hutsik geratu ez. Abenduaren 20ko hauteskundeek jota utzi zuten Sánchez, bere alderdiaren inoizko emaitzarik txarrenen erruz. Barruko botere faktikoak berehala oldartu zitzaizkion, aurrera begirako aukerarik izan ez zezan. Baina Rajoyren utzikeriak eta Podemos-en oilarkeriek indarberritu dute. Gobernuburuak uko egin zion boterean jarraitzeko gehiengo nahikoa osatzen saia zedin Erregeak luzatutako eskaintzari. Eta Sánchez-en esku utzi zuen ekimen politikorako aukera, negoziazioen ardatz izatekoa. Geroztik, PSOEren idazkari nagusia han-hemenka aritu da, batzuekin eta besteekin, iritzi publikoaren aurrean egunero ahalegin antzean. PPkoek nahikoa izan dute euren buruaren estrategia ulertu eta tarteon azaleratutako ustelkeria kasuei aurre egitearekin. Noraezean bezala ari dira aspalditik popularrak, beste eragile politikoen mugimenduen eta hedabideek plazaratzen dituztenen zain. Hauteskundeak irabazi zituela errepikatu du behin eta berriz Rajoyk, Koalizio Handia aldarrikatu eta euste hutsean. Baina ez du proposamen zehatzik mahai gainera eraman, ez du ausart jokatu. Hala, argi geratu da PPren egungo arazo nagusietakoa alderdiko presidentea bera dela.
Bitartean, Sánchez-ek ez du denborarik galdu. Hasiera batean hitzartzen saiatzeko Podemos kutunago zitzaiola ematen zuen arren, Pablo Iglesias-en lekuz kanpoko harropuzkeriek eta adierazpen publiko harrigarriek elkar urrundu dituzte. Alderdi morea funtsezkoa izan zitzaien sozialistei zenbait erkidego autonomotan eta hiriburutan botereaz jabetzeko, baina hasierako enpatia hori nabarmen ari da higatzen dagoeneko. Bere programaren mamia dezente epeldu du Podemos-ek azken urtean, nahiz eta oraindik baduen lanik hainbat proposamen ezagutarazteko moduetan. Aliatu izan daitekeena gutxietsi eta lotsagarri uzten saiatzea ez da biderik onena akordio egonkorrak lortzeko.
Ciudadanos-engana hurbilduta, Sánchez-ek ez du, lehenengo saiakeran behintzat, Gobernuko presidente izateko aukerarik. Eta ondo daki. PPk zein Podemos-ek ez diote abstentzioa bigarren bozketan besterik gabe oparituko. Baina bere alderdi barruko oposizioa, Susana Díaz salbatzailetzat hartzen duena, neurri batean indargabetzen edo geroko gerotan uzten du; euren egitasmoa bere eginda, hori bai. Gainera, barikuan eta zapatuan egindako barne galdeketak %51ko partehartzea eta %79ko baiezkodunak izan dituenak aldi baterako oxigeno gehigarria eman dio. Hala, aldi laburrerako idazkari nagusi izateko arriskua uxatzen du oraingoz eta, hauteskundeak errepikatuz gero, berriz sozialisten hautagai izateko ia aukera guztiak biltzen ditu. Gainera, Riveraren alderdiarekin adostutakoak PPren bakardadea areagotzen du, Cs ezinbesteko zaielako popularrei, orain zein etorkizun hurbilean. Beraz, akordio horren indargunea ez dago inbestidura saioan, politikoki dituen hainbat ondoriotan baino. Inkestak, horietaz norbait fio bada behintzat, hori islatzen hasi dira dagoeneko. PSOEk eta Cs-ek gora egiten dute zertxobait, eta horien bi muturretan geratu direnak, ostera, beheraka ari dira. Joera hori egonkortzen ote den ikusteke dago, oraingo lehia hau ez baita epe laburrekoa, gutxienez uda bitartekoa baizik.
Haatik, eguneroko arazo politikoei aurre egiterakoan, Sánchez eta Riveraren arteko akordioak gabezia nabarmenak ditu. Gobernatuko ez dutela dakitenen arteko borondatezko itxura dario. Bertan jasotzen direnetako asko ezin dira gauzatu PPren babesik gabe, Konstituzioa aldatzeari dagozkienak adibidez. Beraz, gehiago dira iritzi publikoari begirakoak proposamen egingarriak baino. Baina Kongresuan bi alderdietako buruek sinatu berri duten 66 orrialdeko dokumentu hori zehazgabea ere bada hainbat kontutan, ez edonolakoetan gainera. Eta zehatza den zenbaitetan, ez da onerako. Kataluniako auzian, adibidez, atzera egin du PSOEk baita kanpainan esandakoekiko ere. Sánchez-ek sarritan jo du Rajoyren aurka, eta elkarrizketa balia dezaten eskatu die behin eta berriz bi aldeei. Bertako prozesua ez da buruzagi baten edo bestearen kontua, gizarte batean ondo errotuta dagoen gogo baten ondoriozkoa baino. Horrelakoei ezin zaie aurre egin ateak itxita eta betiereko batasunak aldarrikatuta. Kataluniarren erdia independentzia nahi izatera zerk eraman dituen sakon aztertu beharko da lehenengo, euren ordezkari legitimoekin gaiari ausardiaz eta errealitatetik abiatuta heldu aurretik. PSC-ren estrategia ere kolokan jarri du Madrilgo akordioak, Cs-en bide orria oso-osorik gailendu baita Kataluniari dagokionez.
Euskal Herritik begiratuta kezkagarria da hori, hemen nagusi diren alderdien nahietatik ezin urrunago dagoelako Ciudadanos. Kontzertu Ekonomikoaren aurka esandakoak dira horren adibide. Lurralde egituraren deszentralizazioan sakondu eta erkidego historiko deitutakoen eskaerei erreparatu beharrean, Riverak eta bere ingurukoek botere zentrala berrindartu nahi dute, ondorio larriak eta hausturak eragin ditzakeen bideari ekinez. Ikuspegi jakobinoenak nagusitze horrek ez dio mesederik egingo Alderdi Sozialistari Euskadin, batik bat hauteskunde autonomikoak gero eta gertuago daudenean, eta barne prozesuan parte hartu duten EAEko sozialisten %90ek akordioari babesa eman dioten arren. Kontua ez da Kataluniako galdeketari buruzkoa bakarrik, hain sakonekoak diren arazoak bideratzen saiatzeko modukoen ingurukoa baizik. Estatu federalerako bidea Ciudadanos-ek baldintzatuko badu, oso argi dago ez dela urratsik egingo.
Anbizioa egin ezin direnetarako gorde dute hitzarmenaren sinatzaileek, eta zuhurrago jokatu dute bestelakoetan. PPri begirakoa ematen du beste inori luzatutako gonbitea baino. Eta, benetako gobernu programa beharrean, gehiago da estrategia pertsonal eta alderdikoien emaitza. Sinatzaileek mugarritzat jo duten arren, bere horretan hauteskunde aurreratuetara baino ez darama. Izan ere, txikia da Kongresuaren aurrean aurkeztuko den koalizioa, txikiak dira akordioa bultzatu duten arrazoiak eta txikia da muinekoak diren hainbat arazori heltzeko erakutsitako gogoa.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.