Bihar-etzi

Euskal talde politikoek urrats erabakigarrietakoa egin dute etorkizuneko autogobernu eredua zehazteko bidean. Legebiltzarrean horretarako osatutako lantalderako txostenak aurkeztu berri dituzte, eztabaidarako lehen ekarpen modura

JOSEBA ARRUTI

Lunes, 18 de enero 2016, 02:04

Bakoitzak berea agerian jartzerakoan akordioetarako aukera gutxi dagoela ematen du beti, baina negoziazioan sakondu ahala agertzen dira elkar hurbiltzeko aukerak. Bertoko alderdi politikoek Gernikako Estatutuaren osteko sasoirako proposatzen dituztenak urrun daude abiapuntuan. Badira betiko jarreretatik ia zentimetrorik aurrera egin ez dutenak, baina badago bakarren bat ... sakon landutako proposamena zehaztu duena. Azal soilari helduta, EAJk alde biko ituna lehenesten du; EH Bilduk, Estatu propioa; eta PSE-EEk eta PPk, aldiz, gaur egun dagoenaren nolabaiteko erreforma nahi dute. Hortik abiatuta, edukietan sakontzerakoan dagoen aldea ez da kasualitatea, jeltzaleek, adibidez, 68 orrialdetan zehar jorratu baitute euren egitasmoa eta ezker abertzalea biltzen duen koalizioak, ostera, 15 besterik ez baititu behar izan. Xehetasunetatik eta egungo errealitatea aintzat hartzetik borondate hutsezko gurarira dagoen jauzia adierazten du horrek.

Publicidad

Izan ere, bere historian zehar estrategia politikorako erakutsi dituen dohainek ekarri dute dagoenera Sorturen eta ingurukoen mundua, hauteskunde mailako gainbeherara eta hainbat arazo konpontzeko modurik ez izatera, eta aurrera begira ere ez ei dute errealitatean oinarritzeko behar besteko asmorik. EAE erabaki esparrutzat hartzen dute, bai, eta herritarren borondatea aipatzen dute, baita, baina Estatu propioaren sorrerak ez du posible ematen 1979az geroztiko hurrengo jauzi honetan. Eta ez kanpoko faktoreen eraginez bakarrik, barruko askok ere ez baitute oraingoz laguntzen. Beharbada hori jakin badakitelako ez dute zehazten ez ibilbide orririk ez egutegirik aldebakarrekoa beharko lukeen maila horretako asmoan.

Sozialisten eta popularren proposamenetan orain artekoari lotzeko asmo argia dago. Lehenek, Estatutuaren erreforma adostasunez eta egungo legedia errespetatuz gauzatu nahi dute, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote autogobernua eguneratzeari buruzko proiektu zehatza lantzea. Konstituzioa ildo federalera eramateko asmotan dabiltza, estatutuetako eskumenak blindatzeko eta erkidegoei bermeak eskaintzeko. Nazio hitza onartzearen aldekoak dira Euskadiri dagokionean, baina kontzeptua mugatuta. Hortik aurrera, EAEko Justizia Auzitegia azken ohiko instantzia izatea proposatzen dute, berezko eskumenei dagokienean aldebikotasuna zehaztea, Eusko Legebiltzarrari zergak biltzeko eskumenak aitortzea eta kutxa bakarra hautsi gabe Gizarte Segurantza bertoko erakundeen esku jartzea, besteak beste. Azken honen kudeaketa ekonomikoa EAEri legokioke jada Gernikako Estatutuaren arabera, baina Espainiako gobernuek uko egin diote hiru hamarkada luzetan hori betetzeari. PPkoek, bestalde, orain artekoaren goraipamena egiteaz gain, Konstituzioa zein Estatutua aldatzeko ezarritako bideak errespetatzea eta ahalik eta adostasun zabalena lortzea eskatzen dute. Dena den, beharrezkoago irizten diote Euskadiren barne araudiak aldatzeari Estatuaren aldetik eskumen berriak lortzeari baino.

EAJren dokumentua bereziki aintzat hartzekoa da, euskal alderdi nagusia delako eta oso landuta dagoelako. Autogobernuan sakontzekoetan jeltzaleek berebiziko akulu lana egin dute beti, eta horiei zor zaie hainbat eskumen paperetik errealitatera eramatea. Legebiltzarrean aurkeztu dutena ez da, berez, estatus berrirako proposamena, horri begirako akordioa lortzeko oinarriak aletzen dituena baizik. Mahai gainean jarri dutenetik, prest daude negoziatzeko eta adostasun zabalak bilatzeko, Gernikako Estatutuak bere sasoian jaso zuen babesa handitzeko. Independentzia lortzeko azken xedea inoiz baztertu gabe, jomuga horri ez diote orain errealista irizten eta, hala, egungo euskal gizartearen osaketa aintzat hartuta ahalik eta jauzi kualitatiborik handiena egitearen aldekoak dira, aldebakarreko asmoak baztertuta. Beraz, ausart jokatu gura dute politikoki, baina juridikoki bideragarria den egitasmo baten bitartez eta lau ardatz oinarritzat hartuta: printzipio demokratikoa, aitortza nazionala, aldebikotasuna eta erabaki eskubidea.

Alderdi jeltzalearen irudiko, lau horietako lehenak beharrezko egiten du euskal herritarren borondateari balio garrantzitsu eta jatorrikoa ematea. Ondorioz, Estatuak bere egin beharko luke bai negoziatzeko betebeharra, eta baita euskal herritarrek adierazitako nahiari erantzute aldera Konstituzioan eta legeetan egin beharreko doikuntzak adostekoa ere. Aniztasunaren aldeko aldarrikapena egiten dute jeltzaleek, euskal gizartea askotariko nortasunek eratzen dutela nabarmenduta. Hortik jota, gatazka politikoa ebazteko metodoa elkarrizketarena, negoziazioarena eta indar politikoen arteko akordioa zabalena dela uste dute baina, horiek ezean, gizartearen gehiengoarekiko begirunearen aldekoak direla zehaztuta.

Publicidad

Subjektu juridiko eta politikoa

Euskal Herria herri bakarra dela dio EAJk bere oinarrien berri ematerakoan, Europako herrien artean berezko nortasuna duena, baina zazpi lurraldeak egun bi estatutako hiru eremu juridiko-politikotan egituratzen direla gogora ekarrita. Dena den, euskal autogobernua eguneratzeko etorkizuneko akordioek Euskal Herriaren nortasun nazionala aitortzearen alde egiten du, eta Euskal Herria subjektu juridiko eta politikoa dela erantsi, bere etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea eta gaitasuna duena, itaundua izatekoa eta modu demokratikoan adierazitako bere borondatea aintzat hartzekoa. Hala, eremu juridiko-politiko bakoitzeko hiritarren borondate demokratikoa errespetatzeko galdegiten du EAJk.

Estatutua aldatzeko proiektuak eskumenen banaketa ekarri behar du jeltzaleen esanetan, EAEri eskumen esklusibo ugari aitortzeko, subsidiariotasun eta hurbiltasun printzipioak gehitu eta indartuta, eta hondar-klausulen printzipioa Euskadiren alde jarrita. Halaber, Estatuari esleitu ez zaizkion politika publiko eta eskumen-eremu guztietan ahalmen legegilea egikaritu beharko luke erkidegoak, eta zerbitzu publikoen gainean euskal erakundeei aitortuko litzaieke eskumenen jabego bakarra. Estatuaren eta Euskadiren arteko harreman politiko-instituzionalen sistemari egitura berria ematearen aldekoak dira EAJkoak, eta aldebiko berme sistema ezartzearen aldekoak. Nafarroarekiko eta Iparraldearekiko harremanetan herritarren eta horien erakundeen borondatea jotzen dute muga bakartzat, eta Europan zein nazioartean euskal erakundeek ordezkaritza izatea beharrezkotzat jotzen dute.

Publicidad

Azkenik, hizkuntza politika elkarbizitzarako eta gizartearen kohesiorako baliatzea eta Kontzertu Ekonomikoaren sistemaren araubideak eguneratzea gura dute EAJko kideek. Euren oinarri guzti hauen defentsari eutsiko diote jeltzaleek Eusko Legebiltzarrean eta honek zehaztu eta berretsiko ditu autogobernua eguneratzeko adosten direnak. Behin proiektua onartuta, EAJren oinarrien arabera, legez loteslea ez den kontsulta batean berretsiko lukete euskal herritarrek Gorteetara eraman aurretik, bertotik igorritakoari ahalik eta indar handiena eman asmoz.

Bihar-etzi Euskadik politikoki izan behar duena marrazten hasi da dagoeneko. Ez da gutxi, orain artekoak ikusita. ETAren osteko sasoi honetan posible izan behar da gutxieneko akordioak lortzea, joko arau partekatuak ahalbidetzea. Inork bereari uko egin gabe eta errealitate soziala eta politikoa iparrorratz hartuta. Bateraezin diruditen asko bateragarri eginda, bateko eta besteko euskal herritarren asmoak eta gurariak aintzat hartuta. 1979an lortutakoa emankorra izan da oso, eta badago horretan sakontzerik, autogobernua eta ongizatea estu lotuta, Euskal Herriari dagokion aitortza jasota eta orain arteko adostasunak eguneratuta.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad