joseba arruti
Lunes, 4 de enero 2016, 02:47
Eusko Alderdi Jeltzaleak sei diputatu eta beste horrenbeste senatari lortu zituen abenduaren 20an, bere ohiko nagusitasunaren adierazgarri. Dena den, Espainia mailako faktoreen ondorioz, honakoan Podemos aurreratu zitzaion botoetan, 15.000ko aldearekin, baina diputatu eta senatari bana gutxiago bilduta. Ezustekoa bezain koiunturala izan zen emaitza, baina ez da gutxietsi behar horrek gizarte mailan islatzen duena. Udazkenerako diren hauteskunde autonomikoetan egoera oso bestelakoa izango da ziurrenik, bertoko dinamika politiko soilen araberakoa. Hala ere, Pablo Iglesias-en taldeak indar handia hartu du Euskadin, batez ere EH Bilduren kalterako. Amaiur zeritzanak 285.290 boto eraman zituen 2011n, eta bere ordezkoak, aldiz, 183.611 oraingo honetan. Beraz, bertoko ezkerraren lidergoa dago jokoan, historia luzeko eta ibilbide zehatzeko ildoaren eta, neurri batean, sortu berri eta zehazgabearen artean. Dena den, lehenengoaren krisia ez da abenduaren 20an abiatutakoa, lehenagokoa baizik. Udal eta foru hauteskundeetan nabarmentzen hasitakoa txarrerako sendotu da orokorretan, eta koalizio abertzalea hausnarketa prozesu sakonera eraman beharko luke.
Publicidad
Arnaldo Otegi udaberrian kartzelatik irtetzeak indartu egingo du EH Bilduren apustua autonomikoei begira, baina ez du ematen arazoa hor dagoenik. Nolabaiteko deskonexioa ari da jasaten sektore gazte ezkertiar zabalekin, eta lehentasunetan egon liteke gakoa. Koalizioak iraganari begira egiten du politika sarri askotan, eta auzi nazionala hartzen du ardatz ia bakartzat. Ajetuta ari da, ilusioa sortzeko gaitasunik gabe, ETAren aroa amaitu osteko nolabaiteko errealismo politikoari aurre egin ezinik balego bezala. Independentzia lortzeko baldintzak inoizkorik onenak direla-eta esaka aritu izan dira horko buruzagietakoak, gezurretan ari direla jakinda. Hamarkada luzetako funtsik gabeko epika baino askoz gehiago nahi dute orain botoemaileetako askok, krisiaren ondorio latzei eraginkortasunez aurre egiteko neurriak esaterako. Eta behar horrek indartu du Podemos, erabaki eskubidea eta maila sozialeko aldarrikapenak uztartuta. Nazio ikuspegitik bere proposamenak ez dira behar bezain argiak, baina funtsezkoenaren alde egiten duenez nahikoa zaio jende askori. Hala, sektore oso ezberdinetatik botoak jasotzeko gaitasuna erakutsi dute Ahal Dugukoek, EH Bildutik eta Ezker Batuaren ingurutik bai, baina baita PSE-EEkoak izandakoen artetik ere. Hori da bere indargune nagusia gaur egun, baina ahulgunea ere izan liteke laster, praxi politikoaren eskutik hainbat aspektu argitze bidean gal ditzaketelako horietako asko.
Espainian sakoneko aldaketa ahalbidetzeko asmoak eraman ditu euskal hautesle asko Podemos-en aldeko boza ematera. Baina gero eta argiago dago euskal gizartean ere badagoela nolabaiteko bilakaera ezkerraren esparruan. Sasoi batean, Herri Batasunari eta horren osteko alderdiei boza ematen ziotenak ez ziren hortik mugitzen. Hori aspalditxo aldatu zen, eta areagotzen eta bizkortzen ari da. Gobernatzeko izan duten modu traketsak ez die lagundu. Gipuzkoan foru hauteskundeetan jazotakoa oso argigarria da, eta horretatik badute zer ikasi. Litekeena da Gasteizko Legebiltzarra berritzerakoan Bilduk berriz gora egitea, baina Podemos-en fenomenoak ez du bi egunekoa ematen eta horrek eragiten dion kalteari eta bere dinamikak baldintzatzeko duen gaitasunari aurre egiten asmatu beharko dute. Abenduaren 20an mezurik gabe aurkeztu zen EH Bildu, noraezean bezala, betiko leloak goiburu, eta horrek ez du, jada, aspaldi bateko erakargarritasunik.
EAJk, aldiz, ondo eutsi dio bereak ez ziren bozetako olatuari eta sendotasunez egingo dio aurre udazkeneko hitzorduari. Iñigo Urkullu lehendakariaren kudeatzeko modua zuhurra eta eraginkorra izan da oso egoera zailean, eta euskal gizarteak onarpen maila handia eman dio ordainetan. Ondare hori eskuetan, jeltzaleek badute zer eskaini hurrengo hauteskunde autonomikoetan. Ordukoan berton zehaztuko dira eztabaidarako gai nagusiak eta hemengo kezkei erantzungo die euskal herritarren botoak. Podemos eta EH Bilduren balizko batuketa arriskutsua izan dakioke Legebiltzar berrituan, baina EAJk sinesgarritasuna du bere alde, urteotan egindakoaren balantzea. Abenduaren 20ko emaitzak ez dira edonolako abiapuntua garaipena lortu eta bertoko legealdi berrian gaur egungo lidergoa berresteko. Baina horrek ez du esan nahi jeltzaleek borrokatu behar izango ez dutenik, abertzaletasun instituzional guztia euren inguruan biltzeko kementsu aritzea ezinbesteko izango baitzaie.
PSE-EErekiko jeltzaleen lankidetza alderdi horren emaitzek baldintzatuko dute, euren gainbehera geldiarazteko erakusten duten gaitasunak. PSOE barruko zatiketek areagotu egin ditzakete EAEkoen gabeziak, autonomikoetara arnasarik gabe heltzeraino. Dagoeneko sozialisten emaitzak ez dira neurtzen direnaren arabera, are txarragoak izan litezkeela aintzat hartuta baizik. Horrek adierazten du zenbaterainokoa den euren krisia eta arrisku bizian jartzen du gehiengoak osatzeko izan dezaketen aukera. Susana Díaz idazkaritza nagusian jartzeak eta PPrekiko jarrera samurtzeak atzeraezinezko hondamendira eraman ditzake sozialistak erkidego historikoetan.
Publicidad
Espainia mailan gertatzen direnek, gobernua osatzeko ahaleginek eta ostekoek, eragina izango dute urtean zehar euskal politikagintzan, baita hauteskunde autonomikoetan ere. Baina inork ez luke ahaztu behar bertokoa kudeatzea jokoan dagoenean euskal bozemaileek ondo errotutako norabide jakineko apustua egiten dutela, memoriaz betetakoa. Horrek ematen dio Euskadiri bere berezitasun politikoa, autogobernua ongizatearekin estu lotzea posible egin duena. Eta hori aintzat hartzen ez duenak edo kanpoko beharrei besterik gabe erantzuten dienak huts egingo du nabarmen.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.