Pedro Sánchez, Pablo Iglesias, Albert Rivera eta Soraya Sáenz de Santamaría.

Itxuraren aroa

Edukiek barik agerikoak du garrantzia gaur egungo politikagintzan, gizartean bezala. Eta horretan ari dira alderdiak egunotan, hedabideei begira lanean, mamiari erreparatu ordez bozemaileek azalen artean aukeratu dezaten

joseba arruti

Lunes, 14 de diciembre 2015, 02:01

Hauteskunde orokorretara begirako oraingo kanpaina ezohikoa da, erabat. Lau alderdi politiko ari dira lehia bizian, eta garaile zein izango den baino ez dago erabakita inkesta gehienek diotenez. PSOE, Ciudadanos eta Podemos ordena horretan sailkatzen dituzte atzetik, baina gorabehera dezentekoa da egungo egoera Espainian, inoiz baino aldakorragoa, eta azterketa soziologikoez arduratzen diren etxeek zuhur jokatzen dute, badaezpada. Krisiaren txarrenean Rajoyren gobernuak tinko eutsi ziola eta azkenaldiko susperraldi antzekoak aurrera begira egonkortasuna behar duela da PPren mezuaren funtsa, eta datorren igandean bozkatzera joango direnen artean nolabaiteko oihartzuna lortzen ari dela ematen du. Ehundik gora diputatu lortuko dituzte popularrek, 125 ingurura heldu arte beharbada. Egungo gehiengo osotik oso urrun geratuko dira, bai botoetan zein portzentaietan, baina azken lau urteotan jazotakoak aintzat hartuta emaitza horrek on itxura ere izan dezake azkenean.

Publicidad

Gobernuko alderdiaren siglak ezberdintasun sozialen areagotzearekin, zerga igoerarekin eta ustelkeriarekin lotzen dituzte herritarretako askok baina, hala ere, PPk ez du pentsa zitekeen besteraino hondoa jo. Ciudadanos-ekin osatutako koalizioa zein legealdirako adostutako ituna nahikoa izan dakieke agintean jarraitzeko, eta duela urtebete aukera horrek oso urrun ematen zuen. Ezkerraren mamua uxatzeko Riveraren alderdia gizendu dute hainbat hedabidek hilabeteotan, eta arrakastaz. Popularrek jasandako higaduraren jakitun, makulu antzekoa indartu beharra zegoen eta Rosa Díez-en irudi zaharkituaren ordez Bartzelonako abokatu gaztearen iribarre mediatikoaren alde egin da nabarmen iritzi publikoari begira indartsu diren askoren aldetik.

Horrela, jakina, PSOE eta Podemos-en arteko balizko batuketa eragotzi da. Pablo Iglesias-en alderdiak beheraka egin du azken hilabeteotan. Berez, sumindura ez da nahikoa proposamen politiko harkorrak plazaratzeko, gehiengo sozial zabalak norbere alde jartzeko. Aldarrikapenetatik kudeaketara dagoen jauziak lehentasunak aukeratzea dakar, gordinkerietatik zehaztasunetara igarotzea. Eta jende asko ez da fio bat batean mundua konponduko dutela diotenetaz, zuri eta beltzezko bereizketak egiten dituztenetaz. Jatorrizko nortasun ikurretako asko ñabartzen hasi beharra heldutasunaren seinale izan ohi da, eta horretan ari da Podemos. Kanpaina onak gorako joera eman dio berriz, presidente izateko hautagaiaren hitz egiteko abileziak lagunduta. Europako iazko hauteskundeetan inkestak ez ziren gai izan sasoi hartan mugimendu soziala besterik ez zenaren indarra neurtzeko, eta honakoan ere baliteke iragartzen ari diren zenbatekoak hobetzea. Hala ere, ez du ematen bere inguruan gehiengo eraginkorra osatzeko besteko boto kopurua bereganatuko duenik, nahiz eta Kongresu berrituan talde parlamentario indartsua izan.

Hedabideek antolatutako debate nagusietan Pablo Iglesias-ek ondo eutsi dio, herritar xehe askoren ahotan dauden kezkak hitzez adierazita. Sozialistak dituzte lehiakide nagusi, baina iraganaren itzala luzeegia zaie oraindik horiei, barne zatiketen eta funtsezko gai askoren aurreko argitasun faltaren eragin negatiboarekin batera. Zaila da hautesleriaren zati aurrerakoiena norbere ingurura berriz eramatea ia herenegun nazioarteko finantz erakunde askoren aurrean men egin eta di-da batean Konstituzioan defizita mugatu ostean, besteak beste. Zapateroren lehen lau urteek sekulako garaipena eman zioten PSOEri 2008an eta ostean etorritakoek, aldiz, amaigabeko krisian hondoratu dute. Idazkari nagusi berri batek estilo aldaketa adieraz dezake, baina sinesgarritasunarekin estu lotutakoa da sozialisten gabezien arteko nagusia. Eguneroko praxi politikoak baino ezin du hori hobetu, edo larritu. Ez aurpegi aldaketa soilek. Baina Sánchez-en egoera ez da samurra, Ciudadanos-ek eta Podemos-ek utzitako tarteko espazioan moldatu beharra duelako, eta bere alderdi barruan lekua kendu gura diotenen mehatxupean.

Ikuskizunak agintzen du

Atresmediak antolatutako debatean dagoeneko bakoitzaren ezaugarri bihurtu direnak nabarmendu ziren, beste behin. Rajoy egon behar den lekuetan ez dagoela eta eztabaidaren beldur dela, Sánchez iraganak eta bere egitasmo politikoaren mugek harrapatuta dagoela, Rivera irudia dela edukia baino askoz gehiago eta Iglesias-ek maisutasunez ekiten diela telebistako kontuei. Sistema parlamentario batean zalantzan jartzekoa da Kongresuan ez daudenek horrelakoetan parte hartu behar duten eta daudenak kanpoan utzi behar ote diren. Edo telebista publikoan bi hautagairen arteko aurrez aurrekoak egitea zilegi den, bi alderdi guztiz nagusiko edo bi itzuliko sistema presidentzialistetan egiten den antzera. Ikuskizunak agintzen du politikan, itxurak, azalak, eta funtsa, edukia bigarren mailan galtzen da, ia inork irakurtzen ez dituen hauteskunde programetan. Talde parlamentarioa duten guztiek izan behar lukete, gutxienez, debate nagusietan parte hartzeko aukera, uste baino anitzagoa den gizartearen isla modura. Areago, Katalunian edo Euskadin indar erlazioa guztiz ezberdina denean. Bozemaileek ez dute Gobernuko presidentea zuzenean aukeratzen, horien izenean aukeratutako diputatuek baizik. Eta hori desitxuratzea hainbat gabeziaren ondorio da.

Publicidad

Datorren domekako hautua erabakigarria da oso. Krisia behin betiko gainditzeko ahaleginaren ereduari dagokionean, Konstituzioa aldatzeari buruzkoan, kontzientzia nazional propioa duten erkidegoen eskariei erantzun egokia ematekoan eta bestelako askorekin lotutakoetan. Nazioarteko testuinguru konplexuari eta barruko desafioei aurre egiteko solaskidetzarako gaitasun aparta beharko dute hauteskundeen osteko agintariek, zirt edo zartetik urruneko ahalmen politikoa. Ezagutza, oreka, lidergoa. Mamia, azken finean.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad